400 ikaslek hartu zuten atzo Ekinaz Egunean, hondartzan (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Ekinaren Eguna ospatu zuten atzo 400 bat ikaslek. Hondartzako 1.600 metro inguru arazi zituzten, hondarretan pilatutako mikroplastikoak erretiratzeko

Ekitaldi berezia egin zuten atzo hondartzan, Bioaniztasunaren Nazioarteko Egunean: herriko ikastetxe guztietako DBH eta lanbide heziketako 400 bat ikaslek mikroplastikoak jaso zituzten hondarretatik. Hala, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Ingurugelak abian jarritako Aztertuz programaren barruan, 6. Ekinaren Eguna ospatu zuten. La Salle, Antoniano, Lizardi eta Salbatore Mitxelena eta Monte Albertiako ikasleek, bosteko taldetan banatuta eta ur baldeekin zein iragaziekin lagunduta, hondartzako 1.600 metro inguru araztu zituzten, 08:00etan hasi eta 17:00ak bitartean.

Hondartza garbitzeaz gain, ekitaldiak beste helburu bat ere bazuen: mikroplastikoen eragin negatiboaren inguruan herritarrak sentsibilizatzea, hain zuzen ere. Horretarako, postu bat atondu zuten itsas pasealekuan, Dama parean, zarauztarrei informazioa helarazteko.


Norbere ardura

Bertan izan ziren Iñaki Arriola Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburua, Xabier Txurruka alkatea eta Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzia. Hirurek nabarmendu zuten egitasmoaren garrantzia. Arriolak adierazi zuen «beharrezkoa» dela herritarrak kontzientziatzea: «Ezinbestekoa da herritarrak dituzten ohiturez jabetzea. Izan ere, plastikozko poltsa bat itsasora edota ibaietara botatzen badugu, gerora degradatzen joaten da, hondarrarekin nahasten da eta oso zaila da desagerraraztea. Horrek sekulako kaltea eragin diezaioke itsas aberastasunari». Horregatik, norberak bere alea jarrita, guztion artean ingurunea garbi mantentzen lagun daitekeela nabarmendu zuen.

Txurrukak gogoratu zuen  hondartza Zarauzko «harribitxia» dela, eta horregatik guztien «ardura» dela garbi mantentzea. Adierazi zuen egunero garbitzen dela makinekin, baina gai txikiak gera daitezkeela hondarretan. «Gure esku dago gure altxorra garbi mantentzea».

Bioaniztasunaren ikuspegitik, atzokoa bezalako ekimenak «oso garrantzitsuak» direla gaineratu zuen Vazquezek, «herritarrek kontzientzia hartu eta sentsibilizatzeko» baliagarriak direlako. Horregatik, Ingurumen zinegotziak eskerrak eman zizkion Eusko Jaurlaritzari, «Ekinaren Eguna ospatzeko aurten Zarautz aukeratu izanagatik».