Kiroldegiko langileen auzia

"Akordio oso ona lortu dugu, eta akordio hori langileen borrokaren ondorioz etorri da"

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 30a, 10:52
Kiroldegiko langileek bukatu dute greba (Aritz Mutiozabal).

Atzo arratsaldean sinatu zuten hitzarmena kiroldegiko langileek, luze negoziatu eta gero. Besteak beste, lau urtetarako KPI gehi 1,8ko igoera lortu dute soldatetan, kontraproposamenean eskatzen zuten bezala.

"Akordio oso ona lortu dugu, eta akordio hori langileen borrokaren ondorioz etorri da". Negoziaketa luze joan dela nabarmendu du Urola Kostako ELAko ordezkari Janire Diazek, eta "zoritxarrez" negoziatzen hasteko egun osoko lanuzte batzuk egin behar izan dituztela eta adostasuna lortu bitartean 15 egun egin behar izan dituztela greba. "Langileek sekulako borroka egin dute euren lan baldintzak bermatzeko, eta hori kristoren garaipena izan da beraientzat, baina baita Zarauzko kiroldegiarentzat ere".

Langileak gustura agertu dira, lan baldintzak bermatzea eta hobetzea lortu dutelako. Lau urtetarako KPI gehi 1,8ko igoera izango dute soldatetan, kontraproposamenean eskatzen zuten bezala. Gainera, subrogazioa bermatu zaie, eta lortu dute eskala bikoitzak kendu eta langile guztiek baldintza berdinak izatea; orain arte desoreka bat zegoen batzuen zein besteen artean, eta akordioarekin parekatzea lortu dute, "nahiz eta ez den erraza izan". Era berean, hobekuntzak izango dituzte formaziorako, kontziliaziorako eta eskolak prestatzeko.

Horrez gain, ELAko ordezkariak iritzi dio "batez ere merezi duten duintasuna, errespetua eta begirunea" lortu dutela langileek. "Azken finean, kalitateko lan handia egiten dute, eta askotan sentitu izan dute kontuan ez dituztela hartu, prozesua izan den bezalakoa izan delako. Beraz, langile kolektiboa zoriondu egin behar da egin duen lanagatik".

Hitzarmena, atzo arratsaldean

"Gorabehera" handiko astea izan dutela dio Diazek, eta "oztopoz betetako bukaera" izan badute ere, kiroldegiko langileek hitzarmena sinatzea lortu dute. Atzo sinatu zuten, 19:30ean, hainbat bilera egin ondoren; 13:00etan bildu ziren alde guztiak –Balea Igeriketa eta BPXport enpresetako arduradunak, Udal Gobernuko ordezkariak eta ELA sindikatuko eta langileen ordezkariak–,  "azken orduko xehetasun batzuk zehazteko". Behin horiek adostuta, arratsaldean denbora tarte bat hartu zutenguztiek testua errepasatzeko, eta, ondoren, hitzarmena sinatu zuten.

"Guretzat borroka hau bukatzen zen enpresarekin hitzarmen bat sinatu eta hori plegutan bermatzeko udalaren konpromisoa geneukan momentuan. Udalak horretarako formula bat proposatu zigun, hitzarmena erregistratzeko esanez, eta gaur goizean bukatu da guztia, hitzarmena erregistroan aurkeztu dugunean", jakitera eman du Urola Kostako ELAko ordezkari Janire Diazek.

08:30ean erregistratu dute hitzarmena udaletxean, eta, hala, astelehenan abiatutako greba mugagabea bukatutzat eman dute; 09:30az geroztik, zabalik da berriz ere kiroldegia.

Langileek eta ELA sindikatuak eskerrak eman dizkiete herritarrei izan duten pazientziagatik eta emandako babesagatik, eta, era berean, barkamena eskatu dute sorrarazitako eragozpenengatik.