Gizatasunari aitortza klasikoan

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko mai. 25a, 14:04
Ezkerretik, Ixidor LarraƱaga Turismo zinegotzia, Joxe Lizaso ZZEko ordezkaria eta Realeko Imanol Gurrutxaga.

Haimar Zubeldia txirrindularia omenduko dute igandeko Zarautz-Zarautz Klasikoan. 600 lagunek egingo dute  150 kilometroko ibilbidea, Gipuzkoa gurutzatuz.

Igandean izango da zikloturisten urteroko hitzordua: Zarautz-Zarautz klasikoa. Aurtengoan, gainera, berrikuntzekin dator. Batetik, Haimar Zubeldia txirrindulariari omenaldia egingo diote, bere ibilbide profesionalagatik eta baita «meritu pertsonalengatik» ere. Zarauzko bizilaguna 1997an hasi zen profesional mailan lehiatzen  Euskaltel-Euskadi taldearekin, 20 urte inguru zituela. 2009an Astana taldeak fitxatu zuen eta urtebeteren buruan RadioShack-ek—egun Tek Segafredo dena—, Alberto Contador eta Lance Amstrong txirrindulari entzutetsuen taldeak.

15 aldiz hartu du parte Frantziako Tour-ean, eta 5 alditan sailkatu da lehen 10 postuetan. World Tour-eko beteranoena da, ia 20 urtez profesional mailan aritu ondoren. «Pentsatu genuen polita izango zela erretiratu aurretik egitea omenaldia», nabarmendu du Joxe Lizaso Zarauzko Zikloturista Elkarteko ordezkariak.

Horrez gain, giza balioak ere aitortuko dizkiote Zubeldiari. Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak gogoratu duenez, bera izan zen Mobibike Egunaren bultzatzaileetako bat, Markel Irizar taldekidearekin batera. «Zubeldia errespetatua eta maitatua da, gizatasun handia duelako. Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearen alde egindako lana txalogarria da», dio Larrañagak.

Horregatik, herritarrak 14:00ak aldera, zikloturista martxa amaitutakoan, Lege Zaharren plazara bertaratzera gonbidatu ditu, Zubeldiak «merezi duen babesa eta beroa emateko». Hainbat sorpresa izango dira ekitaldian.

Bestalde, Turismo zinegotziak eskerrak eman dizkie orain arte  klasikoan parte hartu dutenei: «30 urtez Pedro Larrañaga aitaren omenez egin da irteera. Urtero-urtero harro sentitzeko modukoa izan da hori».


600 lagun eta 150 kilometro

Beste berritasunetako bat da aurten 600 parte hartzailetan—aurreko urtetan 400 lagunek hartu izan dute parte— jarri dutela muga, «kalitatezko proba izaten jarrai dezan, baina segurtasuna bermatuz». Dagoeneko bete da muga hori, eta besteak beste, Espainiako 12 erkidegotako zikloturistak bilduko ditu irteerak, Madrilgoak, Andaluziakoak eta Gaztela-Mantxakoak, besteak beste. 30-73 urte bitartekoak dira, gehiengoa gizonezkoa. «Emakumeen parte hartzea gora doa; aurten 15ek eman dute izena», zehaztu du Lizasok.

Era berean, aldaketatxoren bat edo beste izango du ibilbideak. Hain zuzen ere, «N-1 errepideko gune arriskutsua» ekidingo dute aurten: «Zikloturistak errepide hori alde batera utzi eta Ordizia zein Beasain gurutzatu beharrean, Lazkaomendira joko dute». Ondorioz, bidea «apur bat gogorragoa» izango dela ohartarazi du Lizasok, baina «egin, egin daitekeela». Gainontzean, aurreko urtetako bera izango da ibilbidea. 08:00etatik kiroldegi paretik hasita, 150 kilometro  dituzte, besteak beste, Altzo, Larraitz, Lazkaomendi, Olaberria, Mandubia eta Etumeta igoz. ZZEko ordezkariak gogoratu du ez dela lasterketa bat eta norberak bere erritmora egin dezakeela bidea. Nahi dutenek bilbide motzagoa egiteko aukera izango dute.

Halaber, Zarauzko Udala, Reale eta Gesalaga babesleei, Etxeondo gehitu zaie aurten. Etxe horretako maillot bat zozkatuko dute martxoaren 31a baino lehen kirolprobak.com atariaren bidez izena eman zutenen artean.