'El lado bueno de las cosas' filmeko irudi bat.

Agifes elkarteak Zinema eta buru osasuna zikloa antolatu du, herritarrak buruko gaixotasunen inguruan sentsibilizatzeko. Lau film emango dituzte, Modelo aretoan  

Buruko osasun arazoak dituzten pertsonekiko enpatia sortu eta haiei babes soziala eskaintzeko helburuarekin, zinema ziklo berezia antolatu du Agifes elkarteak: Zinema eta buru osasuna. Buruko gaixotasuna duten pertsona eta haien senideen Gipuzkoako elkarteak 2015ean antolatu zuen lehenbiziko aldiz ekitaldia, eta, aurten, Eibarren eta Do­nostian eskaini ondoren, Zarautzera helduko da. Maiatzean zehar, asteartero, film bat eskainiko dute Modelon, guztiak bu­ru nahasmenduekin lotuta.

Lehen emanaldia gaurkoa izango da, eta estreinako saiorako Elling aukeratu dute, fobia soziala eta beste nahasmendu batzuk lantzen dituen filma. Ospitale psikiatriko batean bi urte igaro ondoren, bi lagun nola gizarteratzen diren kontatzen du lan horrek.

Bigarrengo saioan, maiatzaren 16an, eskainiko duten filma The Beach Boys taldeko abeslari Brian Wilsonen bizitzan dago oinarrituta. Zehazki, musikariak bizi izan zituen bi sasoitan sakontzen du: batetik, 60ko hamarkadan izandako arrakastan, eta bestetik, drogomendekotasunak eragin zizkion buruko arazoetan.

Maiatzaren 23an eskainiko dute hirugarren filma: El lado bueno de las cosas komedia dramatikoa. Lan horrek bi buru nahasmendu azaltzen ditu: batetik, bipolaritatea, eta bestetik, obsesibo konpultsiboa.

Laugarren eta azken emanaldian, berriz, eskizofrenia izango dute hizpide. Hala, Shine film emango dute maiatzaren 30ean, David Helfgott piano jotzailearen biografian oinarritutako lana. Helfgottek aitaren aldetik tratu txarrak jasan zituen txikitan, eta horren ondorioz, hainbat nerbio krisi izan zituen.

Saio bakoitzaren ondoren, filmen mezuetan sakontze aldera, solasaldiak izango dira. Agifes elkarteko sentsibilizazio batzordeko kideek nahiz hainbat psikologok gidatuko dituzte mahai inguru horiek. 19:00etan hasiko dira emanaldiak, eta sarrera doan izango da.