«Idazten hasi nintzen jakin gabe nora nindoan»

Aritz Mutiozabal 2017ko mai. 17a, 09:00
Bertol Arrieta, 'Elurraren formula' liburua eskuan duela (Eli Pociello).

Benetan gertatu zitzaion pasadizo bat ardatz hartuta, bikote harreman baten inguruko istorioa kaleratu du Bertol Arrieta idazle zarauztarrak. Oraingo honetan, idazteko beste modu bat probatu duela onartu du.

Elkar argitaletxearen babesean, Bertol Arrietak (Zarautz, 1975) gazteei zuzendutako eleberri laburra kaleratu berri du. Elurraren formula izenburua jarri dio, eta Jaioneren gurasoen bikote-krisia du kontagai, elurretara egidako txangotik amari elur bola bat eramateko istorioarekin uztartuz.

Benetako gertakari bat izan duzu abiapuntu gazteentzako eleberri hau idazterakoan.
Bigarren alaba jaio berritan, hilabete gutxi zituela, lagun batzuekin Aralarrera joan ginen lagun batzuekin neguan. Bi ama Lekunberrin geratu ziren ume txikiekin. Semeak primeran pasatu zuen elurretan, baina egunaren bukaeran amari elur bola bat eraman nahi ziola esan zuen, haren falta sumatuta edo. Tematu egin zen, eta, azkenean, bola handi bat egin genuen eta amari elur pixka bat iritsi zitzaion. Gertakari hura buruan neukan, zerbait idazteko polita iruditzen baitzitzaidan. Beraz, horri heldu eta idazten hasi nintzen, baina gero bestelako oinarri bat eman nion, elurra urtzeko kontua maitasun harreman batekin parekatuz.

Elurra, nolabait esateko, bikote harreman baten metafora gisa ulertu behar al da? Maitasunaren formula, alegia?
Bai, hala da. Bikote harreman baten metaforatzat hartuta, ikusi nuen bazegoela zer kontatua. Eleberria  bizpahiru  planotan dago kontatuta. Alde batetik, protagonistak Debaraino eraman nahi du elur bola. Bestetik, ume horren gurasoen harremana nola doan pitzatzen pixkanaka-pixkanaka azaltzen dut.

Bi plano horiei hirugarren bat gehitu diezu: gaiaren inguruan ari den aparteko ahots bat.
Orain arte idatzi ditudan ipuinak aurretik pentsatuak izan dira, eta idazten hasi aurretik oso garbi izaten nuen nola hasi, jarraitu eta bukatu. Kritika batzuk egin zizkidaten, bada, hori igarri egiten zela esanez. Orduan, idazteko beste modu bat probatzea erabaki nuen, eta idazten hasi nintzen jakin gabe nora nindoan. Eta maitasunari buruzko kontu horiek ere modu horretan atera dira. Kapitulu bat idazten nuen, eta gero barruak eskatzen zidan hitzaldi bat idaztera, ongi jakin gabe hitzaldi hori nork ematen zuen. Jarraian, hurrengo kapituluak eskatzen zidan elur bolara itzultzea; hurrengoak, berriz, bikote harremanari buruzko pasadizo bat jartzera. Barruak hala eskatuta joan naiz osatzen, eta pixka bat fragmentatuta atera da istorioa.

Molde eta tonu ezberdinetakoa geratu da eleberria, eta inportantea da sortu dudan elipsia. Izan ere, elur bolaren kontakizuna nahiko jarraia da, baina bikotearena ez dakizu noiz ari den gertatzen. Eszena solteak dira, baina guztiak elkartuz gero badago halako ordena bat.


Liburuak badu giro ezkor bat, baina bukaera aldera itxaropen printzak nabari zaizkio, edo behintzat irakurlearen esku uzten duzu etorkizunak zer ekarriko duen.
Ezkortasuna ez da nirea. Narrazioan kontatzen den bikote harremanaren egoera jada txarra da, bukaerako fasean baitago. Nolabait esateko, haien ikuspuntua da ezkorra. Beraiek sentitzen dira itzulerarik gabeko harreman batean, eta maitasunari buruzko beraien pentsakerak nahiko negatiboak dira. Baina ez hori bakarrik: hautsi nahi izan dut maitasun erromantikoaren irudi eder horrekin. Bukaera, gainera, dena itxi gabe utzi nahi izan dut, eta badirudi aurrez pentsatutako zerbait izan dela, baina idazten joan ahala, modu naturalean emandako amaiera izan da. Eta, bai, nik uste dut badaukala esperantzarako ate bat.


Gazteentzako eleberri labur bat da, baina izan zitekeen helduentzako narrazio bat ere.
Bai. Azken finean, non dago mu­ga? 12tik 18ra arteko sailean kaleratu du argitaletxeak, eta niri 16 urtetik aurrerakoentzat dela iruditzen zait. Helduentzako ere izan zitekeen, baina badaude gauza batzuk helduen literaturan sartuko ez nituzkeenak. Agian, ume baten istorioa delako. Halere, ez da erraza zehazten.


Helduen literatura hizpide, bost urte beteko dira Alter ero argitaratu zenuenetik. Ba al duzu proiekturik esku artean?
Baditut idatzita helduentzako  lauzpabost ipuin, eta beste bi bidean, baina liburu baterako gehiago beharko nituzke. Horrez gain, beti dut buruan eleberri luze bat idazteko ideia, eta uste dut noizbait idatziko dudala. Egia esan, hainbat gauza dabilkit buruan, baina oraindik ez dut ezer erabaki. Edonola ere, nik uste dut nire hurrengo proiektua, argitaratzen bada, narrazio bilduma bat izango dela.

Erlazionatuak