Bale Talaiak ibilbidea osatu dute, Zarautz eta Getaria arteko talaiak lotuz

Zarauzko Hitza 2017ko api. 25a, 10:00
Getariako alkate Nika Lertxundi eta Zarauzko Udaleko Turismo zinegotzi Ixidor LarraƱaga. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

San Anton, Lusuntalai eta Santa Kruz talaiak eta Santa Barbara baseliza batzen ditu ibilbideak. Zarauzko eta Getariako turismo bulegoek elkarlanean sortu dute Bale Talaiak proiektua.

Zarautz eta Getaria artean dauden talaiei balioa emateko proiektua aurkeztu zuten atzo Zarauzko eta Getariako udalek. Bale Talaiak izeneko ibilbidea sortu dute Zarautz eta Getaria artean, eta ibilbideak lau talaia lotzen ditu. Horietako bi Getarian daude, San Anton talaia eta Lusuntalai talaia; eta beste bi Zarautzen, Santa Kruz talaia eta Santa Barbara baseliza.

Talaia horiek guztiak batzen dituen 10 kilometro inguruko ibilbide zirkularra osatu dute bi turismo bulegoek elkarlanean. «Naturaz gozatuz eta itsasoa ikusiz familian egiteko ibilbide aproposa da», azaldu zuen Nika Lertxundi Getariako alkateak aurkezpenean. Gainera, nabarmendu zuten Santa Barbarako bidea eta kostaldeko bidea haur kotxearekin edo gurpildun aulkiarekin egiteko modukoa dela.

Zarauzko eta Getariako turismo bulegoetan eskuragarri dago ibilbidearen inguruko esku-orria. Horrez gain, seinale bereziak jarri dituzte bidean Bale Talaiak ibilbidea identifikatzeko. «Esan behar da ibilbide hori jende askok egiten duela lehendik ere. Dena dela, 40 urtetan desagertuta egon den ibilbidearen zati bat berreskuratu dugu, bidea garbitu dugu ibilbide zirkular hori osatzeko».

Itsasoa begiztatzeko

Euskal kostaldean zehar talaia ugari aurkitu daitezke, eta horien funtzioa azaldu zuen Lertxundik aurkezpenean. «Askok uste dute baleak begiztatzeko bakarrik balio zutela talaiek. Itsasoko merkataritzak pisu handia zuen garai hartan eta itsasontzien joan-etorriak eta arrain sardak ere kontrolatzen ziren talaietatik», adierazi zuen Getariako alkateak.

Bale Talaiak ibilbidea Eusko Jaurlaritzaren ibilbide turistikoak sustatzeko diru laguntzarekin osatu dute.

 

Bale talaiak ibilbidea
- San Anton talaia. San Anton mendian desagertuta dauden San Anton ermitaren zimenduak eta talaia baten dorre zilindrikoa aurkitzen dira. Bertatik  Higer eta Matxitxako lurmuturren arteko euskal kostaldea ikusi daiteke.

- Lusuntalai talaia. Altzako Hariri lurmuturreko itsaslabarraren ondoan, harkaitz muino baten gainean zegoen Lusuntalai talaia. Gaur egun desagertuta dago, baina handik ikusten zituzten Malkorbe badiako arrain sardak.

- Santa Kruz talaia. Allepunta lurmuturrean dago eta bertatik Zarauzko hondartza eta Zarauztik ekialderantz dauden Gipuzkoako portuetako bokaleak ikusten dira.

- Santa Barbara baseliza. Kostaldearen panoramika argia ikusten da bertatik.