Errotutako familia nortasuna

Aritz Mutiozabal 2017ko api. 4a, 13:11

Paxo ezizena Santa Klarako pasonibeletik dator. Izan ere, bere garaian, Joxe Olazabal eta Eulali Iruretagoiena senar-emazteak arduratzen ziren pasabideko barrera igotzeaz eta jaisteaz.

Paxo ezizena eta paxotarrak ezagunak dira herrian, baina, agian, askok ez du jakingo beren ezizenaren jatorriak Santa Klarako pasonibelarekin lotura zuzena duela. «Herriko helduek badakite nondik datorren, baina gazteagoak direnek, ordea,ez. Gure aitona-amonengatik baitator», dio Jose Mari Olazabal Paxok. Joxe Olazabal aitona trenbideko langilea zela gogora ekarri du, baina garai hartan beste ezizen bat zeukan. «Pilotan jokatzen zuen eta Joxe Ezkerra bezala zen ezaguna». Trenbideko mantenimentu lanetan aritzen zen, eta pasabidea egin zutenean, haren emazte Eulali Iruretagoienari proposatu zioten bertako zaindaritza lana. Izan ere, Txerrikalen bizi ziren, egungo Herrikobarran, trenbide gaineko pasabidetik hamar metro eskasera.

Igarobidea Azken Portu eta Alde Zaharra lotzen zuen bide bakarra zen garai batean. Herri barrura joateko arteria nagusia, alegia. Hori guztia kontrolatzeko, trena zetorrenean barrerak eskuz jaistearen ardura zuen amonak. «Hasiera-hasieran, lehendabiziko urteetan, ez zegoen barrerarik. Kate batekin ixten zuen, jendea pasatu ez ezin». Hasieran ez zioten ordaintzen, eta urte batzuk eman zituen soldatarik gabe. Gerora, lan erregulazioren bat egin omen zuten, eta harrezkero, eguneko pezeta eta erdi ordaintzen hasi zitzaizkien.

Seme zaharrenei ere tarteka barrera igotzeko eta jaisteko lanak ematen zizkietela azaldu du Olazabalek. Eta aitona ere handik ibiltzen zela beti. Horrela, Joxe Ezkerra izatetik Paxo izatera pasatu zen. «Aitak eta osabak esaten zigutenez, orduan oso ohikoa zen ezizenen kontua. Asko jartzen ziren bakoitzaren jardunagatik edo berezitasun fisikoagatik. Azkenean, bizitza osoa pasonibelean pasatzen zutenez, Paxo ezizenarekin geratu ziren». Hasiera batean, aitonak hartu zuen ezinena, «trenbideko erreferentzia bera zelako», nahiz eta amonarena izan ardura.

Denboraren joan-etorriarekin herriko ezizen batzuk galtzera egin badute ere, paxotarrek irmo mantendu dute berea. «Nire aita eta osaba-arrebak bigarren belaunaldia izan ziren, eta haiek ere goitizenarekin jarraitu zuten. Gero, gu izango ginateke hirugarren belaunaldia, eta lehengusu batzuek beharbada ez, baina guk eutsi egin diogu, gure arbasoen nortasunarekin bat». Lagunek ez diotela izenez deitzen azaldu du Olazabalek, eta lehengusuen artean ere Paxo deitzen diotela elkarri. «Lortu dugu pixkanaka-pixkanaka gure ondorengoak ere ezizenarekin lotzea... Jendeak bata edo bestea Paxoren semea dela entzuten duenean, galdetzen hasten da Kirkillakoena den ala udaltzainarena. Herri barruan errotuta dago».


Jakin-mina piztu

Barrerak automatikoki igo eta jaisteko jarri zuten arte aritu ziren lanean paxotarrak trenbide gaineko pasabidean. Orain, lur azpiko bide berriarekin barrerak behin-betiko desagertuko direnean, aiton-amonen jarduna zer zen ikertzeko jakin-mina piztu zaie familiako kideei. Liburuetan eta erregistroetan begira aritu dira, baina ez dute gaiari loturiko gauza askorik topatu. «Erregistroan topatu duguna izan da berez amona zela lan hori egiten zuena. Osaba batek kontatua zigun, baina guk, egungo belaunaldikook, urtetan pentsatu izan dugu aitona zela horretan aritzen zena, baina izatez amonarena zen ardura». Hori duela gutxi jakin dutela dio, eta «poza» eragin diela. «Aiton-amonak, biak, izan dira eredu».

Barreraren bat pasabide berrian, oroigarri gisa

Santa Klarako trenbide gaineko pasabidea kendu eta lur azpikoa eraikitzeko lanekin hasi baino bi egun lehenago – joan den otsailaren 12an–, paxotarrek argazki sinboliko bat atera zuten pasonibelean bertan. Nahiko inprobisatua izan zela adierazi du Jose Mari Olazabalek: «Lehengusu batekin solasean egon nintzen, eta gure ezizenaren jatorria galtzea pena handia izango zela aritu ginen esaten. Berehala obrekin hasi behar zutela-eta, zerbait egin behar genuela pentsatu genuen, eta lehengusuon artean elkarri deitu genion argazkia ateratzeko».

Familia artean hitz egiten aritu dira, eta «gure erronketako bat litzateke barreratako bat edo plakaren bat  jartzea pasabide berrian oroigarri gisa», jakitera eman du. Zarauzko Udalarekin bildu eta proposamena egin nahi diote, «gure ezizenaren jatorria zein den gogoratzeko».