Menopausiaren inguruko zikloa antolatu dute

Zarauzko Hitza 2017ko mai. 19a, 13:39
Aitziber Estonba sexologoak emango du hitzaldietako bat. (Aritz Mutiozabal)

Bi hitzaldi izango dira, bata hilaren 24ean eta bestea hilaren 31ean, 18:00etan, Antoniano aretoan.

Parekidetasun zein Prebentzio sailek ziklo berezia antolatu dute elkarlanean, maiatzaren 28a Emakumearen Osasunaren Aldeko Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz. "Egun hori emakumeen osasunerako eskubidea aldarrikatzeko eguna da, emakumeok gure bizitzako ziklo guztietan izan behar dugun eskubidea baita, murrizpenik eta bazterkeriarik gabe", adierazi du Miren Letamendia Prebentzioko zinegotziak. Hori hala, bi hitzaldi antolatu dituzte, biak ala biak menopausia oinarri hartuta. "Emakumeok menopausia garaian jasaten ditugun aldaketei aurre egiteko gomendiak landuko dituzte hitzaldi horietan", aurreratu du Gloria Vazquez Parekidetasuneko zinegotziak.

Hilaren 24ean izango da lehenbizikoa, Elikadura menopausian izenburupean. Alazne Agirrezabalaga dietista eta nutrizionista garai horretan emakumeek jasaten dituzten aldaketa fisiko nahiz emozionalak onartu eta  modu osasuntsu batean barneratzeko elikadurak duen garrantziaz ariko da, besteak beste, menopausian ematen diren gorputz aldaketak eta horien eraginak, gorputz aldaketa horien ondorioz egin beharreko elikadura aldaketak nahiz elikagai zehatzen inguruko ebidentzia zientifikoak aztertuz.

Aitziber Estonba sexologo eta Zarauzko Sexu Aholkuritza Guneko arduradunak eskainiko du bigarrengo hitzaldia, hilaren 31ean. Hain zuzen ere, menopausia garaiko sexualitateaz ariko da, besteak beste, aro horretan sexualitatea ez dela amaitzen azalduko du, bizialdiko zailtasun zein aukerak zeintzuk diren adieraziko du eta beste hainbat aholku emango ditu.

Bi hitzaldiak Antoniano aretoan izango dira, 18:00etatik aurrera. Parekidetasun sailaren blogean dago informazio osoa eskuragarri.