Salbiden eta Langako plazan hainbat hobekuntza egin dituzte

Zarauzko Hitza 2017ko api. 3a, 11:03
25 eserleku berritu ditu Udalak Langako plazan.

Auzoak garbitu eta hiri-altzariak konpontzeko martxan duen Auzoz auzo egitasmoaren barruan, Salbide auzoan eta Langako plazan hainbat hobekuntza egin ditu azken asteetan Zarauzko Udalak.

Salbide auzoan, haurrentzako estalitako jolas parkea eraikitzen ari diren auzoan, bankuak eta frontoiak margotu, 13 zuhaitz landatu, kirol instalazioetan mantenu lanak egin, eta zoruan hondoratutako baldosa guneak konpondu dituzte; gainera, bizikletentzako aparkalekuak jarriko dituztela aurreratu dute. Langako plazan, berriz, hondatuta zeuden bankuak kendu eta 25 eserleku berri ezarri dituzte. Gainera, arrapala eraiki dute irisgarritasun arazoak dituzten pertsonek haur parkera sarbidea izan dezaten. Halaber, plazako zorua garbitu eta lore berriak landatu dituzte.

Iban San Martin Obra Txiki eta Zerbitzuen zinegotziak azaldu duenez, "urteak dira Langako plazak jarduketa sakona behar zuela. Orain arte, lan gutxi egin dira zegoen beharra kontuan hartuta. Auzoz auzo-ren bitartez egindako lanekin, auzoko bizilagunen bizi kalitatea hobetzea espero dugu eta, hala, herriko auzo honi ikusgarritasun handiagoa ematea, parke estali berriarekin bizitzaz beteko dela uste baitugu".