Mr. Euskaldun kutsuko omenaldia itzaletik lan egiten duten auzotarrei

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko mai. 18a, 10:00
Mr Euskaldunen diseinua

David Agirrezabalaga arduratu da aurtengo Santa Marina jaietako egitarauko diseinuaz.

Eskubaloiagatik eta kapaxkotarra izateagatik ez ezik, bere alde artistikoagatik ere ezaguna da David Agirrezabalaga: Mr. Euskaldun sortu izanagatik, hain zuzen ere. Hura arduratu da aurtengo Santa Marina jaietako egitarauko diseinuaz.  «Azalean irudikatu nahi izan dut festetako danborrada, eta auzoko pertsonaia batzuk jarri ditut karrozari tiraka». Metafora moduan egin du, eurek egiten duten lana goraipatzeko eta aitortzeko: «Beti karrozari tiraka, atzetik, lan andana egiten dute festa batzordeko lagunek. Horregatik, omenaldi txiki bat egin nahi izan diet». Zehazki, 2013an ateratako karroza irudikatu du, bera atera zenekoa. «Normalean neskak irteten dira karroza gainean, baina gure urtean mistoa izan zen».

Agirrezabalaga hobby bezala hasi zen marrazten. «Finean, euskaraz ilustrazioa ez da gehiegi lantzen. Komiki estetikarekin agian bai, baina estetika honekin ez». Mr. Wonderful proiektuaren antzerako zerbait sortu nahi izan zuen, euskaraz eta «ez hain serioa». «Graziadun zerbait egin nahi nuen, horren parodia moduko bat».

Hasieran euskal kulturako objektuekin hasi zen lanean, dela trikitixa, dela txinga... «Horiek apur bat pertsonifikatu eta marrazkiak egiten hasi nintzen». Ondoren sortu zuen Mr. Euskaldun pertsonaia, eta askotariko ilustrazioak egin ditu ordutik: parranda girokoak, euskal kantetan oinarritutakoak... Marka horren izenpean, webgunea ere sortu du eta askotariko produktuak ere atera ditu ilustrazio horietan oinarrituta. «Jendeak dagoeneko ezagutzen nau, eta oso gustura nago izan duen harrerarekin».