Kiroldegiko aretoa ikasgela bihurtuko da astelehenetik aurrera

Zarauzko Hitza 2017ko mai. 6a, 13:00
Ezkerretik, Idoia Etxebarria udal liburutegiko arduraduna eta Nekane Iribar Hezkuntza zinegotzia, kiroldegiko ikasgela berrian.

17 urtetik gorakoek bigarren solairuko areto nagusia erabili ahalko dute uztailaren 7ra arte. 52 bat lagunentzat lekua dago bertan.

Proba moduan jarri dute martxan proiektua. Helburua da kiroldegiko bigarren solairuko aretoa ikasleen esku jartzea, bertan ikas dezaten. Udal liburutegia "sasoi batzuetan txiki" geratzen dela ohartarazi du Nekane Iribar Hezkuntza zinegotziak, bereziki, gradu eta batxilergoko ikasleak azterketetan daudenean. Zehazki, maiatza-ekaina eta urtarrilean. Egun helduen liburutegian 70 plaza inguru daude ikasleek euren lanak egin ditzaten, baina azterketa garaiaren inguruan guztiak betetzen dira.

Hori dela eta, ikasleei eskaintzeko beste leku baten bila hasi eta kiroldegiko areto nagusia aproposa dela ondorioztatu dute udaletik. Mahai eta aulki berriak atondu dituzte bigarren solairuko gelan, eta bertaratzen direnek entxufeak nahiz wifia ere izango dituzte eskura. Era berean, giro musika ere kenduko dute. Astelehenetik aurrera egongo da erabilgarri, uztailaren 7ra bitartean. Ekainaren 26ean zein 27an itxita mantenduko dute, sanpelaioengatik.

Areto horretan 52 bat lagunentzako lekua dago, eta ordutegi zabala izango du: astelehenetik ostiralera 06:15etik 21:30era, etenik gabe; larunbatetan 08:00-13:00 eta 16:00-20:30 artean eta igandeetan, berriz, 09:00-13:00 eta 16:00-20:30 artean. Ohartarazi dute bideokamerekin kontrolatuko dute gunea.

Hainbat baldintza bete beharko da kiroldegiko aretoa erabili ahal izateko: batetik, 17 urtetik gora izan beharko dituzte bertaratzen direnek, eta bestetik, erabiltzaileek liburutegiko txartela erakutsi beharko dute kiroldegiko sarreran. Idoia Etxebarria udal liburutegiko arduradunak nabarmendu du oraindik ere txartela ez dutenek Sanz Eneara jo dezaketela bat eskatzera.

Liburutegiko sotoa, txukunduta

"Nik uste dut eskaintza polita dela, hala gazteek ez dute kanpora joan beharko ikastera", nabarmendu du Iribarrek. Proba moduan jarriko dute abian, eta erantzun ona izanez gero, jarraipena emango diotela aurreratu du Hezkuntza zinegotziak.

Era berean, udal liburutegia ere atondu dute. "Orain arte, modu probisionalean zegoen jarrita gune hori, eta zenbait erabiltzaile kexu ziren, ikasgela hori ez zelako hain egokia", adierazi du Etxebarriak. Hori horrela, txukundu egin dute aretoa. Aurrerantzean, 26 lagun "modu erosoan" ikasi ahalko dute bertan.