Adinekoen erorikoak prebenitzeko tailerra, maiatzaren 23 eta 24an

Zarauzko Hitza 2017ko mai. 10a, 13:07
Miren Letamendia Osasuneko zinegotzia, Tere Chico Osasun Zentroko erizaina eta Nacho Garcia Osasun Publikoko Urola Kostako teknikaria, tailerren aurkezpenean.

60 urtetik gorako pertsonei daude zuzenduta. Saioak Etxezabalan izango dira, goizez, 10:30-12:00 bitartean. Izena emateko Osasun Zentroko erizaindegira jo beharko da edota 943-007999 telefonora deitu.

Azterketen arabera, 64 urtetik gorako pertsonen erdiak urtean eroriko bat izango du. Gehienbat, 60 urtetik gorako emakumeak izango dira erorketa izango dutenak, etxe barruan edota etxe inguruan. Eroriko horiek eguneroko jarduerekin egongo dira lotuta: norbere garbiketarekin, etxekoarekin, sukaldatzearekin edota etxe inguruko joan-etorriekin. Istripu horiek eragin fisikoez gain, psikologikoa nahiz sozieokonomikoa ere izan dezakete. Eragin fisikoen artean, hausturak, gaixotasunak, mugikortasun arazoak eta baita kasurik larrienetan, heriotza ere. Datuen arabera, Europa mailan 10 milioi pertsona hiltzen dira urtean erorketaren baten ondorioz.

"Istripuak diren heinean, erorketak ezin dira ekidin, baina bai prebenitu", nabarmendu du Nacho Garcia Osasun Publikoko Urola Kostako teknikariak. Hain zuzen ere, helburu horrekin prebentzio lantegiak egingo dira datozen hilabeetan Gipuzkoako hainbat herritan, tartean, Zarautzen. Lantegi horiek Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaren, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaritzako profesionalek nahiz Osakidetzako Lehen Arretako eta udal esparrukoekin adituek eskainiko dituzte. Zarauzko kasuan, gizarte langile zein Bide Heziketaz arduratzen dire udaltzainek.

Miren Letamendia Osasuneko zinegotziak jakinarazi duenez, maiatzaren 23an eta 24ean izango da tailerra eta adinekoek prebentzio neurriak ikasi zein arrisku egoeretan konponbideak bilatzen jakitea du helburu. Bi alor izango ditu: teorikoa eta praktikoa. "Oso ohikoak diren egoerei nola aurre egin ikasiko dute bertaratzen direnek: eskailerak nola jaitsi eta igo, aulkian nola eseri eta jaiki, nola oheratu eta nola jaiki nahiz eroriz gero, nola jardun", zehaztu du Letamendiak.

60 urtetik gorako pertsonei daude zuzenduta. Saioak Etxezabalan izango dira, goizez, 10:30-12:00 bitartean. Izena emateko Osasun Zentroko erizaindegira jo beharko da edota 943-007999 telefonora deitu. Osasuneko zinegotziak jakinarazi du dagoeneko 50 pertsonek eman dutela izena, eta arrakasta ikusirik, udazkenean beste tailer bat eskaintzea baloratzen ari direla.