TAOko 1 Zonako gune urdina martxan jarriko dute asteartean

Zarauzko Hitza 2017ko api. 28a, 13:33
Errotazio Handiko Gune berezi bat sortuko dute Foruen kalean, 15 minutuko denbora mugarekin (Hitza).

Aurrerantzean ordaindu egin beharko da gune horietan aparkatzeagatik. Gainera, ordutegi etenik ez du izango eguerdian: 09:00etatik 20:00etara funtzionatuko du, astelehenetik ostiralera, eta larunbatetan, berriz, 09:00etatik 13:00etara.

Datorren asteartetik aurrera, maiatzaren 2tik aurrera, indarrean jarriko dituzte TAO ordenantzako azken aldaketak. Hala, 1 Zonako Araututako Gune Normalak –aurretik gune urdin bezala ezagutzen zirenak–, aktibatu egingo dituzte, eta  bertan aparkatzeagatik ordaindu egin beharko da. Gainera, aurrerantzean gune hauek ordutegi jarraia izango dute, etenik gabe: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 09:00etatik 13:00etara.

Aldaketa honek Araututako Gune Normaleiz ez ezik, Errotazio Handiko Guneei ere eragingo die. Dia supermerkatuaren parean dagoen Iturribide kaleko aparkalekua orain arte Errotazio Handiko gune bezala araututa zegoen, baina, asteartetik aurrera, aparkaleku erdia bakarrik mantenduko da Errotazio Handiko Gune bezala; eta beste erdia Araututako Gune Normal bihurtuko da. Bestalde, Errotazio Handiko Gune berezi bat sortuko dute Foruen kalean, 15 minutuko denbora mugarekin.

Urtarrilaren 26ko osoko bilkuran onartu zituzten TAO ordenantzako aldaketa berriak. Gainerakoan berdin jarraituko du, eta udaldiko ordutegia eta beste zonetako Araututako Gune Normala –2, 3, 4, 5, eta 6 zonetakoak– ekainaren 1ean jarriko dituzte martxan.

 

"Beharrezko" aldaketak

TAO ordenantzako lehen aldaketak iazko ekainean egin zirela gogoratu du Mugikortasun zinegotzi Maite Garrastazuk, eta aldaketa horien jarraipena egin ondoren, "aldaketa txiki hauek egitea beharrezkoa" dela ikusi dute, "1 Zonako egoiliar zein merkatarien beharrak kontuan hartuz eta babes handiagoa emanez”. TAOko langileak jada 1 Zonari dagozkion makinak jartzen hasi dira, eta datorren asteartetik aurrera jarriko dituzte martxa.

Ordutegia aldatzearen inguruan, Mugikortasun zinegotziak arrazoitu du Zarautzera gerturatzen den jendeari "izugarrizko buruhausteak" sortzen zizkiola. Gainera, bere esanetan, “arautze ordutegia zabaltzeak ez digu inongo eragozpenik ekarriko zarauztarroi". Izan ere, zirkulazio zerga Zarautzen ordaintzen duten ibilgailuek, egoiliar bereizgarria izan ala ez, Araututako Gune Normaletan doan aparkatzeko eskubidea dute 13:00etatik 16.30era, tiketa aterata betiere. "Makinak, ibilgailuen matrikula sartzerakoan, zerga Zarautzen ordaintzen duten autoak detektatzeko programatuak daude eta, hala, tiketa inprimatzen dute inongo kosturik gabe”.

Bestalde, TAO txartela eskatu dutenek bi gutun jasoko dituzte aste honetan; lehen gutunean TAO txartelaren ordainagiria eta datozen urteetarako bereizgarriaren helbideratzea eskatzeko paperak bidali zaizkie, eta bigarrenean, TAO bereizgarria eta araututako aparkatzeko guneen funtzionamendua eta planoa azaltzen dituen triptikoa.