Pete Seeger musikariaren omenezko diskoa egin du Lou Topetek

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 9a, 17:11
Lou Topet laukotea (Juan G. Andres).

Abesti bat gutxiago aurreko lanaren ildotik, Zarauzko laukoteak moldaketez osatutako diskoa emango du argitara. Oraingo honetan, taldeak kantari estatubatuarraren lau abesti egin ditu bere. Eutsiko diogu, Pete! kontzertua eskainiko du hilaren 26an.

Bilboko Loraldia jaialdiaren barruan, Eutsiko diogu, Pete! kontzertua eskainiko du Lou Topetek martxoaren 26an, Arriaga antzokian. Emanaldi bakarra izango da, hainbat kolaboratzaileren laguntzarekin Harkaitz Cano, Eñaut Elorrieta, Aiora Renteria, Anje Duhalde eta Izaro–, eta horretarako propio prestatutako errepertorioa landu du taldeak.

Hain justu ere, horren testigantza utzi nahian, Pete Seeger gogoan iraupen laburreko omenaldi lana grabatu du. Andoaingo Garate estudion aritu dira ontzen diskoa, Martxel Arkarazo soinu teknikariaren gidaritzapean, eta 300 ale argitaratuko ditu, aipatu emanaldian salgai jarriko dituztenak. Euskarri digitalean doan eskuratzeko aukera eskainiko dute, eta horretarako webgune bat sortu du taldeak.

Diskoan lau abesti jaso dituzte: Norekin hago?, Lur hau zurea, Su hau, Gabon Ailin eta Loreak non dira?. Lou Topetek egin ditu abestien moldaketa musikala, eta Harkaitz Canok euskaratu dizkie letrak.