Xabier Eizagirre, Nekane Iribar eta Ane Agirre, Helduen Dantzari Egunaren aurkezpenean.

200 dantzari eta musikarik baino gehiago izango dira igandeko Helduen Dantzari Egunean. Jalgi dantza taldeak 5 urte bete ditu, eta herria girotuko dute beste zazpi talderekin batera.

Jalgi dantza taldeak 5 urte bete berri ditu, eta hori aitzaki hartuta, taldekideek «aspalditik buruan» zuten ekitaldia antolatu dute iganderako: Helduen Dantzari Eguna, hain zuzen ere. Kultura zinegotzi Nekane Iribarrek jakinarazi du Jalgikoak iaz jakinarazi ziotela urtemuga biribila ospatzeko zerbait berezia egin nahi zutela. «Hasiera-hasieratik gustatu zitzaigun ideia, batetik, herria girotuko dutelako, eta bestetik, plus bat izango delako».

Izan ere, gogoratu du urtero ospatzen dela Dantzari Eguna Zarautzen, Euskal Astearen barruan, baina haurrei zuzenduta egoten dela. «Hau helduena izango da, eta modu honetan, gure haurrek ere ikusiko dute euskal dantzak baduela jarraipen bat, bereziki, kirol eskaintza zabala dagoen garai honetan».

Jalgikoekin eta Zarautzen helduen plaza dantzak lantzen dituzten taldeekin elkartuko dira beste herritako dantza talde hauek: Berako Gure Txokoa, Zumarragako Irrintzi, Getariako Gure Txeru, Gabiriako Goruntz, Mutrikuko Gure Ametsa eta Oñatiko Oñatz. Elkarrekin nahiz taldeka hainbat dantza egingo dituzte. Xabier Eizagirre Jalgiko kideak nabarmendu du guztira 200 dantzari eta musikari bilduko direla.


«Dantza tradizio handia»

2012an sortu zuten Zarautzen Jalgi dantza taldea, Xabier Eizagirrek gogoratu duenez. «Une hartan bi dantza talde zeuden herrian, Mollarri eta Iratzarri. Ahulezia unean zeuden, eta hori dela eta, proiektu bateratu bat martxan jarri zen». Gaur egun taldea «indartsu» dagoela dio: «Ehun heldu, gazte eta haur biltzen ditu Jalgik, hamar bat taldetan banatuta, euskal dantzak ikasteko nahiz irakasteko eta euskal kultura sustatzeko zein transmititzeko. Eta hori guztia gozatuz».

Zarautzen «dantza tradizio handia» egon da, Mollarriren eta Iratzarriren aurretik ere izan dira beste hainbat talde: Ondartza, Oiertz eta Irrintzi, besteak beste. «Egiten dugun bide honi esker, katea ez dela eteten».

Erlazionatuak