Lagunartean bizikletaz gozatzea helburu

Zarauzko Hitza 2017ko mai. 12a, 10:00
Fanegas Cycling klubeko kideak. (Fanesgascyclingclub)

Fanegas Cycling zikloturista kluba sortu berri du herritar talde batek. Orain arte bakoitza bere kasa ibili da bizikletan. Errepidean, baina, elkar ezagutu dute, eta Fanegas abiatu dute.

Gero eta gehiago dira eguneroko estresetik ihes egiteko bizikleta hartu eta errepidean kilometroak egiten dituzten herritarrak. Batzuk bere kasa errepideak zeharkatzea atsegin dute, baina badira errepidean ezagututako lagunen artean sortzen ari diren taldeak ere. Horrela hasi zen Fanegas Cycling zikloturista kluba Zarautzen. «Bakoitza bere aldetik ibiltzen ginen bizikletan, eta errepidean ezagutu ginen elkar. Esaterako, Jon Urraki igotzen ari ginela ezagutu genuen. Bizikletan bakarrik ibiltzen zela esan zigun, eta gure irteeretan parte hartzera gonbidatu genuen. Hasieran, taldetxo bat ginen; gero, zikloturista talde berri baten albistea ahoz ahoz zabaldu zen herrian». Zarautzen oporrak pasatzen dituzten hainbat lagun ere jarri da harremanetan Fanegas taldearekin, inguruan daudenean elkarrekin irteerak egiteko.

Kirol maila desberdina

Fanegaseko kide gehienak zarauztarrak badira ere, taldeko kide asko aurretik ez ziren elkar ezagutzen, «giro desberdinetan ibili izan gara, eta txirrindularitzarako zaletasunak bildu gaitu». Egun 30-45 urte bitarteko herritarrek osatzen dute zikloturista taldea, baina ateak zabalik dituztela nabarmendu dute. «Ez da talde itxi bat, bizikletan ibiltzea gogoko duten herritarrek parte hartu dezakete». Kirol maila desberdinetako kideak biltzen ditu taldeak. «Batzuek urteak daramatzate bizikletaren gainean, eta haurrak zirenean lasterketetan parte hartu zuten. Beste batzuk, berriz, duela gutxi hasi gara bizikletan, eta astez aste hobetzen ari garela antzematen dugu».

Fanegaseko kideek uste dute lagunartean bizikletan ibiltzeak «motibatu» egiten dituela. «Larunbata iristeko eta taldearekin bizikletan ibiltzera ateratzeko gogo biziz egoten gara».


Lagun taldea oinarrian

Fanegas taldeko kideek asteburuetan egiten dituzte irteerak, eta zikloturista probetan ere parte hartu ohi dute. «Taldean giro ona sortu denez, astean zehar ere ateratzen gara errepidera. Hala ere, guk ez dugu nahi taldea kideontzat konpromisoa izaterik. Hasierako filosofia mantendu nahi dugu, bizikletan ibiltzeko lagun taldea izaten jarraitu nahi dugu». @fanegascyclingclub Istagram kontuaren bidez jarri daitezke herritarrak taldearekin harremanetan.