Katealegaiaren egoitza berria eraikitzen hasi dira Abendañon

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 17a, 19:02
Xabier Txurruka alkatea eta Katealegaiako zuzendari Pablo Nuñez, Abendañon (Aritz Mutiozabal).

Obrak urte amaierarako bukatu eta 2018an bertan lanean hastea aurreikusten dute. Elbarritasunen bat duten 50 langile dituzte gaur egun Zarauzko tailerrean, eta pabilioi berriarekin 70 langile izatera iritsi nahiko lukete hiru urtetan.

KL Katealegaia irabazi asmorik gabeko erakundeak egoitza berria izango du Abendaño industrialdean. Joan den martxoaren 6an eman zion Tokiko Gobernu Batzarrak pabiloi industrial berri bat eraikitzeko obra lizentzia, eta aste honetan hasi dira eraikitze lanak egiten. Katealegaiaren egitekoa da gizarte-esklusio egoeran dauden Gipuzkoako pertsona elbarrientzako lanpostuak sortzea eta mantentzea. Guztira, 12 ekoizpen planta ditu, eta elbarritasunen bat duten 850 pertsonei ematen die lana.

Plantetako bat Zarautzen dute, Hegoalde eremuan, Araba kalean. 35 urteko antzinatasuna duen 1.300 metro koadroko instalazioa da, eta baldintza industrial mugatuak dituztela adierazi du Katealegaiak erakundeko zuzendari Pablo Nuñezek; batik bat, deskargei eta kamioien mugimenduei dagokienean. Eraikitzen ari diren egoitza berriak, berriz, 2.800 metro koadro izango ditu, eta aparteko sarrerak dituen bi solairuko pabiloia izango da. Obrak urte honen amaieran bukatzea espero dute, datorren urtean bertan lanean hasteko.

Hiru urtetan 70 langile

Une honetan Zarauzko tailerrean 50 lagun ari dira lanean, eta pabilioi berriarekin erakundearen erronka da hemendik hiru urtera 70 lagunetara iristea."Gaur egun lan hori egiten duten pertsona horien baldintzak hobetzea dugu helburu inbertsio honekin. Era berean, ezinbesteko jauzi kualitatibo bat ematea ahalbidetuko digu, jarduera industrialari dagokionez", nabamendu du Nuñezek.

Tanpografia eta serigrafia, zirkuitu elektronikoen ekoizpena nahiz muntaia eta hainbat muntaia elektromekaniko dira Zarauzten lantzen dituzten ekintzak, eta horiek "berrindartu" nahi dituzte eraikitzekoak diren egoitzan. Gisa horretan, "egun ditugun proiektuak kontsolidatzeko balioko digu, CIE Orbelan, ZiV, Idk eta Indaux bezalako bezeroekin, eta, batez ere, epe laburrera ahalbidetuko digu proiektu industrial berrietan murgiltzea, egungo instalazioetan aurrera eramatea posible ez dena".

Abendañoko obrak 1.800.000 euro inguruko inbertsio garrantzitsua ekarriko dio Katealegaiari, baina "ziur gaude merezi duela gure zeregina aurrera eraman ahal izateko", adierazi du Nuñezek. Zarauzko Udalak ez du dirurik jarriko, baizik eta hobarien bitartez lagunduko du lanbide horiek sustatzen; otsaileko osoko bilkuran eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan hobaria onartu zuten aho batez, hain zuzen ere.

Babesa proiektuari

Katealegaia erakundearen proiektuari babesa eskainiz, elbarritasunen bat duten herritarrak lanera munduratzeko eta gizarteratzeko laguntza eskaintzeko "konpromiso irmoa" erakutsi du udalak. "Duela urtebete beraien garapen plana aurkezteko guregana jo zutenean, ez genuen zalantzarik izan. Katealegaiak ordezkatzen dituen helburuekin eta balioekin bat egiten duelako erabat Zarauzko Udalak", adierazi du Xabier Txurruka alkateak. 

Gainera, Zarauzko garapen ekonomikoa eta gizarteratzea sustatzeko "albiste oso ona" dela gaineratu du alkateak, "erakundeak kolektibo honentzat lan gehiago sortzeko aukera izango" duelako. Proiektu berri honen hastapenean "bidelagun" izan da udala, lurrak aukeratzeko garaian eta proiektuaren hirigintza tramiteak bideratzeko orduan. "Alde den neurrian, Udalbatza osoaren aldetik bultzada eman nahi izan diogu, horrelako proiektu inklusibo eta integratzaile batek babes osoa behar duelako”, nabarmendu du Txurrukak.