Kontseiluak, ELA eta LAB sindikatuek, Urola Kostako Udal Elkarteak zein beste instituzioek eta euskalgintzako eragileek egitasmo bat jarri dute martxan, elkarlanean: Urola Aitzindari proiektu pilotua. Horren helburua da euskara enpresen lan eta komunikazio hizkuntza izatea lortzea. Eskualdeko arlo sozioekonomikoa euskalduntzea, alegia. Abiapuntua 2013ko ekainean jarri zuten, Lan Mundua Euskalduntzeko Konferentzian. Adierazpen bat aurkeztu zuten bertan, eta horren bidez, adierazi zuten edozein hizkuntzaren normalizazio prozesuak bi ardatz dituela: norbanakoen euskalduntzea eta espazioen euskalduntzea. Kontseiluko Iker Salaberriaren hitzetan, espazioen kasuan, arlo sozioekonomikoak «garrantzia berezia» du, «lanean zein zerbitzuak kontsumitzerakoan igarotzen dugun denboragatik».
Hizkuntzaren normalizaziorako, ondorioztatu zuten «estrategikoa» dela arlo hori euskalduntzea, eta «urrats berriak egin eta prozesua azkartzeko», hainbat aktore estrategiko martxan jarri behar direla: langileak, enpresak, kontsumitzaileak eta instituzioak, hain zuzen ere.
Aitzindari eta erreferente
Eskualdea aitzindari izango da esperientzia honetan, hainbat arrazoigatik: eskualdeko euskalduna delako, dituen ezaugarri sozioekonomikoengatik, euskalgintzako eragileen arteko elkarlanarengatik, ELA zein LABek duten gehiengogatik, besteak beste. Kontrara, ordea, Urola Kostako enpresetan euskalduntze prozesu «oso gutxi» ematen dira. «Nahiz eta langileen arteko harremana euskaraz izan, lan prozesuan erdara erabiltzera behartuta gaude, kasu askotan», adierazi du LABeko Edurne Larrañagak.
Horren aurrean, dinamikak langileei euskaraz lan egin eta bizitzeko askatasuna emango die, LABeko ordezkariaren esanetan. Izan ere, hainbat helburu ditu kanpainak, ELAko Leire Txakartegik jakinarazi duenez: enpresaren lan eta komunikazio hizkuntza euskara izateaz gain, langileak euskaraz lan egiteko eskubidearen alde ahalduntzea eta euskararen gaia ekintza sindikalean txertatzea. Horretarako, beharginak eragile aktibo bihurtzea nahi dute.
Enpresen kasuan, Euskaragileak batzordea sortu dute, normalizazio prozesuan eragile izan nahi duten enpresekin. Askotariko sektoretako enpresak aukeratu dituzte proiektu pilotua abian jartzeko: Biele S.A., GKN Zumaia S.A., Sammic S.L, OBE Hettich, Hettich Iberia S.L, KSB Itur S.A, Industrias Auxiliares S.A.U., Panificadora Artadi S.A, Indaux, Azpeitiko zein Azkoitiko zaharren egoitzak eta Astigarraga Kit Line (JJ Producciones).
Era berean, ELAko Leire Txakartegiren arabera, lau gune izendatu dituzte egitasmoa garatzeko: enpresa bakoitzeko adosguneak, diagnostikoa eta plangintza komun bat egiteko; eskualde mailako adosgunea, enpresetako sindikatuetako ordezkariak bilduko dituen gunea; eskualdeko batzarra, langileak eta eragileak batuko dituena eta azkenik, talde motorea, dinamikaren jarraipena eta etengabeko balorazioa egiteko.
Bezero eta instituzioak
Enpresez eta langileez gain, kontsumitzaileak zein instituzioak ere proiektu pilotuko parte izatea nahi dute. Instituzioen aldetik, dinamika honi babesa eman eta neurri zehatzak hartzea nahi dute, sinergia berriak sortu eta eragileek norabide berean lan egin dezaten. Xabier Urdangarin Urola Kostako Udal Elkarteko Euskara teknikariak adierazi du «bistakoa» dela arlo sozio ekonomikoa «atzean» geratu dela euskarari dagokionez, eta lankidetzaren bidez egin behar zaiola horri aurre. «Erpin askotatik tiratu beharko zaio gurdiari, eta datozen hamarkadetako erronka izango da. Horregatik, proiektu hau egokia iruditzen zaigu abiapuntu gisa».
Udal elkarteak Euskaragileak batzordea osatzen duten enpresen esperientzia Urola Kostako beste enpresetara zabaltzen lagunduko du. Horretarako, udazkena aurretik aurkezpenak egiteko asmoa dute. Era berean, bestelako ekimenak abiatzea buruan dutela aurreratu du Urdangarinek, «baina, bakoitzak bere ekimenak izan arren, asmoa litzatekeela elkarlan hori mamitzen joatea, datozen urteetarako erronka horri erantzuteko».
Kontsumitzaileak aktibatu eta saretzen saiatuko da AEK eta baita euskarazko kontsumo komunitatea eraiki zein abiatzen ere. Horretarako, eskualdeko euskal kontsumitzaileen talde bat sortzen ahaleginduko da, Baduzu tresnaren bidez. AEKko Amaia Olazabalek adierazi duenez, horrekin euskaldunak kontzientziatzea eta ahalduntzea bilatuko dute, «jada egiten dugun hori kontzienteki gauzatzeko».
Era berean, herritarrak sentsibilizatzea izango da AEKren lana, «euskara kalitatezko kontsumoaren ikur eta irizpide bilakatzeko». Udazken aldera, berriz, Kontsumitzaileak aktibatuz ekintza abiatuko dutela aurreikusi du, «beti ere, egitasmo honetan parte hartuko duten beste erakunde guztiekin batera».
Hainbat data
Lan egutegi modura, hainbat data ere zehaztu dituzte: maiatza eta ekaina artean enpresaz enpresa adosguneak bilatuko dituzte, diagnostikoa eta lehentasunak definitzen joateko; uztailean, enpresetako ordezkariekin Antzuolako Elay enpresara—euskararen normalizazioa enpresan txertatzen aitzindaria da eta Euskaragileak batzordeko kidea— bisita egingo dute, eta irailetik aurrera, enpresetan plangintzak garatzen joango dira. Era berean, abenduan lehenbiziko balorazioa egin eta aurrera begirako urratsak aurkeztuko dituzte.
Proiektu pilotuaren emaitzak aztertu ondoren, beste eskualdeetara zabaltzeko asmoa dute.