«Momentu kritikoek izan zuten filmeetako emozio ukitu hori»

Aritz Mutiozabal 2017ko mar. 16a, 12:10
Iban Ameztoy, Ikerketa Zentro Bateratuko analista (Iban Ameztoyk utzitakoa)

Satelite bidez ateratako irudiak prozesatzen egiten du lan Iban Ameztoy zarauztarrak, eta aurreko astean Sentinel 2B satelitearen orbitaratze prozesuan egoteko aukera izan zuen Europako Agentzia Espazialean.

Europako Agentzia Espazialean izan berri zara Sentinel 2B satelitearen orbitaratzea jarraitzen. Nola sortu zitzaizun bertan egoteko aukera?
Martxoaren 7an, Europako Agentzia Espazialak (ESA) Sentinel 2B satelitea orbitaratu zuen Vega suziri espazial batean Guyana Frantsesatik (Hego Amerika). Agentziak berak hilabete batzuk lehenago deialdi bat egin zuen Darmstadten (Alemania) duen Operazio Espazialen Europako Zentrora (ESOC) joateko gonbidapena luzatuz. Satelite ezberdinek ateratako irudien erabiltzaile naizen aldetik, aukera ezin hobea iruditu zitzaidan ESArentzako horren esanguratsua zen egun bat bertatik bertara bizi ahal izatea. Aste batzuk itxaron ondoren, duela hilabete inguru nirekin harremanetan jarri ziren eta aukeratuetako bat nintzela esan zidaten. 25 nazionalitateetako 100 bat laguni eman ziguten bertaratzeko aukera.

Zer suposatu du zuretzat bertan egoteak?
Orbitaratze prozesua hasi aurretik, ESAko instalazioak eta departamenduak bisitatu genituen; batetik, Rosetta zein GAIA misioak edota ExoMars programa azaldu zizkiguten, eta bestetik, sateliteen kontrol zentroan, hondakin espazialen unitatean eta halakoetan egon ginen. Betidanik izan dut gai horien inguruko interesa, eta izugarria izan zen misio horiek kudeatzen diren tokian zein jendearekin egotea.

Orbitaratzea Guyana Frantsesetik egin zen arren, operazio zentroa Damstadten dago, eta bertan zeuden operazio zuzendaria, misioaren managerra eta prozesuan parte hartu zuten hainbat ingeniari zein teknikari. Horiekin batera, Europar mailan sateliteko irudiak erabiltzen dituzten hainbat zientzialari ere gerturatu ziren. Beraz, profesionalki sekulako bizipen positiboa izan zen niretzat horiekin guztiekin hitz egiteko aukera izatea.

Funtziorik edo ardurarik izan al zenuen prozesuan bertan?
ESAk gonbidapena luzatu zuenean, baldintza bakarra jarri zuen: ekitaldia eta orbitaratzea sare sozialetan zabaltzea. Beraz, ez nuen ardura zehatzik izan proiektuaren inguruan, ezta orbitaratze prozesuan ere. Nire helburua izan zen bertan zeuden ingeniariekin eta teknikariekin hitz egitea, gauzek barrutik nola funtzionatzen duten jakiteko.

Nola bizi izan zenuten orbitaratzeko momentu hori?
Harriduraz eta urduritasun puntu batekin. Izan ere, nire lehen aldia zen ESAn horrelako ekimen batean. Erantzukizunik izan ez arren, urduritasunez bizi nuen, urte askotako lana zegoelako horren guztiaren atzean, eta guztia segundo gutxitan pikutara joan zitekeelako. Halaber, ESAko lan taldeak goi mailako zientzialariz nahiz ingeniariz daude osatuak; milaka simulazio egiten dituzte edozein arazoren aurrean ahalik eta azkarren erantzuteko, eta, azken finean, arriskuak gutxitzeko. Baina beti dago zalantza puntu hori.

Filmeetan ikusten den prozesu bera izaten al du? Horren ikusgarria al da?
Ekitaldiak izan zuen formatoa nahiko ikusgarria izan zen. Telebista, kazetari, sare sozialen erabiltzaile eta abarrez gain, adibidez, zientzia eta artea uztartzen zituzten profesionalak ere baziren, zuzeneko emanaldiak eskaintzen, zientzialariekin eta ingeniariekin elkarrizketak eginez… Horrek, orbitaratzea alde batera utzita, bazuen nolabaiteko ikusgarritasuna.

Baina, horrez gain, momentu kritikoek izan zuten filmeetako emozio ukitu hori ere. Lehenengoa, goizeko 02:49an izan zen: satelitea orbitaratuko zuen Vega suziri espazialaren jaurtiketa. Hainbat aldiz entzun izan dugun hamar, bederatzi, zortzi, zazpi, sei… atzera kontaketa ere. Isiltasuna eta tentsioa gailendu ziren, 40 bat segundo geroago txaloei eta algarei tartea emateko. Arduradunek bazekiten, ordea, ez zela gaueko une kritiko bakarra izango. Gerora, beste konexio batzuk egin ziren: satelitea orbita egokian jartzeko faseak eta eguzki panelak irekitzea, esaterako. Zorionez, orain arteko fase guztiak ondo atera dira.

 


Iban Ameztoy Europako Agentzia Espazialean.


Sateliteetako irudiekin egiten  duzu lan. Zertan zehazki?
Europar Komisioak Ispran (Italia) duen Ikerketa Zentro Bateratuan (JRC) nabil analista gisa, zehazki Ur eta Itsas Baliabideen Unitatean. Besteak beste, satelite bidez ateratako irudiak prozesatzen eta horiei balio erantsia eman diezaioketen prozesuetan nabil murgildua, batez ere garapen bidean dauden herrialdeetan ditugun proiektuetan: Hego Ameriketan eta Afrikako hainbat herrialdetan ari gara lanean, elikadura subirautza, garapen iraunkorra, ur kontsumoa eta beste hainbat kontzeptu bereganatzen eta garatzen dituzten proiektuetan.

Proiektu hauen helburuetako bat da tokian tokiko datu biofisikoen zein sozio-ekonomikoen kudeaketa egitea, datu hauek modelo ezberdinetan erabiltzea eta aurreikusitako galdera zehatz batzuei erantzuna ematea. Datu horiek hainbat iturritatik jasotzen ditugu, eta horietako bat da sateliteek ateratzen dituzten irudiak. Zentzu horretan, teledetekzioa irudi horiek lantzen dituen diziplina da, eta horretan aritu naiz azken urteotan. Bestalde, datuen kudeaketaren inguruan, Geografia Informazio Sistematan ere banabil. Gaur egun ia datu guztiek dute kokapenaren informazioa, eta, beraz, horrelako sistematan integratu ditzakegu eta horien inguruan analisiak egin. Azken finean, zer, non, nola eta zenbat bezalako galderei erantzuna emateko.

Sateliteko irudiek zer aztertzeko balio dute?
Kontuan izan behar dugu sateliteek gure planetaren ikuspegi global eta sinoptiko bat ahalbidetzen dutela. Horiek ezean, oso zaila izango litzateke aztertzea, adibidez, azken 40 urteetan ingurugiro esparru ezberdinetan eman diren zenbait aldaketa, dinamika edota inpaktu. Horiek deskribatzea eta kuantifikatzea eta geure planetaren ezagutza zabalagoa ahalbidetzea da teknologia honek eskaintzen duen aukeretako bat.

Gainera, sateliteek begiekin ikusteko gai garena baina gehiago dakusate. Gizakiak espektro ikusgaian ikusten duen bitartean, sateliteek espektro horretatik haratago doazen uhin luzerak detektatu ditzakete; esaterako, infragorri hurbilean. Uhin luzeraren arabera, erantzun ezberdina dute lur azaleko ma­te­rialek –landaretzak, ur masak, material artifizialak eta abarrek–, eta ezaugarri horiek erabiltzen ditugu analisi ezberdinak egiteko.

Hainbat dira globalki zein maila lokalean ezarri eta aztertu daitezkeen alorrak. Adibidez, klima aldaketarekin lotuak egon daitezkeen landaretza dinamikak, nekazaritza ikuspegitik uzta sasoiaren aldaketen analisia, ur kontinentalek jasan dituzten gorabeheren deskribapena, eta uholde zein suteen detekzioa. Egia da azken bost urteotan teledetekzio industriak gorakada izugarria izan duela, gero eta satelite gehiago daudela, nano-sateliteak barne, eta gainera droiak ere kontuan izan behar ditugula. Merkatua zabaltzen ari da, eta gero eta aplikazio zein azterketa mota gehiago ahalbidetu ditu.

Zer mekanismo jarraitzen dituzue jasotako irudiekin?
Normalean hiru prozesu nagusijarraitzen ditugu. Aurre-prozesatzean irudiak hartu eta zenbait zuzenketa aplikatzen ditugu; errore geometrikoak nahiz ondorio atmosferikoak zuzendu, esaterako. Bigarren pausoa beharren araberakoa izaten da: ditugun galderei erantzun egoki bat emateko, algoritmo bat edo beste aplikatzen dugu balio gehigarria duten produktuak eratortzeko. Azkenik, lortutako emaitzen deskribapena eta analisia egiten dugu, eta behar izanez gero, emaitza hauek beste modelo batzuetan erabiltzen ditugu, beste galdera batzuk erantzuteko.

Kasu honetan, Sentinel 2B satelitearen helburua zein da?
Sentinel 2B satelitea 2Aren bikia da. Europako Batasunak jarri zituen martxan Copernicus programaren barruan, koordinatzailea Europar Komisioa izanik. Bere helburu nagusia da Europar mailan informazio zerbitzuak garatzea, bai sateliteetatik datozen irudiekin bai tokian bertan hartzen diren datuekin. Hori guztia kudeatzen du programak,  eta datuak libreki nahiz modu irekian daude eskuragai. Dagoeneko bost dira orbitaratu diren Sentinel sateliteak, lehena 2014­ko apirilean:  Sentinel 1 eta Sentinel 2 (A eta B) eta Sentinel 3 bat. Oraindik ere gehiago geratzen dira orbitaratzeko, Sentinel 4, 5 eta 6ak barne. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta aplikazio, helburu eta neurketa ezberdinetara daude zuzenduak: itsas topografia, lur azalaren eta itsasoaren tenperatura neurtzea, ingurugiro, klima zein atmosferaren monitorizazioa, besteak beste.

Orbitaratu duten azken satelite honekin, Sentinel 2ei dagokionez, bost eguneko denbora-erresoluzioa izango dugu ekuatorean. Lurreko edozein puntuko irudi bat izango dugu gutxienez bost egunean behin, eta latitude ertainetan 2-3 egunez behin. Datu libreei dagokionez, aurrerapauso galanta suposatzen du honek, orain artean satelite mota hauekin behintzat ez genuelako horrelako aukerarik. Zenbait fenomenoren aurrean erantzun azkarragoa emateko aukera ahalbidetuko du. Erresoluzio espazialean ere ez da atzean geratzen; 10, 20 eta 60 metrokoa izango du, hau da, pixel bakoitzak dimentsio horiek izango ditu. Besteak beste, ezaugarri hauek guztiek orain arte posible ez ziren ikerketak ahalbidetuko dituzte, geure lurraren funtzionamendua hobeto eta zehatzago ulertzeko.

Sentineleko datuak jasotzen hasi al zarete?
Egia esan oraindik ez ditugu Sentinel irudi gehiegi. Lehen satelitea 2014an jaurti zen, Sentinel 1A, eta radar teknologia izateaz gain, teknikoki zertxobait konplikatuagoa da horiekin lan egitea. Ni satelite multiespektralak deritzotenekin nago espezializatua, hau da, Sentinel 2 bezalakoek dituzten ezaugarriekin. Kontua da Sentinel 2A 2015ean orbitaratu zela, eta oraindik 2 urteko sail bat bera ere ez dugula. Helburuen eta galderen arabera, horrelako sail bat nahikoa izaten da batzuetan, baina bestetan sail historiko luzeagoak behar dira. Halakoetan NASAren Landsat programapean ateratako irudiak erabiltzen ditugu; lehen Landsat satelitea 1972an orbitaratu zen. Egia da beste estatu batzuetako agentziek ere orbitaratu dituztela sateliteak, baina guk normalean azken bi programa horiek ateratakoak erabiltzen ditugu; batez ere datu libreak eta irekiak direlako eta zientzialari komunitate sendoa dutelako atzean. 

Orbitaratze prozesuan izan zirenak Europako Agentzia Espazialean (ESA).


Zeintzuk dira hemendik aurrera dituzun proiektuak?

Profesionalki, orain nabilen taldean bi proiektu ari gara bukatzen; bata, Kuba mendebaldeko probintzia batean azken lau urtean burututakoa, eta bestea, Niger, Burkina Faso eta Beninen artean kokatua dagoen arro-hidrologiko batekoa. Hurrengo urteko helburu nagusia hauek ondo ixtea da. Erakunde asko bateratzen ditugu horrelako proiektuetan, eta beraz euren arteko komunikazioa bermatzea, transferentzia teknologiko egokia ziurtatzea eta etorkizunari begira estrategiak lantzea izango dira datozen hilabeteetan landu beharko ditugun puntuak.

Bestalde, etorkizunak erronka ezberdinak dakartza; alde batetik, datu masiboen kudeaketa eta prozesatzeen ingurukoak. Horiek ahalbidetuko dituzten teknologiak dagoeneko martxan dira, baina asko dago oraindik egiteko. Dena oso azkar doan arren, honen inguruan garatzen diren teknika eta metodologia ezberdinetan eguneratuta egoten saiatuko naiz. Bestetik, hurrengo hamarkadetan erronka globalagoak ere izango ditugu aurrez aurre, eta hauek hobeto ulertzeko eta ebidentzian oinarrituriko erantzunak emateko, nire ekarpena ematen jarraitu nahiko nuke. Hori burutu aldera jarraituko dut lanean.

Pertsonalean, Zarautz aldetik emazte, familia eta lagunekin bueltatxoa ematearekin nahikoa izan ohi dut aldi baterako energiaz betetzeko. Ia momentu horiek azkar datozen!

Bukatzeko, Europako Agentzia Espazialean egoteko kontu horrekin, inbidia dezente sorraraziko zenion ingurukoei, ezta? Ze komentatu dizute familikoek eta lagunek?
Egia da espazioarekin zerikusia duen edozerk harridura sorrarazten duela, nigan lehenik eta behin. Horrelako aukerak ez dira askotan izaten, eta familiak zein lagunek ondo pasatzeko esan zidaten, begi-belarri egoteko, galderak egin eta argazki asko ateratzeko.

Oro har, oso esperientzia positiboa izan da. Orain zertxobait gehiago dakit ESAk dituen proiektuen inguruan, profezionalki ere egin ditut kontaktuak eta beste esparrutan aditua den jende asko ezagutu dut ere. Inork ez daki etorkizunak nora eramango gaituen. Beraz, horrelakoak beti ikusi behar dira aukera paregabe moduan.