«Nire neurriko papera da izeko Engraxirena; oso gustura nago»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko mar. 30a, 09:00
Itziar Aizpuru aktorea (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Dolores Redondoren trilogian oinarritutako lehen filmean hartu du parte Itziar Aizpuru aktoreak: ‘El guardian invisible’-n. «Erantzun ona» izan duela dio, eta uste du «aurki» hasiko direla grabatzen hurrengoak.

Edonon ikus daiteke Itziar Aizpuru (Getaria, 1939), ez soilik Zarauzko denda eta eraikin publikoetako paretetan nahiz herriko autobusetan itsatsita dauden karteletan. «Paper txikia baina garrantzitsua» du El Guardian Invisible filmean: izeko Engraxirena. Pasa den otsailaren 22an aurre estreinatu zuten Dolores Redondoren best-seller-ean oinarritutako lehenbiziko filma, eta ondorengo astean zinema aretoetan hasi ziren ematen.

Zarauzko bizilagunak aitortu du ez zuela ezagutzen Baztango trilogia, lehenbiziko filma grabatzeari ekin ziotenean hasi zela liburuak irakurtzen. «Lehenbizikoa eta bigarrengoa ditut irakurrita; hirugarrengoa falta zait». Orain, lehenbiziko zatia kaleratu ondoren, «gustura» dago Aizpuru. «Erantzun ona ari da izaten».  


Arrakasta handia izan du Dolores Redondoren eleberri trilogiak. Zer sentitu zenuen lehenbiziko filmean parte hartzeko deitu zizutenean?
Madriletik deitu zidaten, esanez pertsonaia bat bazutela niretzako egokia eta casting-a egin nahi zidatela. Bidali zidaten ikasi behar nuena, dezenteko gidoi zatia. Normalean, casting-etarako zatitxo txiki bat ematen dizute. Dena dela, ikasi nuen eta, egia esan, asko gustatu zitzaidan gidoia, baita pertsonaia bera ere. Donostian egin nuen proba, eta handik pixka batera deitu zidaten izeko Engraxiren papera egiteko hartu nindutela esateko. Eta ni oso gustura sentitu naiz aukera horregatik.

Egia al da zure neurriko pertsonaia dela? Nola moldatu zara izeko Engraxiren paperean?
Egia esan, zoragarria da, pertsonaia oso polita da, baikorra, guztiz maitagarria egiten dena. Filma bera oso iluna da, oso beltza, eta izeko Engraxi da argia ematen diona. Niretzat egindako papera da, bai. Zorte handia izan dudala uste dut.

Filma apur bat argitzeaz gain, beste ukitu bat ere ematen dio izeko Engraxik El Guardian Invisible-ri. Izan ere, sorgin modukoa ere bada.
Bai, pertsonaia oso berezia da izeko Engraxi. Badu lotura hori mitologiarekin. Bera da Basajaun defendatzen duena. Ez dakit hala den ala ez, baina nire ustez, Engraxik Basajaun ikusi egin du; harentzat errealitate bat da.

Neska gazte horiek hilda agertzen direnean, guztiek pentsatzen dute Basajaunek berak akabatu dituela, hura dela hiltzailea. Hori Engraxirentzat oso gogorra da, berarentzat Basajaun delako guztiak zaintzen eta babesten dituena. Nola da posible bada Basajaunek gauza anker horiek egitea? Nola liteke Basajauni hiltzaile deitzea? Ezinezkoa da. Hori Engraxirentzat ez sinistekoa da, bidegabea.

Era berean, nire pertsonaiak kartak botatzen ditu, sorgin modukoa baita. Hori dela eta, nik uste dut Amaiaren [pertsonaia nagusiaren] gorabeherak ere aurrez ikusi dituela. Alegia, badakiela nola garatuko den istorioa.

Hain zuzen ere, Amaiaren defendatzaile sutsua da.
Bai, Engraxirentzat Amaia alaba bat bezala da. Iloba kuttuna du. Flora, Amaiaren ahizpa [Elvira Minguez] protagonitaren kontra dago, uste duelako Amaiak ama abandonatu eta alde egin duela bere bizitza egitera. Eta nik pentsatzen dut: ez al daki honek ama nola portatzen zen Amaiarekin? Izan ere, amak gorroto zuen Amaia, akabatu egin nahi zuen. Nola liteke? Horregatik, oso maitea du Amaia eta babestu egiten du, izekok badakielako zer pasatu behar izan duen.

Engraxik familia bildu eta batuta mantentzen du, bera da familiaren zaindari ikusezina. Min ematen dio nola tratatzen duten Amaia, eta bere defendatzaile porrokatua bilakatuko da.

Hori kameratatik kanpo ere ikusi dela diote.
Bai, agerraldi batetik besterako tarteetan oso harreman polita jorratu dugu Marta Eturak [Amaia pertsonaia antzeztu duen aktoreak] eta biok. Harekin izan baitut hartu-emanik handiena. Eta hori igarri da grabaziotik kanpo ere.

Itziar Aizpuru Engraxiren paperean (aurrean), Rosaura biloba (Patricia Lopez) atzean duela, filmeko une batean.  (El Guardian Invisible)


Eta gainontzeko kideekin?
Grabatzen hasi baino lehen hainbat saio egiten dira, makillaje eta ile apainketa zein jantzien proba egiteko, irakurketa txikiak egiteko… Madrilera joan nintzen horretarako, eta orduan ezagutu nituen gainontzeko pertsonaiak, casting-eko jendea eta baita Fernando Gonzalez de Molina zuzendaria ere. Jende oso jatorra egokitu zait, eta oso gustura sentitu naiz haiekin lanean. Taldearekin egundoko zortea izan dudala uste dut; oso ondo moldatu gara.

Dolores Redondorekin ere oso ongi moldatu gara; oso jatorra da. Gurekin izan zen Iruñeako aurre estreinaldian, baita Madrilen ere. Grabazioa amaitu zenean, prentsaurrekoa egin genuen eta han ere izan zen. Zera esaten zidan: «Filma ikusten dutenean, ikusleek besarkatu egin nahiko zaituzte». Arrazoi zuen. Jendeak izeko Engraxi deitzen dit, ez ni naizelako, ez Itziar naizelako, papera bera oso maitagarria delako baizik. Harro nago, egia esan.  

Lesakan eta Elizondon grabatu duzue filma, eta baita Madrilen ere, estudioan. Zer moduzko esperientzia izan da?
Grabazioa oso ongi joan da. Nire agerraldi guztiak etxe barrukoak izan dira. Engraxik etxe oso polita du, tximiniarekin, goxo-goxoa, bere erakoa. Gainontzekoak kanpoan grabatu dituzte, euritan. Ni, berriz, babestuta egon naiz une oro. Baita taldean ere.  Gazte-gazteak dira guztiak, eta denbora guztian ni zaintzen jardun dute.  

Otsaila amaieran egin zenuten aurre estreinaldia Iruñean. Zer moduzko harrera izan du?
Jende ugari joan zen aurre estreinaldira; izan ere, zuzendaria iruindarra da. Oso ongi atera zen guztia. Agerikoa da zain-zain zegoela jendea. Oraingoz, ongi doala ematen du, jendea erantzuten ari dela. Aurrekoan batek esan zidan ezin ikusita geratu zela, sarrerak amaitu egin zirelako. Ea ongi funtzionatzen duen, hori da guztiok nahi duguna.

Aurkezpenekin amaitu ondoren, noizko izango dira bigarren eta hirugarren zatiak?
Pentsatzen dut Baztango trilogiako bigarren eta hirugarren zatiak laster hasiko garela filmatzen. Maiatza aldera hastea ongi legoke niretzat. Oso gustura nago, pozik. Gorputzak eusten duen bitartean, aurrera jarraituko dut.