Maiatzaren 4an zozkatuko dituzte Aldapetako etxebizitzak

Zarauzko Hitza 2017ko api. 28a, 17:47
Aldapeta proiektuaren fotomuntaia (Zarauzko Udala).

11:00etan egingo dute zozketa Gasteizen, eta Internet bidez zuzenean jarraitzeko aukera izango da.

Eusko Jaurlaritzak notario aurrean zozkatuko ditu Aldapetako etxebizitzak datorren ostegunean, maiatzaren 4an. Gasteizko Lakuako egoitzan egingo dute zozketa, 11:00etan, eta zuzenean jarraitzeko aukera Viseraren eta Eusko Jaurlaritzaren webguneetan. Etxebiden onartuak izan diren 391 eskatzaileek izango dute dute aukera 30 etxebizitza tasatuen zozketan parte hartzeko. Aldapetako obrak 2018an hastea aurreikusten dute, eta etxebizitzak 2019aren amaieran entregatu ahal izatea.

Zozkatuko dituzten etxebizitza tasatuez gain, sustapen honek babes ofizialeko 20 etxebizitza izango ditu: horietatik lau Gipuzkoako Foru Aldundiaren beharretara zuzenduko dira, eta gainerako hamaseiak udalak hartuko ditu; bi etxebizitza ostatua emateko konpromisoak betetzeko erabiliko ditu, eta beste hamalauak alokairuan jartzeko. BOEak eraikina amaitutakoan esleituko dira.

Xabier Txurruka alkateak nabarmendu du Aldapetako proiektuaren helburu nagusietako bat Vista Alegre auzoaren "irisgarritasuna hobetzea" dela. Horretarako, bi igogailu eraikiko dituzte: lehenak San Inazio kalea eta etxebizitza berriak jasoko dituen plaza berria lotuko ditu, eta bigarrenak, eremu hori Vista Alegrerekin; Sarakatua dorreraino iritsiko da, zehatz-mehatz.

Bestalde, eraikin berriaren behealdean ekipamendurako hiru lokal eraikiko dira. Alkateak adierazi duenez, udalak hiru lokaletatik bi jabetzan emango dizkio Santa Ana Fundazioari, "sustapen hori aurrera ateratzeko fundazioari erositako lur zatiaren ordainetan"; bi lokalak batuta, 300 metroko koadroko azalera dute. Hirugarren lokala Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuei emango zaie.

Instituzioen arteko elkarlana

2009tik "blokeatuta" zegoen Aldapetako sustapena Visesak burutzea onartu zuten duela urtebete inguru, eta Txurrukak dio "proiektua desblokeatzeko ezinbestekoa izan dela instituzioen arteko elkarlan estua". Udal Gobernuak aurreko agintaldiko proiektua aldatzea erabaki zuen: alde batetik, sustapena "bideragarria" izan zedin, eta, bestetik, BOE gehiago izan zitzan eta sozietate publiko batek burutu zezan. Visesak bere Plan Berezian eta Urbanizazio Proiektuan aldaketak egin ondoren, 315.000 eurotan murriztu du proiektuaren prezioa, 2.650.000 eurotan utziz; aurreko proiektuaren aurrekontua 2.965.000 eurotakoa zen.

Etxebizitzen exekuzio proiektua ere idatzi da, eta udala Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako dokumentuak aztertu, gainbegiratu eta onartzeaz arduratu da. “Urbanizazio proiektuari dagokionez, datorren udal kontseiluan onartuko da. Jende aurrean zabaldu den hilabetean ez du inongo alegaziorik izan eta oso pozik gaude jasotako erantzunarekin”, zehaztu du alkateak.

Hurrengoa, salberdin

Udal Gobernuak agintaldi honetarako aurkeztu zuen Etxebizitza Planarekin aurrera jarraitzen du, eta bultzatuko duen babes ofizialeko etxebizitzen hurrengo sustapena Salberdingoa izango da. Urte honetan zehar, eremu horretako "urbanizazio eta birpartzelazio proiektuak onartzea" espero dutela aurreratu du Txurrukak: "Babes ofizialeko 140 etxebizitza eskaintzeko asmoz, datorren 2018 hasiera inguruan lehen faseari ekitea espero dugu”.

Era berean, ondorengoa gaineratu du: “Oso gogor egin dugu lan blokeatuta zeuden bi proiektuak [Aldapeta eta Salberdin] aurrera ateratzeko, eta zarauztarrek etxebizitza duin bat izateko lanean jarraituko dugu. Irmotasunez uste dut instituzioen aldetik gure esku dagoen guztia egin behar dugula eskubide hau bermatzeko. Plan honek behar hauek erantzutera bideratuak daude eta norabide honetan jarraituko dugu lanean”.