«Osasuna, ekologia eta ekonomia kaltetzen dute»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko mai. 23a, 09:00
Jon Urretxa (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Aztertuz programako arduradun Jon Urretxa

Zer kalte egiten diote mikroplastikoek ingurumenari?
Orain arte jakin bagenekien plastikozko gaiek kalte ekologiko larriak eragiten dituztela, besteak beste, izaki bizidunen heriotza ekartzen dutela. Dortokek, esaterako, poltsak jaten dituzte marmokak direla uste dutelako, eta horren ondorioz, ito egiten dira. Baina are larriagoa da kaltea; izan ere, plastiko horiek eguzkiaren eta olatuen ondorioz txikitzen joaten dira, mikroplastiko bihurtzeraino.

Eta zer gertatzen da horiekin?
Animalia txikiagoak jan egiten dituzte, mikroplanktonak eta izkira txikiek, kasu. Mikroplastikoak horien organismoan geratzen dira, eta kate trofikoa jarraituz, izakiz izaki pasatzen joaten dira toxinak. Hala, gizakien osasunari ere kalte egiten diote mikroplastikoek, kate trofikoaren bukaeran gu gaudelako.
Orain arte bagenekien metal pisutsuek eragin hori zutela geuregan. Merkurioa, beruna... Hegaluzeetan-eta aurkitu daitezke, eta horiek jaterakoan, geure gorputzean buka dezakete. Orain gutxi jakin da gauza bera gerta daitekeela mikroplastikoekin.

Izaki bizidunak kaltetzeaz gain, bestelako kalteak ere eragiten dituzte mikroplastikoek, ezta?
Bai, eragin bisuala nabaria da, eta baita ekonomikoa ere, mikroplasikoak erretiratzeko garbiketak egin behar direlako. Era berean, istripuak eragin ditzakete, itsasontzietako helizeetan nahiz sareetan kateatu daitezkeelako.

Nola bukatzen dute mikroplastiko horiek itsasoan edota ibaietan?
Hainbat bidetatik ailegatzen dira. Gehiengoa, ez ditugulako behar den lekuetan botatzen. Kasu batzuetan nahigabe ere izan ohi da; hondartzan gaudela haizeak hondakinak eraman ditzaketelako, adibidez. Uholdeak daudenean ere gertatzen da, ibaiek herrestan eramaten dutelako inguruan dagoen ia-ia guztia. Gai horiek ere itsasoan amaitzen dute. Horrez gain, hondakin isurketengatik ere izan ohi da. Askotan aurkitu izan ditugu belarriak garbitzeko zotzak hondarretan. Zergatik? Bada, komunetik behera botatzen ditugulako, edukiontzira bota beharrean.