TAO sistema indarrean herri guztian, ostegunetik aurrera

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko mai. 30a, 16:58
Dagoeneko atondu dituzte TAOko makinak (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Urtero legez, udako denboraldia hastearekin batera jarriko dute TAO sistema abian herri guztian.

Ostegunetik aurrera, Araututako Gune Normaletan (urdinak) eta Errotazio Handiko Zonaldeetan (zuri-urdinak) aparkatzeagatik ordaindu egin beharko da astelehenetik igandera, 09:00etatik 20:00etara. Egoiliarren Guneetan (zuriak) ez da aldaketarik izango, horiek urte osoan baitaude martxan. Bereizgarria dutenek aparkatu dezakete gune horietan. Era berean, euren gunetik kanpo, beste Egoiliarren Guneetan autoa ordubetez doan uzteko aukera izango dute. Txartelik ez dutenek Egoiliarren Gunean aparkatuz gero, isuna jasoko dute.

Gune horiez gain, udaldirako beste hainbat zonalde egokitu dituzte.  Eguzki-Izar eta Kortazar TAO biguneko guneak izango dira. Astelehenetik igandera 09:00etatik 20:00etara egongo dira martxan horiek ere. Autoa sei orduz Kortazarren eta Eguzki-Izarren utziz gero, 2,5 euro ordaindu beharko da, eta egun osoz aparkatzeko, berriz, 5 euro.

Maite Garrastazu Mugikortasun zinegotziak gogoratu du irailaren 30era arte egongo dela martxan udaldiko TAO sistema. Urriaren 1etik aurrera, Alde Zaharrean eta Salbiden (1. gunea) zein Egoiliarren Guneetan izan ezik, autoa aparkatzeagatik ez da ordaindu beharko.

Bestalde, zirkulazio zerga Zarautzen ordaintzen dutenek 15 minutuz Errotazio Altuko Guneetan zein Gune Normaletan doan aparkatu ahal izango dute. Era berean, zerga udalerrian ordaintzen dutenek 13:00etatik 16:30era doan aparkatu ahalko dute  Gune Normaletan. Betiere txartela atera beharko dute bi kasuetan.