Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturainek eta Ekonomia Garapenerako zinegotzi Jesus Aranak modu "oso positiboan" baloratu dituzte herriko enpresei eta ekintzaileei iaz emandako diru laguntzak, eta udal elkartea osatzen duten udalerrientzat "eredu" izango dela nabarmendu dute.
Guztira, 150.000 euro bideratu zituen udalak, eta Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatuko zituen izapideak. Laguntzak hiru lerro hauetan banatu zituzten: batetik, enpresa proiektu berriak sustatu, ideia berriak landu eta enpresa sortzeko; bestetik, enplegua sustapena bultzatzeko lanpostuak sortzeko, eta azkenik, inbertsioetarako.
- Inbertsioen atalera 56.350 euro bideratu zituzten. "Kopuru horrekin Zarauzko enpresek 542.511 euroko inbertsioak egin dituzte. Beraz, aipagarria da zer-nolako efektu biderkatzaile izan duen", azpimarratu du Aranak. Inbertsioak era guztietakoak izan dira, eta "ikusten da enpresek badutela aurrera egiteko eta herrian inbertsioak egiteko interesa". Guztira, 32 eskaera onartu zituzten.
- Enpresak sortzen laguntzeko 42 eskaera jaso zituzten, guztiak onartuz, eta horietako "asko eta asko" zerbitzuarekin eta autoenpleguarekin lotutakoak izan ziren. Egungo egoera eta errealitate ekonomikoaren aurren, Aranak argi du ez dela "hain erraza" enpresa handiak sortzea, eta "horrelako laguntzek balio dute ekintzailetasuna eta autoenplegua bultzatzeko, baina baita enpresa zerbitzuek eta enpresa oso txikiek enplegua sortzeko ere". Atal honetara 45.100 euro zuzendu zituzten
Eskaera egin zuten 42 horietatik 26 emakumezkoak izan ziren, eta hori, genero ikuspegitik begiratuta, "garrantzitsua" dela iritzi diote. Adinari dagokionez, 15 eskatzaile 45 urtetik gorakoak izan ziren. Gainera, 31 izan dira autoenplegura zuzendutakoak, hau da, langile bakarreko enpresak sortzera.
Ekonomia Garapenerako zinegotziaren esanetan: "Aurrera begira badugu zer landua eta egina, Zarautz ez dadin bakarrik zerbitzu herri bat izan. Industria ere bultzatu behar dugu herrian. Zarauzko barne produktu gordina orekatzea lortu behar dugu, eta garai batean geneukan industria portzentaje hori berreskuratu egin behar dugu".
- Enplegua sortzeko bideratutako 48.550 eurori esker, 51 lanpostu sortu ziren iaz: horietatik 20 autoenplegu altak izan ziren, eta 31 kontratazioak. Atal honetan ere kontuan hartu dute genero ikuspegia, eta, hala, kontratatutako 31 horietatik 12 izan ziren emakumeak, eta autoenpleguko 20 alta horietatik 13. Adinari erreparatuz, autoenpleguan bost ziren 45 urtetik gorako langileak, eta kontratazioaren kasuan, berriz, 8 langile.
"Buelta asko eman genizkion diru laguntza hauei, kalitatezko lanpostuak sortu nahi genituelako. Ez zitezen izan, nolabait, bizpahiru hilabeteko lanpostuak. Ez da erraza, baina kontratazioen kasuan, 31 horietatik 29 langileren lanaldia %100koa izan da. Hori lortzea garrantzitsua da guretzat", aditzera eman du Aranak. Kontratazioaren iraupenari dagokionez, 14 kontratu 12 hilabetekoak edo gehiagokoak izan dira. "Beraz, egiten ari garen saiakerak poliki-poliki bere emaitzak ematen ari da".
Hiru urtetan milioi bat euro
"Egia da gure eskualdea Gipuzkoako langabezia tasa baxuenetako bat duena dela, une honetan %9aren azpitik baikaude. Eta hori, hein handi batean, enpresen eta egunero euren dendak irekitzen dituzten jendearen esku dago. Baina guk administrazio bezala, ezinbestekoa dugu haiekin bat egin, lan egin eta elkarlana sustatzea, eta hori da UKUEren egitekoetako bat, sektore pribatuaren eta publikoaren arteko elkarlanketa areagotzen joatea", nabarmendu du Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturainek.
Agintaldi honetan enpleguari eta formazioari bultzada bat eman nahi dio UKUEk, eta aurtengo aurrekontuan 282.000 euroko partida bat bideratu dute zehazki arlo horretara. Une honetan oinarriak lantzen ari dira, eta espero dute ekaina-uztaila aldean onartu eta horien berri ematea.
Hiru urte hauetan milioi bat euro bideratzea espero du udal elkarteak, bost udalerriekin –Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalekin– elkarlanean, ekonomia sustatzeko, enplegu duina sortzeko eta langileen partaidetza enpresa arloan bultzatzeko. "Jendea apustu egiteko prest dago, eta guk apustu horiek lagundu egin behar ditugu".