Astiko aldagelak, prest

Zarauzko Hitza 2017ko api. 9a, 16:01
Astiko aldagelen eraikina, gaur egun.

1.200 metro koadro ditu, sei aldagela, gimnasioa eta transformazio zentro berria. Aste Santutik aurrera egongo da erabilgarri.

Asti kirolguneko aldagelen eraikina dagoeneko prest dago, eta Aste Santutik aurrera hasiko dira erabiltzen. Hain zuzen ere, erabilgarri egongo dira "senior mailako errugbi taldeak igoera faseko play off-ak jokatzen dituztenerako, baita futboleko emakumezkoen lehen taldeak Espainiako Bigarren mailara igoera borrokatzeko azken partidetarako ere".

Ostiral arratsaldean egin zuten instalaziora bisita Xabier Txurruka alkateak, iban San Martin Kirol zinegotziak, IHG Arkitektura estudioko arkitektoek , Esteban Collantes ZKEko presidenteak, Gaizka Zulaika Errugbi saileko presidenteak, Luis Azkoaga futbol saileko presidenteak eta Koldo Uribarri emakumezko futbolaren koordinatzaile orokorrak. Instalazio berriak 1.200 metro koadro ditu guztira, eta sei aldagelaz, 200 metro koadroko gimnasioaz, bilera gela zein biltegi banaz dago osatuta. Era berean, transformazio zentro berria ere gehitu diote, “guztiz beharrezkoa dena egungo eta etorkizuneko instalazioen funtzionamendu egokiarentzat eta kirol gune osoarentzat”, San Martinen arabera.

Jakinarazi zuenez, transformadore berriarekin errugbi eta futbol zelaietako argiztapen artifiziala hobetuko da, eta horri esker, entrenamendu eta txapelketen ordutegia zabaltzeko aukera ere izango da. Bestalde, gimnasio berria, bereziki, Astin entrenatzen duten taldeek erabili ahalko dute, zehazki, errugbi eta futbol jokalariek.

IHG Arkitektura estudioak diseinatu du eraikina eta obrak Campezo Obras y Servicios, S.A enpresak egin ditu, 1.103.000 euroko aurrekontuarekin. Transformazio zentro berria ezartzeko lanek, berriz, 118.000 euro kostatu dute eta Elkor Electricidad enpresak burutu ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu du proiektua; erakundeak 300.000 euro jarri ditu Astiko birmoldaketa eta handiagotze lanetarako, Kirol Ekipamenduen 2014-2016 Planak aurreikusitako inbertsioen exekuziorako zegoen lankidetza-hitzarmena oinarri hartuta.

"Kirolguneko beharrak asetzeko"

"Kirol teknikari eta Zarauzko Kirol Elkarteko hainbat ordezkarien artean egindako bileren fruitua da proiektua, hauek baitira Astiko instalakuntzak egunerokotasunean erabiltzen dituztenak eta hala, lehen eskutik dauden beharrak ezagutzeko aukera izan dugu", azaldu zuen San Martinek. Haren esanetan, horiek “oso gustura” azaldu dira emaitzarekin.

“Ikusi genuen aurreko agintaldian eskatu zen errugbi zelaiko aldagelen hobekuntza proiektuak planteatzen zuen eraikina ez zela nahikoa dagoen beharra asetzeko. Izan ere, instalazio hauetan entrenatzen duten taldeen federazio lizentzia kopurua gorantz doa urteak pasatu ahala, bereziki, Zarauzko emakumezkoen futbol lizentziak. Azken bost urteetan gorakada handia izan da eta, egun, inoiz baino emakumezko lizentzia gehiago dugu Zarautzen". Hori dela eta, Astin aldagela gehiago eraikitzea "ezinbestekoa" zela ikusi zuten, azterketa bat egin ostean.

Hala, instalazio horrek "kirolgune osoko beharrak asetuko ditu”, Kirol zinegotziaren iritziz. “Agintaldi hasieratik, eta sarrera bidea asfaltatu genuenetik, gure lehentasuna izan da Astiko kirol instalazioak hobetzeko inbertsioak egitea, azken urteetan ahaztuta egon baitira”.

Modernizazioarekin aurrera

Aldi berean, aurrera begira, kirolguneko modernizazioarekin jarraituko dutela aurreikusi du alkateak: “Errugbiko harmailaren estaldura datorren uda igaro bitartean ezarriko da eta datorren urterako atletismoko instalazioak bezalako erronka handi baten planifikazioarekin martxan jartzea aurreikusten dugu”.

Ohartarazi zuen errugbiko zelaia 1982an inauguratu zutela eta egungo harmailak 80eko hamarkadaren bigarren erdian eraiki zituztela. "Orduz geroztik, errugbiko zaletuek estaldura honen beharra aldarrikatu diote behin baino gehiagotan udalari. Guk etaldura egiteko konpromisoa hartu genuen agintaldi  hasieran eta hitza beteko dugu”, nabarmendu zuen Txurrukak.

 

 

 

Erlazionatuak