«Gozatu egiten dut nik lanean ez naiz nekatzen»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko mar. 30a, 09:00
Itziar Aizpuru, Jorge Oteizaren 'Mi siesta' eskulturaren parean (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

60 urterekin hasi zuen Itziar Aizpuruk aktore ibilbidea eta ordutik ez da gelditu. ‘El Guardian Invisible’ filmaz gain, beste hainbatetan hartu du parte azken sasoian.

Ia 80 urte baditu ere, Itziar Aizpuru geldiezina da. «20 urteko baten sasoian» ez dagoela dio, baina aurkakoa dirudi. Ez ohiko adinarekin hasi zuen ibilbidea getariarrak; 60 urterekin hasi zen lanean telebistan. «Nik barruan neukan zerbait, eta atera beharra neukan». «Besteek egiten badute, zergatik ez dut bada nik ere egingo?». Horri eutsiz, Goenkale telesailean  hasi zen lehen pausoak ematen. «Gaztetan antzerkia egin nuen Getarian eta ikusi nuenean ETBn telesail hori hasi zirela eskaintzen, bertara deitu nuen. Esan nien ez nuela sekula kamera aurrean lanik egin, baina gustatuko litzaidakela parte hartzea». Handik gutxira deitu zioten proba bat egiteko. «Segituan eman zidaten Doloresen papera. Harrez geroztik, paper ugari egin ditut, baina oraindik ere jende askok gogoratzen nau paper horregatik».

Goenkale-ren ondoren etorri ziren Martin, Hospital Central eta bestelako telesailak. Bizpahiru filmetan ere egin zituen hainbat agerraldi, «paper txikiak», eta jarraian, 80 egunean lanean parte hartzeko aukera suertatu zitzaion, 2010ean, hain zuzen ere. «Hura izan zen nire lehenbiziko film luzea, baita Joxe Mari Goenaga eta Jon Garaño zuzendarientzat ere». «Arrakasta handia» izan zuen—nazioarteko 100 zinemalditan baino gehiagotan hartu zuen parte, eta 30 saritik gora lortu ditu orain arte—, eta handik 4 urtetara zuzendari horiekin elkartu zen berriz ere, Loreak filma filmatzeko. Aurreko filmaren bide bera egin zuen horrek ere: Plam Sprins-eko jaialdian film onenaren saria jaso zuen, eta  Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra jasotzeko nahiz Goya eta Oscar  sarietarako ere izendatu zuten.

Horri esker, nazioartera egin zuen salto Aizpuruk. «Txilen film bat grabatzeko aukera eskaini zidaten, duela urtebete inguru». Los huesos del olvido du izena, eta oraindik ez dute estreinatu. «Zuzendaria iraniarra da, eta honaino etorri zen nire bila, Loreak-en ikusi ninduelako». Madrilen ezagutu zuten elkar, «ustekabeko proba bat» egin zuten eta Txilera joan zen.

Hura bukatu eta «segituan» sartu zen bete-betean El Guardian Invisible-ren prestaketetan. «Egun osoa bidaian igaro ondoren, larunbat gauean heldu nintzen Txiletik hona, eta hurrengo egunean Madrilera joan behar izan nuen entsegua egitera».

Aurrez, martxoa erdialdean beste film baten filmaketa amaitu zuen: Cuando dejes de quererme lana. «Paper oso txikia daukat, moja batena. Euskal Herrian grabatu dugu, zuzendaria bera ere euskalduna da, eta bere opera prima da, egiten duen lehenbiziko film luzea. Hor ere oso gustura sentitu naiz, film horretan ere paper oso maitagarria da nirea». Tartean, bi komedia ere grabatu ditu: La residencia eta Podeis ir en paz

El Guardian Invisible filma amaituta, eta bigarrengo eta hirugarrengo zatiak filmatzen hasi aurretik, aste honetan Madrilera joan da bi astetarako, beste film bat grabatzera.  «Ez dakit ezetzik esaten», dio txantxetan.


Aitortza ugari

Filmetan parte hartzeko proposamenak jasotzeaz gain, Aizpuruk hainbat aitortza ere jaso ditu. Batetik, taldeko emakumezko aktore onenaren Feroz saria eman zioten orain bi urte, Loreak filmarengatik. «Ez nuen espero jasoko nuenik,  izendatutakoen artean aktore ezagunak baitzeuden; Carmen Machi, kasu. Sorpresa izan zen». Saria jasotzera oholtzara igo zen unea ez du «garbi gogoratzen». «Gerora esan zidaten ikusleak zutitu egin zirela ni txalotzeko. Oso hunkigarria izan zen».

Bestetik, Feroz saria jaso eta astebetera, beste sari bat eman zioten, film beragatik: Espainiako Idazle Zinematografikoen Elkarteko domina. Loreak-ek asko eman dit. Zorte handia izan dut», aitortu du getariarrak.

Interpretazioa asko gustatzen zaio Zarauzko bizilagunari, «gozatu» egiten du lanean, ez da «nekatzen». Ildo horretatik, lotuta dituenez gain, buruan ere badu beste proiekturik. «Garaño eta Goenagarekin egin nituen nire lehen bi filmak.  Nire umeak dira biak. Horregatik, hirugarren filma zor didatela esaten diet beti».