Literaturia 2017

«Taldeko gaztetxoek sortu dute antzezlana»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko mai. 25a, 09:00
Ibai Ferrera, gazteen irakurketa klubeko arduraduna eta Literaturiako kidea.

Ibai Ferrera gazteen irakurketa klubeko arduraduna eta Literaturiako kidea da. Ikasturtea biribiltzeko, gazteek antzezlana egingo dute larunbatean, Jon Braunen tipian. Horrez gain, poesia tailerra gidatuko du Ferrerak, igandean, leku berean.

Iazko urrian hasi zinen gidatzen gazteentzako literatur talde berria, Sanz Enea liburutegian. Zer moduzko esperientzia izan da zuretzat?
Esperientzia oso ona izan da. Urrian hasita, hilabetean behin elkartu naiz 10 bat ikaslerekin. Egia esan, oso ongi erantzun dute: ekintzetan parte hartuz, eurek ere ekarpenak eginez, kritikoak izan behar zutenean kritikoak izanez... Zentzu horretan, oso ongi joan da.
Nire lehenbiziko esperientzia izanik, aitortu beharra daukat agian ez naizela gehiegi arriskatu. Liburu ezagunetara eta idazle ospetsuetara jo dut. Baina, agian adin horretako ikasleen artean ez dute oso ongi funtzionatu. Nahiz eta liburuak adin tarte horretarako zuzenduta egon, egia da 10-12 urte arteko haurrek beste mota bateko literatura eskatzen dutela: errealistagoa, beste istorio mota bat…
Horregatik, hurrengo ikasturtera begira gehiago arriskatuko naiz. Dagoeneko hasi naiz liburu aukeraketa egiten.

Aurrez, lehenbiziko ikasturte hori biribiltzeko, saio berezia egingo duzue Literaturian.
Literaturiako lantaldeak jakin zuenean gaztetxoentzat literatur kluba gidatzen nuela, niregana jo zuten. Antolakuntzan sartu nintzen, eta, aurten, lehenbiziko aldiz haurrentzat gunea atondu nahi zenez, pentsatu nuen aproposa zela taldeko gaztetxoei Literaturian parte hartzeko aukera eskaintzea. Literaturaren munduan murgiltzea erabaki dutenez, halako jaialdian parte hartzeko aukera eskaintzea, alegia.
Ilusioz hartu zuten, eta mila ideiekin erantzun zuten. Eta aukeren artean, antzezlan bat egitea erabaki zuten azkenean. Nik soilik gomendatu nien Literaturiako gaiarekin, ispiluarekin, zerikusia zuen zerbait egiteko. Hortik aurrerakoa eurek egin dute: gidoia, pertsonaiak... Haiena da sorkuntza osoa.

Saioak dinamikoak eta dibertigarriak izatea nahi zenuela esan zenuen irakurketa taldea gidatzen hasi aurretik. Antzezlanak ere bide hori jarraitzen du, ezta?
Gure helburua irakurtzeko zaletasuna bultzatzea izanik, derrigorrez hala izan behar du. Eskolatik kanpo ez badiogu ukitu hori ematen, alferrik ari gara.Gainera, literatura alderdi seriotik landu behar den zerbait bezala hartzen badugu, pixka bat astuna egiten da. Gakoa da dibertigarria egitea, umoretik hartuta eta eurek goza dezaten.

Jon Braunen tipia prestatzen ari zarete ikasleekin batera. Nolakoa izango da?
Imanol Urbietaren lana aitortzea du helburu, eta haurren memorian txertatzea haren figura: erakustea zein zen, bere obra, haur eta gazte literaturari eman ziona, kantagintzari... Hori osatzeko, ikastetxeetara jo genuen eta pankartak banatu genituen, ikasleek islatu zezaten Urbietaren inguruan nahi zutena.
Gerora, pankarta horiekin kioskoa estaliko dugu. Antoniano ikastetxeak, Salbatore Mitxelena ikastolak eta Orokieta herri eskolak hartu dute parte, eta eskerrak eman nahi dizkiet Literaturiako lantaldearen partetik, egin duten lan guztiagatik.

Hor barruan egingo dituzue ekintzak, tartean, antzezlana. Horrez gain, poesia tailerra ere gidatuko duzu.
Artista ezagunek hartuko dute parte tipiko ekintzetan, eta gainontzeko hutsuneak gure lanekin beteko ditugu. Unibertsitatean nengoenean, poesia tailer batean parte hartzeko aukera izan nuen, eta asko gustatu zitzaidan. Proba moduan, irakurketa klubean ere egin genuen tailerra, eta gazteei ere gustatu zitzaien. Hala,  horixe bera plazara eramatea erabaki dugu. Normalean poesia harrotza egiten zaie adin horretako haurrei. Baina umoretik landuta gustatzen zaie. Bereziki, hitzekin jolastea.

Erlazionatuak

Literaturiako egitaraua

Zarauzko Hitza 2017 mai 03 Zarautz