"Ondo sentitzen naiz dantzan ari naizenean"

Zarauzko Hitza 2017ko mai. 25a, 18:20
Telmo Esnal zinema zuzendaria, Javi Agirre argazki-zuzendariarekin Leitzan, 'Dantza' filmerako grabaketa-tokiak ikuskatze(Gari Otamendi - Dantzan)

Dantzan.eus atariak Telmo Esnal zinemagile zarauztarra elkarrizketatu du, Dantza izeneko bere proiektu berriaren harira.

Bere bi pasioak uztartzen ari da Telmo Esnal (Zarautz, 1966), 2017an grabatzen ari den Dantza filmarekin. Ezaguna da zinema-zuzendari gisa egindako ibilbidea, Aupa Etxebeste! (Asier Altunarekin batera) edota Urte berri on, Amona! bezalako filmeak zuzendu baititu, besteak beste. Hain ezaguna ez dena da Esnal dantzaria izan zela, zineman erabat murgildu aurretik. 

Urte luzez zinema munduan erabat sartuta egonagatik, aspaldiko nahia zuen dantza gai zentraltzat zuen filma egitea. Lau urtetik gora daramatza Dantza proiektuarekin, eta 2017an zehar ari da grabatzen eszenak. Talde eta herri askotako dantzariak ari dira parte-hartzen, Argia taldeko kudeatzailek koordinatuta: Donostia, Iruñea, Eibar, Elgoibar, Deba, Añorga, Beasain, Zarautz, Portugalete, Gasteiz, Andoain, Baigorri, Astigarraga, Mallabia, Usurbil, etab. Guztira 8 eta 82 urte arteko 250 dantzarik parte hartuko dute filmean.

Dagoeneko Arantzazun, Beltxiten (Aragoi), eta Zerainen grabatu dituzte irudiak, eta egunotan Leitzan ari dira zenbait eszena grabatzen. Hango lanak bukatuta, hiru laurdenak grabatuta egongo dira. 2018rako dago aurreikusita estreinaldia.

Aspalditik zenuen dantza eta zinema proiektu berean uztartzeko gogoa. Azkenean aurkitu duzu bidea. Nolakoa izaten ari da prozesua?
Beti izan nuen bai. Aspaldi, laburmetraia bat egin nahi nuen, eta ez zen posible izan. Uste dut, munduko beste edozein dantzak bezala, euskal dantzek badutela ahalmen narratiboa, baina ez zaiola hari horri tira egiten, eta horregatik askotan izaten dela oso errepikakorrak diren ustea.

Urte berri on, Amona! egiten ari ginenean, Koldobika Jauregik proposatu zidan dantzarekin zerbait egitea. Hasierako ideia ikuskizuna zen, baina berehala erabaki nuen filme bat izan behar zela.

Garbi genuen, dantzaren inguruko zerbait egitekotan, Juan Antonio Urbeltzekin egin behar genuela. Hasierako elkarrizketetatik, Urbeltzekin dantzen sinbologiak ezagutzen hasita, ikusi nuen bazegoela film bateko istorioa eraikitzeko materiala.

Madrilen urte asko pasata, Juan Antonioren azken hogei urtetako ikuskizunak eta pieza koreografikoak ikusi gabe nengoen (Pas de Basque, Axeri Boda, etab.). Hasieran genuen ideia goitik behera aldatu zuen horrek. Izan ere, lehen gidoia nik ezagutzen nuenarekin osatuta zegoen, eta Urbeltzek ikaragarri aberastu du proiektua.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Dantzan.eus