«Polifazetikoa eta autodidakta zen»

Zarauzko hitza 2017ko mai. 26a, 09:00
Xabier Laskibar 'Tximas'.

Joan den irailaren amaieran zendu zen Xabier Laskibar ‘Tximas’, hamar urtez esklerosi anitzaren aurka borroka egin ondoren. Musikari lotuta pasatu zuen bere bizia, hainbat talderekin elkarlanean.

Gaixotasun luze baten ondorioz, irailaren 27­an hil zen Xabier Laskibar Tximas musikaria, 50 urte zituela. Esklerosi anitza topatu zioten duela hamar urte inguru, eta bi urte ge­hiagoz musika jotzen jarraitu bazuen ere, «laster eskuak huts egiten hasi zitzaizkion, eta baketak eskuetatik erortzen», gogora dakar anaiak. Hortik aurrera, grabazioren bat edo beste egin zituen, eta «gero, jada, gaixotasuna degeneratzen joan zen eta oso azkar, gainera. Tratamenduek ez zioten eraginik egiten, eta orduan beherakada gogorra izan zuen».

Amaia Laskibar arrebak hartu zuen haren osasuna aurrera eramateko ardura, eta egin duen lana «ikaragarria» izan dela azpimarratu du, eta «benetan eskertuta gaude». Izan ere, «egoera etxean bizi arte ez da jakiten noraino iristen diren gaixotasun hauek». Izaera handiko pertsona zen Tximas, eta bere buruarekin oso zorrotza: «Bere burua ezinduta ikustea oso gogorra izan zen berarentzat». Anaiak uste du agur esatea zintzilik geratu zitzaion zerbait izan zela. «Azken urtetan bere burua horretarako prestatzen ari zen, baina uste dut ez ziola denborarik eman».


Musika bidaide

80ko hamarkada bukaeran Kiowak taldean hasi zen bateria jotzen, Iñaki Brakamonte eta Fermin Iraola lagun zituela. Taldeak disko kolektibo batean hartu zuen parte, Julio Kageta, SS-77 eta Pottoka taldeekin. Oihuka argitaletxeak kaleratu zuen 1990­ean, eta Kiowaken Bizitza aurrera doa eta Dirua jainko abestiak jaso zituen. Horrez gain, Mikel Laboaren omenezko Txerokee diskoan hartu zuten parte urte horretan, Baga, biga, higa abestiaren moldaketa eginez.

90eko hamarkada bukaeran, Arakajun taldea sortu zuen Tximasek, Brakamonte eta beste musikari batzuekin batera. Gaztelupeko Hotsak zigiluaren eskutik, bi disko eman zituzten argitara: Arakajun (1998) eta Festa (2001). Horrez gain, hainbat taldetan jo eta beste batzurekin kolaboratu zuen; Bluestock eta Pariak Bai taldeekin, esaterako.

«Oso polifazetikoa zen eta autodidakta», nabarmendu du haren anaiak. «Garai batean surfa egiten hasi zen eta hemen materiala oso garestia zenez, bere kabuz hasi zen taulak egiten». Musika tresnak egiten eta sortzen ere iaioa zen; adibidez, berak sortutako kontrabaldea –balde batekin eginiko kontrabaxua– erabili izan zuten Arakajun taldean. «Aparte, bere lehen bateria ere berak egin zuen, eta jaialdian erabiliko duten bateria ere berak egina da», jakinarazi du.

Musikaren alor guztiak jo zituen: instrumentuak egin, grabaketak, abestiak sortu... «Lana egiten zuen bizitzeko, baina hura bukatzen zuenean, musika zen bere bizitza. Ongi pasatzeko egin zuen musika».

Erlazionatuak