Ezkerretik hasita, Ibai Berazierto, Naiara Egimendia eta Juanjo Berazierto (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Ibai eta Juanjo Beraziertok nahiz Naiara Egimendiak A 3 el km elkartea sortu dute, eta Zarauzko Herri Lasterketa antolatu dute maiatzaren 7rako. Zabalik dago izen-ematea.

Maiatzaren 7an jokatuko da Zarauzko Herri Lasterketa. Gaur egun herrian lasterketa indibidualik ez dagoela-eta, Ibai eta Juanjo Berazierto anaiek eta Naiara Egimendiak «hutsune» hori betetzea erabaki dute. «Bikote mistoen lasterketa egin ohi da, baita AEK-k antolatzen duena ere, baina hori zarauztarren artean jokatzen da, festa giroan. Gipuzkoa edota Euskal Herri mailako parte hartzea duen lasterketarik, ordea, ez dago Zarautzen», nabarmendu du Ibai Beraziertok.

Garai batean, Antoniano atletismo elkarteak antolatu izan zuen; ZKEk bultzatuta, Itsas Krosa jokatu izan da urte batzuetan, eta baita Zarautz-Aia proba ere, Zarauzko zein Aiako kirol elkarteen eskutik. Horiek antolatzeari utzi diote azken urteetan, eta herritarrek duten korrikarako zaletasuna ikusita, erronkari heldu dio hirukoteak.

Horretarako, lehenbizi elkarte bat sortu dute: A 3 el km. Ibai Beraziertok azaldu du izen horrekin aitari omenaldia egin nahi izan diotela. «Nik aitari galdetzen nion ea zenbat denboran egin behar nuen 10 kilometroko lasterketa bat. Zerbait egiteko, korrikalari fina izateko, kilometroa 3 minutuan egin behar dela esaten zidan. Esan beharra dago erritmo hori ez dela batere erraza».

Zarauzko Herri Lasterketak 8,5 kilometro izango ditu, eta udalerri osoari emango dio itzulia.  Musika plazatik abiatuko dira lasterkariak, 11:00etan hasita. Salbide inguratu eta Herrikosoro gurutzatuko dute gero, Astiri itzulia eman eta Gipuzkoa kaletik biotopora helduko dira. Handik malekoi osoa egin ondoren, abiapuntuan, Musika plazan amaituko da proba. «Ni entrenatzen hasi nintzenean itzuli hori bera egiten nuen. Lasterketaren zati polita –biotopoa, pasabidea eta malekoia, alegia–  sartu beharra zegoen proba honetan ere», adierazi du.

Korrikalariek askotariko eremutatik igaro beharko dute, beraz: bidegorria, biotopoko pista, malekoia, errepidea... «Ibilbide balioanitza da. Izan ere, asfaltoak gogaitu egiten du azkenean. Pistak eta halakoak gehitzea ongi etortzen da», azaldu du.

Eskarmentudun kirolariak

Urtarriletik zabalik dago izena emateko epea, eta dagoeneko hainbat lagunek eman dute izena. Gainera, Ibai Beraziertok jakinazi du eskarmentu handiko korrikalari batzuk ere baieztatu dutela euren parte hartzea. Tartean, maratoiko munduko  eta Europako txapeldun Martin Fiz gasteiztarrak eta Gipuzkoa mailako kroseko txapeldun Chakib Lachgar errenteriarrak.
Lasterketa hori antolatzen duten lehenbiziko urtea izanik, ez dute jarri parte hartze mugarik; 200 bat lagun izatea espero dute. 16 urtetik gorakoek hartu ahal izango dute parte, eta izena herrikrosa.eus atarian eman daiteke, 10 euro ordainduta. Egunean bertan ere izena emateko aukera izango da Txiki Polit jatetxean, baina 13 euro ordainduta. Lehen hiru sailkatuentzat izango dira sariak, gizonezkoetan zein emakumezkoetan. Era berean, opariak izango dira parte hartzaile guztientzat eta hainbat zozketa ere egingo dituzte.

Ilusioz heldu diote «erronka politari», eta horrekin aurrera jarraitzeko asmoa dute. Era berean, herri lasterketak sustatzen jarraituko dutela diote. «Proba ezagunez gain, ehunka lasterketa ere antolatu ohi dira. Jendeak proba txiki horiek ere badirela eta haiek ere xarma badutela ikusarazi nahi dugu», adierazi du Ibai Beraziertok. Juanjo anaiak nabarmendu du asteburuetan hainbat lasterketetara joaten direnean ez dutela zarauztar askorik topatzen. «Zarautzen korrika jende pila bat ikusten da, baina gero ez dira asko animatzen herrietako probetara», zehaztu du. «Jendea bultzatu nahi dugu horietan ere parte hartzera, goiz pasa eder bat egitera, taldean». Zentzu horretan, taldearen espiritua nabarmendu nahi dute.  Egimendiaren hitzetan: «Zarautzen ere hori lortu nahi dugu, herrian ere atletismoaren inguruan familia hori sortzea ».


Korrikalarien erronkak

Herri lasterketa antolatzeaz gain, beste hainbat erronka dituzte Beraziertotarrek. Iaz 74 lasterketa korritu zituen Ibai Beraziertok, eta aurten ere beste hainbestetan parte hartzeko asmoa du. Bide horretan, joan den asteburuan Zaragozako maratoian lehiatu dira bi anaiak. Juanjok 31. postuan amaitu du beterano-35 mailan, 03:05:08 denbora eginda, eta Ibaik 29. postuan senior mailan, 03:05:36 denborarekin. Lehenak 109. egin du sailkapen orokorrean, eta 112. bigarrenak.

 Horrez gain, urteko lehenbiziko sei hilabeterako beste hainbat hitzordu dituzte buruan: maiatzaren 14an Gasteizko maratoia jokatuko dute; maiatzaren 21ean Covadongako aintziretako igoera; eta ekainaren 17an Santanderreko 100 kilometrotako lasterketa. Eta tartean, Zarauzkoa, «antolaketa lanek uzten badute behintzat».