zarauzkohitza.eus

“Berez naiz optimista, eta guztiari alde ona ikusten saiatzen naiz”

Izaskun Urbieta 2017-05-18 10:19   Kirola

Zumaiako kiroldegian egiten du lan Zarauzko bizilagun Aitor Aulestiak. Kirola du ofizio eta afizio. “Nire lana pila bat gustatzen zait”, dio irribartsu. Espainiako Transplantatuen Txapelketan emaitza ezin hobeak lortu ditu, eta gustura da. Are gehiago, urteroko osasun azterketako bat berriki pasa ondoren, osasuntsu dagoelako.

“Berez naiz optimista, eta guztiari alde ona ikusten saiatzen naiz”
Aitor Aulestia Zumaiako igerilekuan (Izaskun Urbieta). | Ikusi handiago | Argazki originala

Guztira sei domina lortu dituzu.
Igeriketan lau lortu ditut, bizikletan bat eta, azkena, paddelean. Urrezkoak bi izan dira, eta biak igeriketan: 50 metro bular igeriketan eta 50 metro bizkar igeriketan, hain zuzen ere. Brontzea 50 metro crawl estiloan lortu nuen, eta, azkenik, errelebotan, taldeka, zilarrezkoa.

Bizikletan erlojuaren kontrako saioan hartu nuen parte, eta bigarren izan nintzen. Azkenik, paddelean jardun nuen, eta hirugarren izan nintzen.

Zer moduzko esperientzia izan da zuretzat?
Oso ona. Guztira, 140 kirolari elkartu ginen. Granadako Errendimendu Handiko Zentroan jaten genuen, lo egin ere bai… Betiko lagunak ikusteko aukera ezin hobeada, gainera. Batzuk falta dira; beste batzuk transplantatutako organoa galdu dutela enteratzen zara… Baina, beno… Egia esan, ez dugu horrelako gauzez hitz egiten.

Bi urtetik behin Munduko Txapelketa jokatzen da, eta aurten Malagan izango da.
XXI. ekitaldia izango da. Kasualitatez ezin dut joan, baina 55 herrialdeetatik 2.000 transplantatu baino gehiago joango dira. Aurrez, Munduko Txapelketa dezentetan parte hartu izan dut: Japonian, Australian, Malaysian, Italian, Ingalaterran… 1997an, adibidez, Sidneyko txapelketan bigarren izan nintzen bizikletarekin.

Bi aldiz zaude transplantatua. Lehenengoa 1987an izan zen.
Egun batean lotara joan eta hurrengo egunean bi giltzurrunak geldirik nituen. Lupusa izan nuen.

Sei urtez egon nintzen dialisia egiten. Anaiak eman zidan giltzurruna, eta berriro jaio nintzen. Bartzelonan egin genuen operazioa. Garai hartan hemen ez ziren oraindik pertsona bizidunen arteko transplanterik egiten.

Bigarren kolpea 2007an jaso zenuen. Anaiaren giltzurrunak nahikoa zela esan zizun.
Hogei urtez nirekin egon ondoren, galdu egin nuen. Nekatzen hasi zen. Berriro hasi nintzen dialisia egiten.

Lehenengo aldi hartan bezala, Bartzelonara joan nintzen eta emazteak giltzurruna emango zidala esan zidan. Arrebak ere probak egin zituen, baina emaztearena egokiagoa zela esan zuten medikuek. Azkenean, 2009an egin zidaten transplantea.

Gaixotasuna modu positiboan hartu duzu beti, ezta?
Hala da, bai. Ni pertsona positiboa naiz, berez. Gauzei alde ona ikusten saiatzen naiz. Eta bide honetan familiakoen animoek eta kirolak lagundu egin didate. Nire egoeran, optimismoak askotan salbatu nau. Buruak lan asko egiten du, eta horri aurre egin behar zaio. Bizitzaz gozatzen jakin behar da.

Transplantatuok bizitza beste ikuspegi batetik begiratzen dugu, eta momentu guztiak aprobetxatzen saiatzen naiz. Nik badakit nire errealitatea zein den: makina bati lotuta egotea edo transplantatua izatea. Baina onartuta daukat. Garrantzitsua da pentsamendu hori izatea.

Emailearen egoera zer moduzkoa da?
Nire anaia, eta baita nire emaztea ere, ongi errekuperatu ziren ebakuntzatik. Hala ere, gogoratzen dut nire anaiaren giltzurruna jaso nuenekoa: ni bigarren egunerako zezen txiki baten moduan jarri nintzen, eta berak, aldiz, beherakada bat izan zuen.

Horretaz gain, alde psikologikoa ere landu behar da. Emailearentzat ez da egoera erraza, eta nire moduan, urtero errebisio bat ere pasa behar izaten dute.

Zer moduzko bizi kalitatea daramazu?
Oso bizi kalitate ona daramat. Kirola ere pertsona arrunt batek bezala egiten dut. Hau da nire mezua, hain zuzen ere: transplantatua izan arren, bizi kalitate ona izan dezakezu.

Gainera, bigarren mezu bat ere esan nahiko nuke. Alegia, oso garrantzitsua dela emaile izatea. Giltzurrunen kasuan, esaterako, bakar batekin bizi diren milaka pertsona daude munduan. Zerbait gertatu daitekeela? Noski, baietz, baina beste edozein istripu ere izan dezakezu. Esan nahi dudana da ez dugula hori pentsatu behar. Egia da askotan familian tokatu arte ez zarela konturatzen, baina garrantzitsua da emaile izatea. Hau azpimarratu nahiko nuke.

Bizitza ohiturak aldatu dituzu?
Ez. Familia, umeak eta kirola dira nire bizitza. Hemendik urte batzuetara ez dakit aukerarik izango dudan kirola orain bezala egiteko. Orduan, nire gorputzaren mantenua asko zaintzen dut. Baina pozik bizi naiz. Nire hiru bilobak nire bizipoza dira. Hain justu ere, beraiei oparitu dizkiet hiru domina.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa