zarauzkohitza.eus

200 parte hartzailetara iristea espero dute Eskolarteko II. Xake Festan

Zarauzko Hitza 2017-05-19 09:00   Kirola

Gaurtik igandera ospatuko dute, eta ekitaldi nagusia biharko txapelketa izango da. ZKEko xake atalak eta Orokieta Herri Eskolak antolatu dute, eta Arnasa elkartea izango dute bidelagun.

200 parte hartzailetara iristea espero dute Eskolarteko II. Xake Festan
II. Xake Festaren aurkezpen ekitaldia, Zarautz Kirol Elkartearen egoitzan (Aritz Mutiozabal). | Ikusi handiago | Argazki originala

«Iaz historia egiten hasi ginen Eskolarteko Xake Festa lehen aldiz antolatuta, eta aurten jarraipena emango diogu. Ziur nago ekitaldi hau erreferente bilakatuko dela eskola kirolaren barruan». Baikortasun osoz aurkeztu du Zarautz Kirol Elkarteko presidente Esteban Collantesek Eskolarteko II. Xake Festa. Asteburuan ospatuko dute, gaurtik hasi eta igandea bitartean, baina egunik nagusiena biharkoa da, txapelketaren eguna.

«Iaz, lehen urtea izateko, parte hartze kopuru handia izan genuen, eta, egia esan, oso pozik geratu ginen izandako emaitzarekin. Aurten, bigarren urtea izanda, kopuru hori areagotzea dugu helburu. Baina ez hori bakarrik, toki ezberdinetako jendea etortzea gustatuko litzaiguke», nabarmendu du ZKEko xake ataleko arduradunetako bat den Ander Zulaikak. Momentuz, izen-emateak martxa onean doaz, eta iazko parte hartze kopurura iritsi dira. Lehenengo urtean 150 bat gaztek hartu zuten parte, eta aurten parte hartze mugara –200 lagunetara– heltzea espero dute antolatzaileek; izena doan eman daiteke xakefestazarautz.com webgunean. «Optimistak gara», dio Zulaikak.

Txapelketa Orokieta Herri Eskolan jokatuko da, 10:00etatik 18:30era, hiru mailetan bereizita: benjaminak, kimuak eta infantil-kadeteak, alegia. Kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuek jasoko dute saria. Egunean zehar, gainera, bestelako ekintzak ere izango dira: hitzaldiak, magia ikuskizuna eta bazkaria.


Xake biziduna

Gutxi gorabehera, iazko programa eta dinamika bera izango du aurtengo ekitaldiak. Hala ere, antolatzaileek jakitera eman dute xake biziduna egingo dutela gaur arratsaldean, berrikuntza modura eta biharko txapelketaren «beroketa» gisa. ZKEko xake ataleko bi lagunek partida bat edo beste jokatuko dute, eta piezen funtzioa ikasleek beteko dute. «Xakea haurrengana gerturatzeaz gain, ekitaldi ikusgarri bat egingo dugu», adierazi du Zulaikak. Musika plazan izango da, 18:00etan hasita.

Igandean, iazko ideiari jarraiki, aldi bereko xake partidak jokatuko dituzte malekoian; Zarauzko Dama parean izango da, 17:00etatik 19:00etara. «Klubeko jendea ariko gara jokatzen, baina edonori irekita egongo da. Paseatzen ari den edonork hartu ahal izango du parte», zehaztu du Zulaikak. «Asmoa da xakea herritarrengana gerturatzea».

Xake Festa aurrera eramateko orduan, aurten ere Orokieta Herri Eskolarekin aritu dira elkarlanean. Orokietako ordezkari Iñaki Ciak xakeak ikasleengan dituen onurak azpimarratzez gain, adierazi du Orokieta «ikas komunitatea» dela: «Bere nortasunean dauka herriko eragileekin elkarlanean aritzea ikasleen eta herriaren onurarako».

Era berean, Arnasa Gipuzkoako Fibrosi Kistikoaren Elkartea gonbidatu dute. Elkarteko kide Fernando Markina eskertuta agertu da, xake egitasmoak gaixotasuna ezagutzera emateko eta herritarrak sentsibilizatzeko bide emango dielako. Larunbateko txapelketan, esaterako, hitzaldia eskainiko dute, 11:00­etan hasita, Orokietan bertan.

2017/05/19

Musika plaza, Orokieta eta Zarauzko Daman Zarautz

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa