«Gauzak etorri diren bezala hartu ditut nire ibilbidean»

Aritz Mutiozabal 2017ko mai. 24a, 09:30
Iosu Lertxundi, eskubaloi jokalaria (Aritz Mutiozabal).

Ia bizitza erdia Zarauzko Eskubaloiko gizonezkoen lehen taldean aritu da jokatzen Iosu Lertxundi, eta «nahikoa gozatu» duela iritzita, eskubaloia uztea erabaki du.

Iosu Lertxundi (Zarautz, 1985) Amenabar Zarautz eskubaloi taldeko kapitainak erretiroa hartu du. Duela hamar bat egun esan zuen agur, ligako azken jardunaldian, Gijon Jovellanosen aurka Aritzbatalden jokatu ondoren. 18 urterekin hasi zen jokatzen lehen taldearekin, eta konturatzerako, 15 denboraldi osatu ditu bertan. «Erraz esaten da, baina azkar pasatutako sentipenarekin nago», nabarmendu du.

Agurrak beti dira gazi-gozoak. Nola bizi zenuen zuk une hura?
Egia esan, ez nuen hainbeste gauza espero. Bukaeran manteo txiki bat taldekideen eskutik eta kitto. Azkenean, bizitza erdia baino gehiago berdina egiten pasatu dut –astean zehar entrenatzen eta asteburutan partidak jokatzen–, eta erretiroa hartzeko erabakia hartzea kostatu egiten da. Aurretik eskubaloia utzi zutenek segurtasun osoz egiteko esaten zidaten, zalantzetan ez ibiltzeko. Behin erabakia hartuta, azken partida bukatu bezain pronto, mikrofonoa pizten hasi ziren eta beldurtzen hasi nintzen. Asier Urbitartek pare bat bertso bota zizkidan, eta ondoren oparien txanda etorri zen: txapela, koadro bat bertsoekin eta argazki batekin, Mr. Euskaldunen marrazki bat... Ez sinesteko moduko omenaldia izan zen, gehiegizkoa.

Amestutako agurra izan al zen?
Argi neukan jokatzen ari nintzen bitartean utzi nahi nuela eskubaloia. Gainera, ezer jokoan ez izanda ere, ahal baldin bazen irabazten bukatu nahi nuen, eta halaxe izan zen. Inguruko jendea, familia, neskalaguna, lagunak, kuadrillakoak eta urte askoan taldekide izandakoak harmailetan izanda, gainera. Ai­tortza hori jasotzea handia da.

Noiz jakiten du jokalari batek bere ordua iritsi dela?
Bi aukera daude: eskubaloiak zu uzten zaitu edo zuk aukeratzen duzu noiz utzi. Nik uste dut zorte handia dela norberak aukeratzea noiz laga. Faktore ezberdinek eragiten dute: ikusi behar duzu sasoiko zauden kategoria indartsu batean jokatzeko, lesioak gero eta sarriagoak diren, eta beste gauza batzuk ere baloratzen hasten zara; esaterako, asteburuetan konpromisorik ez izatea, eta lanetik ateratakoan entrenatzera joatea gero eta nekezagoa egiten zaizun. Beraz, honaino iritsi naiz, eta nahikoa gozatu ondoren, uztea erabaki dut.

Lesioek ere ez dizute aukera handirik eman azkenaldian.
Azken lau urtetan gutxi gorabehera urtero lesio bat izan dut larri samarra, gutxienez bi hilabetez jokatu gabe utzi nauena. Nahiz eta uzteko erabakia argi eduki denboraldi hasieratik, aurten bikietako zuntz haustura batekin ibili naiz, konplikatu egin zitzaidana, eta lau hilabetez jokatu gabe egon naiz. Erabakia hartuta neukan, eta asmatu egin dut. Izan ere, jokatzen jarraitzea zortea gehiegi tentatzea izango litzateke. Lesioak eragina izan du azken erabakian, nahiz eta inportanteena ez izan. Hala ere, jakin behar da gorputzak nahikoa dela esaten duenean onartzen.

Taldeak beste urtebetez helburuak bete ditu eta Zilarrezko Mailari eutsi dio. Etxeko lanak eginda zoaz, beraz?
Hala da, bai. Gainera, urtetik urtera mirari bat balitz bezala ikusten dut maila horretan jarraitzea, gero eta talde prestatuagoak lehiatzen direlako. Horien aurka jokatzea eta irabaztea ez da batere erraza izaten. Hala ere, ez gara horren txarrak, eta partida guztietan sekulako ilusioa jartzeaz aparte, dugun guztia ematen dugu. Ilusioari dagokionez, ez digu inork irabazten. Nik uste dut kategoria oso polita dela, eta beharrezkoa dela kategoria hori mantentzea Zarautz bezalako herri eta klub batentzat.

Maila pertsonalean gustura al zaude egin duzun kirol ibilbidearekin?
Nik zaletasunagatik jokatu dut beti eskubaloian. Urtez urte aurrera jarraitu dut, eta, azkenean, atzera begiratzen duzu eta konturatzen zara ibilbide bat osatu duzula. Baina momentuan ez zara jabetzen zenbat denbora daramazun. Inertzia batean bezala sartzen zara: gustura zabiltza taldean eta baliagarri sentitzen zara. Alde horretatik, oso gustura nago. Halaber, taldetik pasa diren kide ugari ezagutzeko aukera izan dut. Adibidez, Aitor Urbitarte Txangurro entrenatzailearekin batera jokatu nuen nire hasieretan, eta perspektiba batetik begiratuta, urte dezente egin duzula konturatzen zara.

Eta gaur egun zu zeu zara jokalari beteranoena.
18 urte nituela hasi nintzen jokatzen Txangurrorekin, eta orain bera izan da nire entrenatzailea. Nik bera zaharra bezala ikusten nuen garai hartan, eta orain ni nago leku horretan, gazteekin jokatzen. Beheko mailetara begiratuz gero, ohartzen zara jende oso ona datorrela, eta gero eta hobeto egiten dela lan. Horren adibide da gazte jendea selekzioetan dabilela. Niri dagokidanez, niri transmititu zizkidaten balio eta diziplina horiek gazteei transmititzen saiatu naiz.

Erretiroarekin eskubaloia guztiz alboratuko duzu ala klubari lotuta jarraitzeko asmoa duzu?
Oraingoz, behintzat, ez dut inolako asmorik. Urtebetez gutxienez libre antzera ibili nahi dut, asteburuak neskalagunarekin aprobetxatzeko, orain arte ezin egin ahal izan ditudan gauzak egiteko eta astean zehar ere denbora librea izateko. Momentuz, bereizi egingo naiz.

Baina ez duzu baztertzen egunen batean entrenatzaile edo laguntzaile gisa itzultzea, ezta?
Etorkizun batean, batek daki! Niri asko gustatzen zait eskubaloia, eta agian itzuliko naiz. Baina horrek ez du esan nahi lehen taldearekin izan behar duenik. Haurrei erakustea ere lan polita dela iruditzen zait.

Beti Zarautzen jokatu duzu. Zure erabakia izan al da bertan hastea eta bukatzea?
Kanpora ateratzeko eskaintzarik eta halakorik ez dut izan. Aparte, ni urtez urte joan naiz, eskubaloian jokatzea gustuko nuelako. Ez dut inoiz planteatu kategoria batean edo bestean jokatu nahi nuenik. Herriko taldea zegoen mailan jokatzea zen kontua, izan Zilarrezko Mailan izan 1. Nazionalean. Alde horretatik, ez dut helburu jakinik eduki, eta gauzak etorri diren bezala hartu ditut. Niri eskubaloian jokatzea gustatzen zait, eta zer hobeto etxe ondoan jokatzea baino.

Zazpi bat urtez taldeko kapitaina izan zara. Orain, nori pasatu dizkiozu galoiak?
Besoko sinboliko bat dugu, motxilan eramaten duguna, eta aurrekoan, azken partidan, David Agirrezabalagari eman nion. Ez dakit sorbaldako arazoak medio jokatzeko aukerarik izango duen, baina bere kargu utzi dut artaldea bideratzeko ardura.

Ikusten al duzu zure burua harmailetatik taldea animatzen?
Bai. Taldekideei ere gauza hori bera esan nien: taldekide bat galdu duzue, baina jarraitzaile bat gehiago irabazi. Oso gustura eseriko naiz harmailetan, eta hasieran inbidia pixka bat ere pasatuko dut segur aski. Baina prestatzen joateko denboraldiaurre bat izan dut lesionatuta ibili naizen lau hilabetetan. Arraroa egingo zait, baina zalantzarik gabe ikustera joango naiz.