Herri galdeketa

4.865 herritarrek hartu dute parte herri galdeketan

Zarauzko Hitza 2017ko mai. 7a, 22:07
Balorazioaren ostean, topa egin dute guztiek.

Zarautzek jaso du boto gehien eskualdean, eta Zarahitzeko arduradunek adierazi dute "harro" daudela jasotako erantzunarekin.

4.865 herritarrek hartu dute parte galdeketan—gaur 3.454 lagunek eta aurretik 1.411k—, herritarren %24,90k, hain zuzen ere. Horietatik 4.705 lagunek baiezko botoa eman dute, eta 115ek, aldiz, ezezkoa. 15 boto zuri jaso dituzte eta beste 30 baliogabe. Hala, eskualdean boto gehien jaso den herria izan da Zarautz.

21:15ak aldera eman dituzte emaitzak Lege Zaharren enparantzan, eta horrekin batera, balorazioa ere bai. Zarahitzeko bozeramaile Araitz Urtiagak eskerrak eman dizkie gaur "erabakitzeko eskubidearen aldeko olatu erraldoian euren tanta gehitu" dutenei. "Zuei esker olatu izugarria osatu dugu, eta jadanik geldiezina den itsasaldiari bultzada ederra eman diogu". Urrutiak gaineratu du "izugarrizko lorpena" izan dela, eta Urtiagak "ezin harroago" daudela lortutako emaitzekin.

Ekitaldiari amaiera emateko topa egin dute bertan bildu diren guztiek, hau da, Zarahitzeko antolatzaileek, Berme Batzordea osatu dutenek, kanpo begiraleek eta udaletxeko plazan bildu direnek. "Topa erabakitzeko eskubidearen alde, demokraziaren alde, sortu dugun olatu erraldoiaren alde, eta aurrerantzean ere batuko zaizkigun guztien alde".