Mendillorriko jauregia.

"Duela urte gutxira arte, jo dezagun mende erdia, bakoitzak ondo bereizten zituen bere herria eta mundu zabala; herria, gehixeago edo gutxixeago, txikia eta norberarena zen (askotan askotxo, bai txikiegia zelako eta bai gureegia), eta mundu zabala horixe zen, zabala eta urrutikoa. Gaur egun ematen du distantziak laburtu egin direla, eta mundua estutu.

Aho zabalarekin hitz egiteko beldur ez banintz, herrixka globala aipatuko nuke, baina ez dut egingo, eta bakar-bakarrik mundu zabal estutuagoaren irudia ekarriko dut gogora kontakizunari kolore pittin bat emateko.

Eta kontua da, duela hainbat aste Mendillorrira joan behar izan nuela, Euskal Idazleen Elkartetik bideratuta euskal idazleok eskoletara (orain baita Nafarroako eskoletara ere) egiten ditugun ekitaldi horietako batera. Gure Joxan Ormazabal gizajoak “misiotara joan” deitu ohi zien ekitaldi horiei, garai bateko misiolarien antzera euskara predikatzera joaten ote ginen baitzuen gogoan.

Dena dela, lehendabizi jakin egin behar zen non arraio zegoen delako Mendillorri hori; Internetera jo nuen, jakina, eta horrela ikasi Erresuma zaharreko hiriburua inguratzen duen saihesbidetik sarrera nahikoa erraza duen Iruñeko auzoa dela Mendillorri delako hori. Goizean beste eginkizun batzuk banituenez egiteko, haiek amaitu eta automobilez abiatu nintzen hara, eta bazkaltzeko garai nahiko egokian iritsi.

Auzo berria da, berria oso, dotorea eta txukuna, gaur egungo hiri ereduaren irizpideekin eraikia. Ikasia nuen, baita ere (horretarako balio du Wikipediak), azken hogeita bost, hogeita hamar urtetan sortua dela, lehen ur-deposituak eta garagar-soroak besterik ez ziren Eguesibarreko bazter batean.

1990 inguruan etxe zahar handi bat besterik ez zen desleku hartan 2008. urterako 11.500 biztanleko herri koxkorra hazi zen. Hasierako etxe zahar hura mantendu egin dute: Mendillorriko jauregia da, XVI. mendeko jauretxea, XX. mendearen erdialdean maila galdu eta ukuilu edo arditegi erabiltzen zena.

Auzora iritsi eta galdera: Non bazkaldu?

Nekazari izena zuen taberna/jatetxe batera joan nintzen, izenaren doinuak erakarrita, seguru asko. Berehala konturatu nintzen mundu zabalak egindako iruzur-leku batean sartua nintzela: tabernakoak asiatikoak ziren, nabarmen.

Neure buruari esan nion: “Tira, ez dio axola. Nafarroako barazkien ordez, Asiako saltsak bazkaltzeko”. Baina ez, tabernan eguneko menua besterik ez zegoen, eta menuan Asiako arrasto gutxi: entsalada, espagetiak, gisatua, txerri-txuleta… beste edonon bezalatsu.

Entsaladen artean batek txinatar adjektiboa zuen, eta huraxe eskatu nuen. Edozein lekutan ohikoa den Iceberg letxuga zen entsaladaren oinarria. Egia esatearen alde, bazituen alga gardenezko izpitxo batzuk eta ozpinak azukrea zuen. Horixe bakarrik ukitu txinatarra. Esan nahi dut egunekoa ematen duten beste edozein lekutan bezalatsu izan zela jakia.

Hutsetik sortutako herri hartan han zegoen mundu zabalaren itzala, eragin nabarmen askorik gabe, itxuraz, ez bazen aipatzeko bat: nik ezin nuela txineraz hitz egin haiekin, eta haiek ezta ere euskaraz nirekin. Gaztelaniaz aritu ginen, seguru asko baldartxo nire aldetik eta are baldarrago haienetik.

Kezka apur batekin sartu nintzen eskolara, euskararen misiolari nintzen aldetik ez bainekien zer aurkituko nuen Nekazari izena zeraman taberna batean txinatarrak aurkitu nituen herri bateko ikasleriaren artean.

Alferrikako kezka izan zen. Benetako D ereduko ikasleak ziren, euskara ondo ulertu eta mintzatzen zutenak. Amaitutakoan, pentsatu nuen mundu zabalak ez duela oraindik gure herri txikia irentsi, eta gustura itzuli nintzen etxera".