Hondakinen kudeaketarako kale hezitzaileak hartzeko lan eskaintza egin du UKUEk

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 28a, 11:33

Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia udalerrietan hondakinak biltzeko zerbitzu bateratua jarriko dute martxan 2018ko urtarrilaren 1ean. Horretarako, Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) hondakinen kudeaketarako hezitzaileak kontratatzeko prozesua hasi du.

Hondakinen kudeaketarako lau kale hezitzaile kontratatzeko lan eskaintza egin du Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE). Hautaketa prozesuko lanpostu bat kale hezitzaileen arduradunarena izango da, eta beste hirurak kale hezitzaileenak. Horiek guztiak Udal Elkarteko Ingurumen sailean kokatuko dira, eta sail horretako arduradunen eta teknikarien aginduetara eta esanetara egingo dute lan.

Eskabideak aurkezteko epea apirilaren 12an bukatuko da, eta eskabideak Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan aurkeztu behar dira (Urdaneta bidea 6, Zarautz), astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara.

Hautaketa prozesuan parte hartzeko honako baldintzak bete behar dira:

- Kale hezitzaileen arduraduna (lanpostu bat): unibertsitate gradua, 3. hizkuntza eskakizuna (edo baliokidea) eta B1 gida-baimena.

- Kale hezitzaileak (hiru lanpostu): batxilergoa edo teknikoa (Lanbide Heziketako Goi Mailako teknikaria edo espezialista), 3. hizkuntza eskakizuna (edo baliokidea) eta B1 gida-baimena.

Kale hezitzaileen arduraduna eta kale hezitzaile bat laneratuko dira 2017ko ekainean eta beste bi kale hezitzaileak, berriz, 2017ko irailean. Lanpostuek egun osoko lanaldia izango dute eta 2018ko abenduaren 31 arteko iraupena.