Alkatetzara heldu aurretik esan zenuen asmoa zela gobernu eraginkorra osatzea, Zarauzko behar nagusiei erantzun eta proiektu estrategikoak garatzeko.
Bai, eta duela bi urte esan genituenak indarrean jarraitzen dute, hasieratik ikusten genuelako Zarautzek bazuela bultzada horren beharra. Gobernu eraginkor bat osatzeko asmoarekin aurkeztu ginen hauteskundeetara, hau da, erabakiak hartzeko gaitasuna izan eta horiek martxan jartzeko kapaza izango zen gobernua osatzeko.
Horretan murgildu ginen buru-belarri eta hor daude egin ditugunak. Guri ez dagokigu balorazio zuzena egitea, baina herritar asko eta asko gerturatu zaizkigu gauzak egiten ari garela esatera. Hori entzutea benetan eskertzekoa da, udalera iritsi orduko lanean aritu garelako. Izan ere, lehen bi urte hauek funtsezkoak izan dira, oinarri sendoak jarri eta datozen bi urteetan emaitzak ikusteko.
Halaber, esan zenuen etxebizitza alorrean Zarautzek «estutu» bat behar zuela. Estutu hori eman al diozue?
Udalera heldu ginenean, etxebizitza plana zehaztu genuen. Bertan jaso genuen agintaldi honetan gutxienez 250 etxebizitza sustatuko zirela, eta horietatik 190 babestuak. Orain arte bistakoa den bakarra da Aldapetako etxe tasatuak zozkatu direla. Baina, atzetik lan asko egin da: proiektuak garatu behar izan ditugu, oraindik urbanizazio proiektua onartzeko daukagu...
Mamia gauzatu da: 30 interesdunek jakin dute etxeetako bat tokatu zaiela. Aukera izan dute prezio duin batean etxe tasatu bat jabetzan lortzeko. Prezio duinean esaten dudanean, erreferentzia batzuk eman nahiko nituzke. Tristea da horrela esatea, baina Zarautz da bigarren eskuko etxebizitzen metro koadroa garestien duen estatuko herria. Zozkatu diren etxebizitza hauek batez besteko prezio horren erdian salduko dira. Garestiak izan daitezke poltsiko batzuetarako, eta horregatik aukerak zabaldu nahi ditugu. Hala, Aldapeta bukatzean, babes ofizialeko 20 etxe emango ditugu alokairuan. Salberdinen ere sustatuko ditugu babes ofizialekoak, merkeago. Hori da gure hurrengo erronka.
Finkatu ditugu oinarriak, etadatorren urtean ikusiko dugu Aldapetako obra hasten. Salberdinen helburu bera dugu: 2018an zozketa burutu eta 140 etxeak eraikitzen hastea, alegia.
Zein puntutan dago Salberdin?
Bigarren aldiz, Salberdingo Kontzertazio Batzordeak hasierako onespena eman dio birpartzelazio proiektuari, eta jendaurrean dago orain. Era berean, udalean aukeztu da urbanizazio proiektua, eta Salberdingo eraikinak eraisteko baimenak ere eskatuta daude. Horregatik, datozen hilabeteetan aldaketa nabarmenak ikusiko ditugu Salberdinen. Obsesio bat daukat: agindutakoa betetzen saiatzea. Lortuko dugu ala ez, baina neurri hori hartu nahi dugu, pentsatzen dugulako herritarrei zor diegula.
Errotaberri ere «geldirik» zegoela esan zenuen. Puntu horretan ere eman dituzue hainbat pauso, ezta?
Bai, URA agentziarekin harremanetan jarri ginen urbanizazio proiektuarekin arazo batzuk zeudelako: erreka desbideratu behar zen, uholdegarritasun arazoak zeuden... Hala, hitzarmen bat sinatu genuen abenduan. Udalak Iñurritza erreka berreskuratzeko konpromisoa hartu zuen eta jaurlaritzak Olaa erreka desbideratzekoa. Aldundiak, bere aldetik, Frantsezkua zubitik Errotaberrirako lotura egingo duela iragarri du.
Iparraldean urbanizazio proiektuaren hasiera gauzatu da, eta uda baino lehen jarraituko dute lanekin. 2018an ikusiko dugu obra bere osotasunean.
Beraz, obraz beteta dator datorren urtea. Batzuk hasita daude dagoeneko: Santa Klarakoa azpibidekoa, kasu.
Duela gutxi zundaketa geotekniko batzuk egin dira, eta emaitza positiboa izan da. Era berean, desbideratze batzuk gauzatzen ari dira. Aldaketa batzuk egin dira proiektuan: hasieran aurreikusi zen Lagunak erretegia eta Herrikobarra izkinako etxetxoaren azpitik joango zela egitura, baina orain Geltoki parketik ari dira egiten desbideratze guztiak. Hodi bat pasatu dute trenbide azpitik, azpiegiturak sartzeko. 2018ko abuzturako amaitzea aurreikusten genuen, baina data aurreratu nahiko genuke, bi uda beharrean, batetara mugatzeko.
Bestalde,bertako dendari eta ostalariekin bildu ginen, kezkatuta zeudelako obrak euren negozioei eragingo zielako. Kalteren bat izanez gero, agiri bat bideratu dugu Ogasunaren aurrean justifikatu ahal izateko, desgrabatzeko garaian azal dezaten halako obra batengatik izan dela.
Azpibidearekin lotuta, beste obra bat ere egin nahi dugu: Herrikobarra eta San Frantzisko kaleak oinezkoentzat jartzea, Zigordia kalearekin bat eginez. Hori guztia 2018ko neguan egin nahiko genuke, udako amaituta egon dadin. Datorren ikasturtea, beraz, betea izango da.
Parke estalia amaituta dago jada. Horrekin batera, iragarri zenuten Azken Portu Goiko igogailua egingo zenutela.
Mugikortasun arloan, Itxasmendiko biribilguneaz gain, auzo garaietara iristeko igogailuak eraikitzea jaso genuen geure programan. Alde batetik, Aldapetako proiektuaren barruan egingo dugu Vista Alegreko igogailua, Visesaren eskutik. Bestetik, Azken Portu Goikoa egiteko laguntza eskatu diogu jaurlaritzari. Urria-azaroan hasiko ditugu obrak, 2018an bukatzeko. Udalera iritsi aurretik bizilagunei agindu genien egingo genuela eta zorretan geunden.
Kirolari lotuta, Astin ere egin dituzue urratsak.
Udalera heldu aurretik batzarrak egin genituen kirol elkarteekin eta kirolariekin, haien eskaerak jasotzeko. Lehenik eta behin, errepidea asfaltatu genuen, beharrezkoa zelako segurtasuna bermatzeko. Gero, errugbiko aldagela berritzeko proiektua aztertu genuen, azpiegitura hori 80ko hamarkadan eraiki zelako. Ikusi genuen proiektuak ez zituela beharrak asetzen eta zabaltzea erabaki genuen. Aldundiak 1,2 milioiko laguntza eman digu transformazio zentroa nahiz eraikin berria egiteko. Aurrerantzean, Astiko erabiltzaile guztiek aterako diote etekina aldagela berriari, transformadoreak ahalmena emango dio eraikin berriari eta aukera eskainiko du egokitzapen gehiago egiteko. Orain aukera dugu etorkizuneko Asti nolakoa izango den pentsatzen joateko, inongo mugarik gabe.
Errugbiko harmailak ere estaltzekoak zarete. Horrez gain, zein egokitzapen aurreikusi dituzue Astin?
Harmailen proiektua idatzita eta esleipen proposamena eginda daude. Ekainean hasi eta udan zehar estaliko ditugu harmailak, denboraldi berria hasterako prest egon dadin.
Belar artifizialeko zelaiaren etorkizuna ere pentsatzen joan beharko dugu, beste zelai bat egin behar den, atletismokoen beharrak aztertu... Asmoa da plangintza bat egitea, etorkizuneko Astik zer izan beharko lukeen lantzeko. Badaude hobekuntzak egiteko, eta gure konpromisoa da urtero inbertsioak egiten joatea.
Zer aurreratu dezakezu Lizardiko pista estaltzeari buruz?
Hori da beste eskaera garrantzitsu bat eskubaloiko zein saskibaloiko beharrei erantzuteko. Oinarrizko proiektua aldundiko mahai gainean dago, diru laguntza eskatuta dagoelako. Laguntza nahikoa iristen bada, gure asmoa da proiektua 2018an hastea eta 2019an bukatzea. Berri onak entzun ditut, baina oraindik ezin dira baieztatu.
Kultura arloan, zein asmo dituzue epe motzera begira?
Kultura ekipamenduen arloan, gauza txikiak baino garrantzitsuak egin dira, kiroldegian ikasgela atontzea, kasu. Eta udazkenean Modelo aretoa berrituko dugu goitik behera: egungo 200 eserlekuri beste 35 bat gehituko dizkiegu; goiko solairua irekiko dugu, inor ez dadin kalean geratu; berogailua zein instalazio elektriko berria jarriko dugu; oholtza berrituko dugu; komunak ere irisgarriak izango dira... Barrutik erabateko eraldaketa izango du aretoak, beraz. Asmoa da 2018ko urtarrila-otsailerako areto berria zabaltzea.
Zenbait gorabehera ere izan dira bi urteotan. Astiko aisialdi guneari dagokionez, esaterako.
Aisialdi gunea lantzeko emakida egin zen aurreko agintaldian. Gu ez geunden ados hori nola egin zen. Aztertu eta gabeziak ikusi genituen: eraikigarritasuna ez zegoela justifikatuta, plan berezi baten beharra zegoela... Presaka egin ziren gauzak aurreko agintaldian, eta orain daukagu daukaguna: emakida bat eginda, baldintza batzuetan. Baldintzok ere zalantzan daude, esleipendunek diotelako akordio batzuetara heldu zirela orduko Udal Gobernuarekin, eta horiek ukatu egiten dutelako.
Gu saiatu gara esleipendunekin akordioetara heltzen, eraikigarritasuna mugatu eta proiektua berregiteko. Akordioetara heldu gara hitzez behin baino gehiagotan, baina hainbat bazkide direnez, ez dugu lortu idatzizkoa. Gaia auzitegian dago gaur egun, esleipendunek plan bereziari helegitea jarri diotelako. Gu prest gaude guztia argitzeko, baina auzipean dagoenez, ezin da ezer asko esan. Soilik, pena handiz, beste urtebetez aisigunea geldirik egongo dela.
Surfcamp-aren proiektuak ere eman du zeresana.
Enpresa pribatu batek proiektua aurkeztu zuen udalean aurreko agintaldian. Gerora, sustatzaileek galdetu ziguten ea aukera bazegoen agintaldi honetan berriro ere tramitazioa bideratzeko, aurreko agintaldian atea faltsuan itxi ote zen esanez. Izan ere, aldunditik sustatzaileei eskatu zitzaien plan berezia idazteko. Hori idatzi eta aurkeztutakoan ez zutela onartuko adierazi zieten. Orduan, zertarako eskatu plan berezia idazteko?
Horregatik, galdetu ziguten ea agintaldi honetan aukera izango al zuten proiektua bideratzeko. Aztertu genuen eta txosten sektorial guztiak eskatuko genituela esan genien. Gure aldetik eragozpenik ez zen ikusi, txosten teknikoek kontrakorik ez zutelako esaten. Arloz arloko txostenak bideratu genituen, eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu Batzordeak ebatzi zuen proiektuak ez zituela betetzen baldintzak. Ebazpena onartu dugu eta bertan behera geratu da proiektua, gardentasun osoz.
Amezti etxearen inguruan ere egon da gorabeherarik.
Eta erantzuna beti bera izan da: eraikin hori Zarauzko mugetatik kanpo dago, Aian. Pentsatzen dut Aiako Udalaren baimenarekin eraiki dela eraikitakoa. Beraz, hortik aurrera Aiako Udalak eta beste erakunde batzuk eman beharko dituzte argibide gehiago. Gaia epaitegietan dago, eta besterik ez dakit.
Kiroldegiko langileen greba ere izan da. Akordioetara heldu eta zerbitzua emango duen enpresa esleitzekotan zarete orain.
Bai, bi enpresa aurkeztu ziren lehiaketa publikora. Bien proposamenak baloratu dira, eta esleipen proposamen bat mahai gainean dago. Agintaldi honetan hartutako erabaki garrantzitsuetako bat da Kontratazio Mahai Iraunkorra eratzearena. Kontratazioak, esleipen hau kasu, mahai horretara eramaten dira eta teknikarien balorazioak azaltzen dira, politikariei informazio osoa emanez, gardentasun osoz. Udal Gobernuak hala jokatu du kiroldegiko auzian ere.
Oposizioak esaten zuen pleguek ez zutela langileen duintasuna bermatzen, eta lehiaketa bertan behera uzteko eskatu zuen. Guk pleguak eta lehiaketaren deialdia mantendu egin ditugu, eta langileak akordio batetara heldu dira enpresarekin. Bidaia honetan jasandakoak eta esandakoak pasatu dira. Nik ez ditut ahaztu, baina prozesua gardentasun osoz eraman da hasieratik bukaeraraino. Guztia nahasten ibili denak jakingo du zergatik eta zertarako nahasi nahi izan duen prozesu guztia.
Mahai gainean dagoen proposamena kontratazio mahaian ebatziko da orain. Epearen barruan, ekainean sinatuko du enpresak kiroldegiko zerbitzua kudeatzeko kontratu berria.
Harremanei dagokionez, nola baloratzen duzu PSE-EErekin gobernua osatu izana?
Oso positiboa izan da, egonkortasuna eman diolako gobernuari. Akordio programatikoa dela argi utzi behar da, EAJk nahiz PSE-EEk bere ideia politikoak dituelako. Hainbat gaietan ezberdin pentsatzen dugu, oso ezberdin gainera, baina akordio batera heldu ginen programaren inguruan: lau urteetan Zarautzen egin nahi genuena programa akordio batean zehaztu genuen, eta, ondoren, Agintaldiko Planean. Koordinazio eguneratua dugu: bakoitza bere sailetako ardurekin, programa betetze aldera harreman naturalak ditugu, beste alderdi politikoekin ditugun bezala.
Ika-mikak ere izan dituzue beste alderdiekin...
Bai, hasieratik izan dira, baina perspektibarekin ikusi behar dira gauzak. Oposizioak zilegi du proiektu batzuk babestea ala kontra egitea. Ika-mikak ika-mika, egunerokotasunean harremana naturala da: aztertzen ditugu gaiak, ez dago inongo inposiziorik, bakoitzak nahi duena esaten du eta gehiengoz ateratzen dira gaiak aurrera.
Agintaldiko Plana iaz aurkeztu zenuten. Hainbat ekintza martxan daude, eta beste batzuk aterako dira. Zerekin itxi nahiko zenuke agintaldia?
Kezka bat dut, eta da ametsak kontatzen baditut ez ote diren gauzatuko. Ametsak badauzkat, eta agintaldia ez da proiektu bakarrarekin bukatuko, proiektu zaparrada batekin baizik.
Motzean erantzuteko
Nola aldatu da zure bizitza alkate zarenetik? Alkate zarenetik, publikotasun izaera hartzen duzu eta pribatutasuna galdu egiten da. Hori izan daiteke alkate izatearen alde okerrena: familiarekin kaletik zoazean norbait, bere asmo onenarekin, etortzea zerbait esatera. Ni saiatzen naiz kaletik noanean edonor entzuten, baina horrek eragina du dudan denbora libre gutxi horretan. Baina anekdotak dira.
Zerk eman dizu burukomin gehien? Burukomin handiena eman dit Garagardo Azokaren irekierako afariaren biharamunak [barreak].
Eta poz handiena? Nik poz handiena hartzen dut, poz txiki asko batuta. Eta poz txiki horiek izaten dira herritarrak kaletik etorri eta esaten didatenean ‘egin duzue’. Egin dugu, ez obra handiengatik, baizik eta kontu txikiengatik, espaloia konpondu edota bankuak aldatzeagatik, esaterako. Poz txiki horiek dira betetzen gaituztena eta egunero lanera ilusioz joateko indarra ematen digutena.
Ezustekoren bat?
Nabarmendu nahiko nuke udal teknikarien jarduna. Egunerokoan aurrekontua kudeatu egin behar da , eta ez bagenitu ditugun profesionalak izango, ezingo genituzke proiektuok aurrera eraman.