zarauzkohitza.eus

Iraunkortasunean hezi eta hazi

Zarauzko Hitza 2017-05-19 09:00   Publierreportajea

Eskolako Agenda 21 heziketa programaren bidez, ikasleek iraunkortasuna bultzateko proposamenak egin ohi dituzte, udaleko erabakietan modu aktiboan parte hartuz.

Iraunkortasunean hezi eta hazi
Hainbat proposamen aurkeztu zituzten ikasleek Eskolako Agenda21eko batzarrean (Hitza). | Ikusi handiago | Argazki originala

Garapen iraunkorreko ingurumen hezkuntza lantzeko programa da Eskolako Agenda 21.  Komunitatearen parte hartzea du oinarri, eta herri bakoitzeko garapen iraunkorra bultzatzea du helburu. Horren bidez, Zarauzko ikastetxe guztietako askotariko mailetako ikasleek herriko nahiz ikastetxeetako ingurumenaren kalitatea aztertzen dute,  eta hori hobetzeko proposamenak egiten dituzte. Modu horretan, Oteitza Lizeoko, Lizardiko, Orokietako, La Salleko, Salbatore Mitxelenako eta Antonianoko gaztetxoek udaleko erabakietan modu aktiboan hartzen dute parte.

Horretarako, ikasturte bakoitzean gai jakin bana lantzen dute ikastetxe guztietan, Araziren laguntzarekin. Ingurumen egoeraren diagnostikoa egiten dute lehenbizi, eta hori hobetzeko proposamenak finkatzen dituzte. Apirilean, ikastetxeen arteko foroa egiten dute. Bertan, zentro bakoitzeko ikasleen ordezkariek euren eskolan egindako diagnostikoa aurkezten dute, eta, denen artean, egoera hobetzeko bildutako proposamenen artean lehentasunak finkatzen dituzte.

Foroan adostutakoak udal arduradunekin partekatzen dituzte gerora, maiatzean egin ohi duten Eskolako Agenda 21eko udalbatzar berezian. Era berean, politikari zein udal teknikariek ikasleen proposamenei lotuta udalak abian dituen edota abian jartzekoak diren ekimenen berri  eman ohi diete.  Hurrengo ikasturtean, otsaila aldera, berriz biltzen dira politikariak eta ikasleak, urtebete lehenago egindako proposamenak zein egoeretan dauden azaltzeko, gaiari jarraipena emate aldera.  


Tokian tokikoa

2002-2003 ikasturtean hasi ziren Eskolako Agenda 21 egitasmoa lantzen Zarautzen, eta ondoren, 2005-2006 inguruan bide bera zabaldu zuten eskualdeko beste herriek. 2005az geroztik Urola Kostako Udal Elkarteak koordinatzen du Eskolako Agenda 21a.
 
Denbora horretan, askotariko gaiak landu izan dituzte herriko ikasleek, guztiak ingurumenaren zaintzarekin lotuta. Aurten, ekitatea eta klima aldaketa izan dituzte ardatz. Gaiak aztertu, proposamenak egin eta ikasleen foroan lehentasunak finkatu ostean, herenegun ikusi ahal izan zen ikasleek ikasturtean zehar jorratutakoaren emaitza, Eskolako Agenda 21eko udalbatzar berezian.

Asko izan dira ikasleek udal ordezkariei aurkeztutako proposamen eta konpromisoak. Horien artean bat, plastikozko poltsak murriztearena. Kutsagarriak izaki, horiek ordezkatzea proposatu zuten, eta horien partez oihalezkoak erabiltzea, orgekin batera. Horri lotuta, hainbat kanpaina bideratu ditu udalak, besteak beste, harategi zein arraindegietan tupper-ak erabiltzeko. Hala ere, udalak proposamen horretan sakontzeko konpromisoa hartu zuen, hala nola, Murkil dendarien elkartearekin elkarlanean.

Bestalde, herriko merkataritza bultzatze aldera, hainbat ekimen proposatu zituzten ikasleek, erosketak herrian egiteko kanpainak martxan jartzea eta horretarako erosotasunak eskaintzea, kasu. Eurek kanpainen informazioa etxekoekin partekatzeko eta herriko dendetan erosteko konpromisoa erakutsi zuten. Udal ordezkariek jakinarazi zieten duela gutxi jarri dela abian Zarautzen buy! ekimena, baita Merkatutik zuretzat zikloa ere; azken hori garaian garaiko eta bertako produktuak ezagutzeko eta horiek nola prestatu daitezkeen ikasteko, Merkatu plaza indartuz.


Garraio publikoa eta LEDak

Mugikortasunari lotuta, Zarautzen garraio publikoak ahalik eta gutxien kutsatzeko autobus elektrikoak erosteko proposatu zuten. Ikasleak garraio publikoa gehiago erabiltzera konprometitu ziren. Ordezkari politikoek jakinarazi zuten udalak dagoeneko badituela auto hibridoak, eta asmoa dela aurrera begira gehiago eskuratzea. Era berean, auto hibridoa duten herritarrei hobariak eskaintzen dizkietela adierazi zuten. Gainera, jakinarazi zuten ekainaren 5etik aurrera autobusaren 3. linea jarriko dutela martxan, herriko beste hainbat guneetara ere heltzeko, auto partikularrak erabiltzeko beharrik egon ez dadin.

Kutsadura are gehiago murrizteko, fluoreszenteak beharrean, LED bonbillak erabiltzeko proposamena ere egin zuten. Fluoreszenteak erre ahala, LED motakoekin ordezkatzeko konpromisoa hartu zuten, era berean. Udal ordezkariek nabarmendu zuten udala bide publikoko argiteria aldatzen ari dela, ohikoak LED motatako bonbilladunekin ordezkatuz. Aditzera eman zutenaren arabera, hainbat gunetan LED argiteria martxan dago, eta etorkizunera begira  zabaltzeko asmoa dute.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa