Abesti bat gehiago, epilogo modura

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 22a, 08:00
Lou Topet taldeko kideak –Oier Aranzabal gitarrarekin–, Anje Duhalde lagun dutela, Modelon (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Eutsiko diogu, Pete! kontzertua eskainiko du Zarauzko Lou Topet taldeak igandean, Bilboko Arriaga antzokian, Pete Seeger musikariren omenez. Testigantza gisa, disko bat ere grabatu dute.

Bilboko Loraldia jaialdiaren barruan, Pete Seeger musikari estatubatuarraren omenezko Eutsiko diogu, Pete! kontzertua eskainiko du Lou Topetek igande honetan, Arriaga antzokian. Emanaldi berezia izango da: taldeak Seegerren abestiekin osatutako errepertorioa landu du euskaraz, eta hainbat lagun –Eñaut Elorrieta, Aiora Renteria, Joseba Irazoki, Anje Duhalde, King Konsul eta Izaro– gonbidatuko dituzte egoerarako.

Abesti bat gutxiago disko-liburua eman zuen argitara Lou Topetek 2015eko azaroan, hainbat musikaren abestiak euskaraz moldatuta; eta horien artean, Seegerren Loreak non dira? jaso zuen. Loraldiko antolatzaileei proposamena gustatu zitzaien, eta musikari estatubatuarraren omenezko kontzertu bat egitea proposatu zieten.

«Nik baneukan bertsioetatik urruntzeko gogoa. Esperientzia polita izan den arren, ez nuen proiektua horretara lotu nahi», dio Lou Topet taldeko abeslari Oier Aranzabalek. Baina, era berean, «goxoki bat» zela onartu du. Bere garaian, Johnny Cashen omenezko emanaldia eskaini zuen Garabi taldearekin Zarauzko Kafe Toreron, eta «oso gustura geratu ginen emaitzarekin». Ondoren, ildo beretik, Pete Seegerren omenezkoa egiteko ideia izan zuten, baina bertan behera utzi zuten denbora faltagatik. «Beraz, airean geratu zen».

Loraldikoen eskaintza jaso zutenean, taldeari egokia iruditu zitzaion Abesti bat gutxiago lanari bukaera eman. «Ekitaldi honek balioko digu bertsioen proiektua  festa polit batekin biribiltzeko, eta hurrengo lanari hutsetik ekiteko, lasai eta inolako presiorik gabe». Bilbokoa emanaldi bakarra izango dela iragarri dute han eta hemen, baina Aranzabalek aurreratu duenez, Zarautzen ere eskainiko dute maiatzean, Modelo aretoan. «Zarauzko Udalak Loraldirako entseguak egiteko utzi digu Modelo, eta trukean, Zarautzen ere joko dugu. Gisa horretan, gainera, etxean itxiko  dugu zikloa»


Testigantza entzungai

Azken emanaldi horiek epilogo gisara datoz, eta horren testigantza utzi nahian, Pete Seeger gogoan iraupen laburreko omenaldi lana grabatu dute. «Kontzertu bat igarokorra da, eta jendearen memorian geratzen da. Baina nahi genuen gerorako zerbait utzi euskarri fisikoan», adierazi du abeslariak. Disko xumea dela dio, Andoaingo Garate estudioan bi egunetan ondutakoa, Martxel Ar­ka­razo soinu teknikariaren gidaritzapean. Diskoan bost abesti bildu dituzte: Norekin hago?, Lur hau zurea, Su hau, Gabon Ailin eta  Loreak non dira?. Lehenengo lauak orain grabatutakoak dira, eta azkena, berriz, Abesti bat gutxiago disko-liburutik hartua. Taldeak egin ditu abestien moldaketa musikalak, eta Harkaitz Canok euskaratu dizkie letrak.

Guztira, 300 ale argitaratuko dituzte, aipatu emanaldietan salgai jarriko dituztenak. Euskarri digitalean, ordea, doan eskuratzeko aukera eskaintzen ari dira, eta horretarako seeger.loutopet.com webgune bat sortu du taldeak.


Zuzeneko abestiak

Hamalau abestitako errepertorioa landu dute, eta diskoa horren lagin bat baino ez da. «Seegerrek oso zuzeneko abestiak egin zituen, jendearen parte hartzea bilatzen zutenak. Diskoan jaso ditugunak, aldiz, konbentzialenak dira. Ez dira sinpleenak, ezta agian ezagunenak ere, baina bai, hasi eta bukatu, biribilen genituenak. Dena den, errepertorioan denetarik sartu dugu, eta, egia esan, asko dira jendearekin partekatzekoak. Beraz, gure helburua izango da lehenengo abestitik publikoa gurekin abesten jartzea», dio abeslariak.

Seeger «tipo kuriosoa» zela gaineratu du. «Estatubatuarra izanagatik ere, oso ezkertiarra zen, alderdi komunistakoa, eta inolako konplexurik gabe adierazten zuen». Bere pentsakera abestietan islatu zuen, gainera. Musikari bezala, Manolo Urbietarekin alderatzen du Aranzabalek, «pasta berekoak» zirela esanez. «Kantugintza ulertzen zuen jendearekin partekatzeko edo jendea abesten jartzeko zerbait bezala, terapia eta pedagogia moduan».