Pro Zarautz 2017

Carol Henriquek eta Gony Zubizarretak irabazi dute Pro Zarautz 2017

Zarauzko hitza 2017ko api. 23a, 20:25
Gony Zubizarreta eta Carol Henrique

Zubizarreta galiziarrak eta Henrique portugaldarrak jantzi dute txapela, final handia irabazi ostean. Bigarren postuan sailkatu dira Jorgan Couzinet eta Maud Le Car.

Pro Zarautz txapelketako azken jardunaldia jokatu da gaur Zarautzen. Goizean goizetik hasi eta arratsaldeko 18:00ak arte surf onenaz gozatzeko aukera izan da bertan. Eguraldi eta olatu ederrak izan dira jardunaldian zehar, eta suflariek ikuskizun bikaina eman dute final laurdenetan, final erdietan eta final handian.

Goizean gizon eta emakumeen final laurdenak eta final erdiak jokatu dituzte. Atsedenaldia egin eta 17:00etan abiatu dute berriz ere txapelketa. Emakumezkoen finala jokatu dute lehenengo, eta Carol Henriquek eta Moud Le Carrek beren onena eman dute uretan. Carol Henrique indartsu hasi da hasieratik, bere lehen olatuak 8,43 puntuazioa jaso baitu; 7,70 puntuko beste olatu bat ere hartu du portugaldarrak, eta frantziarrak ezin izan dio norgehiagokari buelta eman.

Gizonezkoen norgehiagoka estuagoa izan da. Couzineten lehen eta bigarren olatuek 7,50 eta 7 puntu jaso dituzte hurrenez hurren; Zubizarretak denbora gehiago behar izan du martxa hartzeko, baina 8,90 eta 7,60 puntuko olatuak hartu ditu. Couzinet bukaera arte saiatu da emaitzari buelta ematen, baina ez du lortu, eta Goni Zubizarreta izan da txapelduna. Galiziarrak Zarauzko surf txapelketa irabazten duen bigarren aldia izan da aurtengoa, 2009an ere irabazi bazitzuen. Zubizarretak sari banaketan aitortu du etxean bezala sentitzen dela Zarautzen. "Txikitatik etortzen naiz Zarautza. Lagun handiak ditut hemen eta poz handia ematen dit hemen irabazteak; ez nuen espero".