Dagoeneko eska daitezke Gazteria nahiz Parekidetasuneko laguntzak

Zarauzko Hitza 2017ko mai. 1a, 10:00

Maiatza bukaerara arte egin daitezke eskaerak.

Zarauzko Gazteria zein Parekidetasun sailek diru-laguntzak eskainiko dituzte 2017an zehar alor horietan egindako lanak babesteko. Gazteria sailetik bi deialdi egin dituzte: batetik, gazte zein irabazi asmorik gabeko elkarteek urteko programazioa, begiraleen prestakuntza, materialak erosi eta ekimen puntualak bidera ditzaten, eta bestetik, gazteen sormena bultzatzeko, besteak beste, diskoak, aldizkariak, emanaldiak, dantzaldiak, antzezlanak eta bideo proiektuak landu ditzaten.

"Zarauzko gazteok pontentzial handia dugu, eta proiektu ugari garatzeko gai gara", nabarmendu du Jon Andoni Urdangarin Urrutia Gazteria zinegotziak. Horiek aurrera ateratzeko, diru-laguntzak "beharrezkoak" direla dio: "Laguntza eza kritikatu ohi dugu gazteok, gure norbanako proiektuak edota taldekakoak aurrera ateratzeko ezintasun hori. Hortaz, hau aukera paregabea da eskuartean edota buruan ditugun ideiak eta proiektuak errealitateko bihurtzeko".

Parekidetasun sailak, bere aldetik, berdintasunaren aldeko edo/eta indarkeria matxistari aurre egiteko proiektuak babestuko ditu. Hain zuzen ere, 15.000 euro bideratuko ditu 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31era bitartean Zarautzen egingo diren jarduerak laguntzeko. Hainbat baldintza bete beharko ditu pertsona nahiz irabazi asmorik gabeko erakunde eskatzaileek: batetik, euren jarduera guztietan hizkuntza eta irudi ez sexistak erabili beharko dituzte, eta bestetik, euren prozesu nahiz funtzionamenduan ezingo dute bereizketa egin sexua, ideologia, jatorri etniko, nazionalitate eta sexu-joerengatik. Horrez gain, landuko jardueran genero ikuspegia txertatu beharko dute.

Eskaerak, hilabete honetan

Dagoeneko egin daitezke eskaerak bi sailetako diru-laguntzak eskuratzeko. Gazteria saileko laguntzak maiatzaren 11a (osteguna) bitartean eska daitezke HAZen (Kale Nagusia, 29). Informazio gehiago eskuratzeko 943-005122 telefonora deitu edota gazteria@zarautz.eus helbidera idatz daiteke.

Parekidetasunari lotutako laguntzak, berriz, maiatzaren 29ra arte eska daitezke. Informazio osoa sail horretan eska daiteke, Zigordia kaleko 33.zenbakiko 1. solairuan; 943005117 telefonora deituta edota berdintasuna@zarautz.eus helbidera idatzia. Parekidetasun sailaren blogean aurki daitezke oinarriak.