Nola sortu da zirkoa eta Korrika uztartzeko ideia?
Hasieratik planteatu genuen zirkoaren gaia, bideoklipak adierazten duen zirko mota hori. Oreka TX taldeko Harkaitz Martinez de San Vicenterekin hitz egin nuen, ideia hori nola garatu ikusteko, eta hortik abiatu zen proiektua.
Abestian Europako Ekialdeko erritmoak dira nagusi.
Aproposa iruditu zitzaigun Balkanetako musika erabiltzea Korrikaren izpiritua eta arima adierazteko. Korrika egiteko, motibatzeko eta ongi pasatzeko erritmo egokiak zirela iruditu zitzaizkigun. Abestiaren hasierak Korrika badatorren zirrara eta ilusio hori sorrarazten ditu, eta gero barneratu egiten zaitu, Korrikaren barruan bezala. Kasu honetan, musika sortu zen aurrena, eta ondoren letra. Horrelakoetan ongi egoten da letragileari azaltzea musika nola eta zergatik egin duzun.
Uxue Alberdi arduratu da letra egiteaz. Zer moduzkoa izan da elkarlana?
Aspalditik ezagutzen gara, eta elkarrekin lan asko egin dugu. Alde horretatik, oso ongi ulertzen gara biok, eta hori inportantea da, musikak eta letrak bat egin behar baitute. Eta nik uste dut oso ongi asmatu duela.
Beste urtetako Korrikaren abestiekin alderatuz, nahiko ezberdina dela dirudi.
Hori esaten didate, baina ez dakit... Korrika hamabost egunetan egingo den ekimena izango da, eta horregatik erraz sartzen den melodia bat egin behar genion. Beraz, kantatzeko erraza behar zuen eta haizezko musika tresnek indarra eman behar zioten. Balkanetako doinuak oinarri hartuta, ezinbestekoa zen hori; hau da, haizezko tresnen eta perkusioaren presentzia, eta ukitu etnikoa ematea. Korrika intentsitate handiarekin bizitzen da, eta hori islatu nahi izan dut abestiarekin. Agian, instrumentazio aldetik izan daiteke ezberdina. Dena den, jendeari gustatzen ari zaio eta funtzionatzen ari dela ikusten ari gara.
20. Korrikarako bi abesti sortu dituzu, gainera. Bestea Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen azken diskorako.
Bai, hala da. Aurretik, pailazoekin Korrika Txikiaren abestia ere egin nuen duela urte batzuk. Baina kasualitatea izan da, bai. Korrika gaitzat hartuta landu dugu pailazoen azken lana, nahiz eta beste ikuspuntu batetik jorratu dugun. Gainera, Tipi-tapa, Korrika! abestiaren letra ere Uxue Alberdik egin zuen. Beraz, biok errepikatu dugu oraingoan.