«Irudiekin oso erraz igorri daitezke mezu batzuk»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko mar. 23a, 09:00
Peña, kamerari batekin, 'Aulki hutsak' dokumentalaren grabazioan (Aulki hutsak).

Iñaki Peña Bandres medikuaren arabera, zinema lagungarri da dolu une batean  .Horrek bultzatuta, gidoilari eta zuzendari paperean jarri zen, Aulki hutsak dokumentala sortzeko

«Hitzaldi batean agian ez zara helduko behar duzunera. Horregatik, arteak, literaturak, zinemak... asko lagun dezake». Iñaki Peña Bandres medikuak goraipatu du zinemak heriotza jorratzeko duen gaitasuna. «Irudi batekin zenbat hitz aurreztu daitezkeen, eta zein erraz heltzen diren mezuak». Horren jakitun eta aitari omenaldi bat egiteko, une jakin batean zuzendari nahiz gidoilari bihurtu eta Aulki hutsak dokumentala sortu zuen Zarauzko bizilagunak.

«Etxean bizitzea tokatu zitzaigun, gertu-gertutik. Bonbila piztu zitzaidan amari ere minbizia diagnostikatu ziotenean. Izan zen momentu katartiko horietako bat...». Aitortu du, nahiz eta osasungintzako profesionala izan, egoera hori norbere azalean bizitzea tokatzen denean «bestelakoa» dela. «2013a zen, krisian murgilduta geunden, baina jendea azaltzeko prest agertu zen, eta izan zen bihotza, erabat eta bete-betean».

Bere kasuan bezala, heriotza jorratzen duten filmeen atzean «beti halako egoera batetik pasatu den norbait» dagoela dio. «Esaterako, Isabel Coixetek, Mi vida sin mi maisu lanaz aparte, Ayer no termina nunca filma ere egin zuen. Bikote batek bizi duen dolu istorioa jasotzen du. Haurra hiltzen zaie, eta banandu egiten dira, baina batu egiten dira horretaz hitz egiteko». Peñak jakinarazi du filma amaitu ondoren, Coixetek lan horren atzean zer zegoen kontatu zuela: lagun duen bikote bati gertatutako istorioa.


Haurrak erdian jarri

Peñarentzat «adierazgarria» da heriotza baten aurrean helduek haurrekiko izan dezaketen jarrera. «Umeak ezin ditugu baztertu, gerora, urteekin galdetuko dutelako aitona noiz hil zen eta nola. Ikusi behar dute aitona lasai joaten, eta agur esateko aukera izan behar dute».

Haren esanetan, hainbat filmek «ongi» islatzen dute hori. Estreinatu berri duten Jackie filmak, esaterako. «John Fitzgerald Kennedy hil berritan, lehenbiziko dama pasatzen da emakume alargun bat izatera. Atera behar du Etxe Zuritik, bi haurrekin, beste presidente eta lehenbiziko dama bat datozelako. Jackiek dolu hori guztia kudeatu behar du, gainera, halako heriotza baten ondoren. Eta hori egiten du haurrekin ere, erdi-erdian jarrita. Berak argi baitzuen haurrek hor egin behar zutela, eta ez ezkutatuta, babestuta, aldenduta». Adierazi duenez, hori da, hain zuzen ere, psikologoek eta profesionalek gaur egun «argi eta garbi» esaten dutena.

Monsieur Lazhar filma da beste adibideetako bat, Zarauzko bizilagunak nabarmendu duenez. «Lan horrekin ikus daiteke eskola batean nola lantzen duten dolua haurrekin, irakasle batek bere buruaz beste egiten duenean. Nola kudeatzen duzu hori gure sistema super moderno ikaragarri honekin?». Peñaren arabera, filmean irakasle guztiak «blokeatu» egiten dira, ez dakitelako kasua kudeatzen. «Monsieur Lazhar iritsiko da Aljeriatik, hil berri den irakaslea ordezkatzera. Berak abiatzen du dolu prozesua haurrekin bere modura: hirugarren munduko modura». Kontatu duenez, protagonistak ere badu zama bat gainean: «Bere emaztea eta semea islamistek akabatzen dituzte, eta ihes egiten du bere herrialdetik. Beraz, ondo daki zertaz ari den, eta esperientzia horretatik ontzen abiatuta ditu umeak».  


«Barre eginez»

«Izan ere, gogoratzen jakitea da garrantzitsuena, baina mina sentitu gabe». Peñaren ustez, hori da azken mezua, «behin dolua pasatuta, beti gogoratzea»: «Aulki huts hori ez du inork sekula beteko. Agian azalduko dira aulki batzuk gehiago, baina hutsa dagoena beti mantenduko da hutsa. Hori kudeatzea da kontua, oroitzea baina bizitzea larritasunik gabe. Barre eginez».