5. Mefsst! jaialdia antolatu dute larunbaterako

Zarauzko Hitza 2017ko mai. 25a, 18:12

Putzuzulo gaztetxean izango da Musika Errebolta Feminista, eta aurten zuzeneko emanaldiei emango diete garrantzia.

Bosgarren urtez, Mefsst! Musika Errebolta Feminista jaialdia antolatu dute, eta ekainaren 3an izango da Putzuzulo Amets Fabrikan. "Punk eta hardcore kontzertuetan emakumeek duten presentzia eskasak elkartu gintuen, eta ordutik musikaren arloa feminismotik begiratzen saiatu gara", nabarmendu dute antolatzaileek.
Urtero, gainera, "gehienbat emakume, bollera eta transez osatutako taldeekin" antolatu ohi dute jaialdia.

Horrez gain, hainbat gai landu ohi dituzte tailerretan, mahai inguruetan eta film emanaldietan. Horien bidez, "beste herrialde batzuetako nahiz Euskal Herriko erreferenteak eta antzeko proiektuak ezagutu ditugu, hainbat arlotan emakumeok ahalduntzeko bideak sortzen saiatu gara –musika tresnen erabilera, soinu teknikari lana, fanzineak eta DJ lana–, eta musikaren arloko sexu eta genero bereizkeriaren inguruan eztabaidatu dugu".
 
Mefsst! "musika oholtza baino gehiago" dela iritzi diote. Horrenbestez, ez dira soilik zentratu oholtza gaineko emakumeen presentzian, eta beste espazio eta arlo batzuetan gertatzen denaz ere hausnartu nahi dutela azaldu dute. "Esaterako, publikoan, teknikaren arloan, kontzertuen antolaketan; baita ikusezinak diren lanei balioa emanez ere, hala nola, taldeentzako janaren prestaketa, garbiketa eta taldeen harrera eta zaintza".

Aurten, musika jaialdiari garrantzia ematea erabaki dute, eta sei talderen kontzertuak –Grutal, Oki Moki, Serpiente, Cecilia Payne, Hexen eta Holy Wilders–, bi DJen emanaldiak – DJ Kortaypega eta San Son Dyeah– eta VJ Dodoma bideo jartzailearen emanaldia prestatu dute. Kontzertuak 19:00etan hasiko dira.