Berdintasun ordenantza "aurrerakoi eta feminista" onartu dute

Zarauzko Hitza 2017ko mai. 26a, 14:22
Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotzia

Aho batez eman zioten lehenbiziko onespena ordenantzari, atzoko udalbatzarrean. Berdintasunaren bidean, udaleko sail guztietan zein herritarrengan eragingo duela nabarmendu du Parekidetasun zinegotzi Gloria Vazquezek.

Talde politiko guztiek babestu dute emakumeen eta gizonezkoen berdintasunerako udal ordenantza. Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak adierazi du "oso garrantzitsua" dela ordenantza, "jaio delako udalean geratzeko, denboran zehar aurrera jarraitzeko eta berdintasun bidea jorratzeko". Elhuyar enpresarekin landu dute udal ordenantza, eta "lanketa inportantea" izan da: "Parekidetasuneko arduradun naizen aldetik, oso pozgarria da niretzat, hasieratik nire helburuetako bat izan delako halako ordenantza bat garatzea".

Haren arabera, ordenantzan finkatzen dira udaleko sail guztiek berdintasun politikan jarraitu beharreko irizpideak. "Sail guztietan izango du eragina eta baita herritarrengan ere", zehaztu du. Ordenantza "aurrerakoia eta feminista" da: "Berdintasunaren kultura bultzatzea da ordenantza honen helburua eta oinarritzat dauka herriko errealitatean aldaketak egiteko borondate politikoa. Era berean, jarduera molde berdintzaileak bultzatu eta arautzeko sortu da, hala administrazio mailan, nola gizarte mailan". Halaber, justizia soziala, gizartearen jasangarritasuna eta zarauztar guztien bizi kalitatearen hobekuntza sustatuko ditu, Vazquezek jakinarazi duenez. 

Enpresa munduan ere aldaketak bultzatzeko bidea irekitzen duela dio, udalak egiten dituen kontratuen bidez. Gai hori "oso garrantzitsua" dela adierazi du, eta zentzu horretan, indarra eman nahi izan diotela 36. artikuluari: "Bertan jaso da kontratuaren esleipendunak nahitaez bermatu beharko duela emakume eta gizonezkoen berdintasuna, arreta jarririk soldaten bereizkerian". Hala, klausula horren bidez, udala enpresak kontratatzean diskriminazio sexistak ekiditen ari da. "Hau funtsezkoa da berdintasuna bultzatzeko eta emakumeen eskubideak errespetatuarazteko. Finean, legea betearazteko".

21 kapitulu

Guztira, 21 kapitulu ditu ordenantzak: lehenbizikoak gai orokorrak eta xedeak aztertzen ditu; 2. kapitulutik 14.era tokiko erakundeen lanean genero ikuspegia txertatzeko bideratutako egitura eta neurriak xedatzen dira; 15.etik 21.era hedabideetan, gizarte zerbitzuetan, hezkuntzan, jarduera ekonomikoan, osasungintzan, kulturan, kirolean eta ingurumenean berdintasuna txertatzeko neurriak jaso dituzte eta azkenengoan, 21.ean, emakumeen kontrako indarkeria aztertzen da.

Jakinarazi du hainbat eragilek hartu dutela parte ordenantza osatzerakoan: talde sustatzaileko udal ordezkarieek, udaleko sail guztietako langileek zein berdintasun kontseiluko kideek. Hori dela eta, guztiei eskerrak eman dizkie.

Agintaldiaren erdian ordenantza bukatuta egotea "pozgarria" da Vazquezentzat, "aurrerantzean pausoak eman eta martxan jartzeko denbora badagoelako". Orain jendaurrean egongo da ordenantza, ekarpenak jasotze aldera. Aldaketarik egon ezean, aldizkari ofizialean publikatuko dute eta indarrean jarriko da.