Errotaberrirako sarbidea egiteko konpromisoa hartu dute aldundiak eta udalak

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko api. 28a, 10:25
Peña, Olano, Txurruka eta Lasa, atzoko agerraldian (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Aldundiko ordezkariek Zarautz bisitatu zuten atzo, herriko beharrak aztertzeko. Maiatzaren 4an zozkatuko dituzte Aldapetako etxeak, eta horietatik lau aldundiaren esku jarriko dira.

Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua udalerrian izan ziren atzo, Xabier Txurruka alkatearekin batera, Zarauzko behar eta erronka nagusiak aztertzeko eta «ahal den neurrian, bi erakundeen artean lan dinamikak martxan jartzeko».

Bisitarekin hasi aurretik, lan bilera izan zuten, eta hainbat proiektu zehaztu zituzten bertan. Batetik, Errotaberri industrialdera sarbidea egiteko konpromisoa berretsi zuten. «Udalak premiazkoa ikusten du sarbide hori egitea, eta guk egitasmoa agintaldi honetan egiteko konpromisoa hartu dugu», jakinarazi zuen Olanok.  Aurreikusi du, proiektua «behar den bezala» gauzatu ondoren, obrak 2018an jarriko dituztela martxan. Sei hilabete inguru iraungo dute lanek.

«Urte hasieran martxan jarri genituen urbanizazio obrak, bertako batzordearen eskutik», gogoratu zuen Txurrukak. Horrekin lotuta, sarbide egokiak prestatzea «beharrezkoa» dela gaineratu zuen, «industrialde horrek etorkizuna izan dezan». «Gaurko [atzoko] konpromisoak hori berresten du: agintaldi honetan zehar gauzatuko dela». Olanok, bere aldetik, proiektua Zarauzko garapenerako «ezinbestekoa» dela gaineratu zuen.

Bestalde, gizarte politiken inguruan ere hartu dituzte konpromisoak. Hain zuzen ere, Aldapetako proiektuari dagokionez. Txurrukak aurreratu zuen 30 etxebizitza tasatuak datorren ostegunean, maiatzaren 4an, zozkatuko dituztela, eta etxebizitza horietatik lau aldundiari eskainiko dizkiotela. «Datorren urtean martxan jarriko den proiektu horretan, lau etxebizitza aldundiaren esku jarriko ditugu, eta baita behe solairuko 370 metro koadroko lokala ere».

Jakinarazi zuen aldundiak eta udalak elkarlanean aztertuko dituztela zer-nolako berezitasun eta behar dauden eskualdean, behar horiei dagokien erantzuna emateko. «Datorren agintaldirako garatuak ikusiko ditugu Zarauzko zerbitzuak aldundiaren eskutik. Hori berri benetan pozgarritzat daukagu», nabarmendu zuen Zarauzko alkateak.


Elkarlana, «funtsezkoa»

Agintaldi honetan, aldundiak nagusiki bi esparrutan egin ditu apustuak: batetik, gizarte politiken arloan, eta bestetik, garapen ekonomikoko alorrean. Olanoren arabera, gizarte politiketan instituzioak elkarlanean jardutea «garrantzitsua» da, eta hala egin dute Aldapetaren kasuan ere. «Gure gizartea geroz eta zaharragoa den heinean, eta beharrak ere areagotuz doazela ikusirik, esfortzua berritu eta indartu beharra daukagu. Eta horretarako, inoiz baino ezinbestekoagoa da erakundeen arteko elkarlana».

Bestetik, aldundiak «garrantzia izugarria» ematen dio arlo ekonomikoari, «gizarte zerbitzuei eusteko ezinbestekoa delako oinarri ekonomiko indartsua edukitzea». Zarautz turismo arloan «erakargarria» dela nabarmendu du diputatu nagusiak, eta zerbitzuek «pisu handia» hartzen dutela. «Baina zerbitzuen atala, alderdi industrialarekin orekatu beharra dago». Hain zuzen ere, horregatik adostu dute bi instituzioek Errotaberrirako sarbidea egitea. Alkateak «funtsezkotzat» jo du  elkarlan hori «etorkizuneko Zarautz eraikitzeko».   

Errotaberri ingurua zein Aldapeta bisitatzeaz gain, Santa Klara azpiko pasabideko obrak, Modelo aretoa, Igerain Gain haur parkea estaltzeko lanak eta Azken Portu Goiko igogailuarenak ere ikusi zituzten aldundiko ordezkariek, alkatearekin batera.