Maiatzaren 29ra arte eska daitezke Parekidetasun saileko laguntzak

Zarauzko Hitza 2017ko mai. 23a, 11:59

15.000 euroko laguntza bideratuko du berdintasunaren aldeko edota indarkeria matxistari aurre egiteko jarduerak laguntzeko.

Parekidetasun sailak berdintasunaren aldeko edota indarkeria matxistari aurre egiteko proiektuak babestuko ditu. Horretarako, 15.000 euroko laguntza bideratuko du urtarrilaren 1etik abenduaren 31era bitartean Zarautzen egingo diren jarduerak laguntzeko. Hainbat baldintza bete beharko ditu pertsona nahiz irabazi asmorik gabeko erakunde eskatzaileek: batetik, euren jarduera guztietan hizkuntza eta irudi ez sexistak erabili beharko dituzte, eta bestetik, euren prozesu nahiz funtzionamenduan ezingo dute bereizketa egin sexua, ideologia, jatorri etniko, nazionalitate eta sexu-joerengatik. Horrez gain, landuko jardueran genero ikuspegia txertatu beharko dute.

Diru laguntza hori eskatzeko azken eguna maiatzaren 29a da. Informazio gehiago, Parekidetasun sailean (Zigordia kalea 33, 1. Solairua) eska daiteke, 943-005117 telefonora deituta edota berdintasuna@zarautz.eus helbidera idatzita.Parekidetasun sailaren blogean ere eskuragarri daude deialdiaren xehetasunak.