Herritarren iritzia jasoko dute turismoko plan estrategiko berria zehazteko

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 2a, 14:51
Turismo zinegotzi Ixidor larraƱaga, Turismo bulegoko bi kideekin batera (Aritz Mutiozabal).

Gura Markert In enpresa ari da lanketa egiten, eta herriko eragileekin, Turismo bulegoko kideekin eta udal ordezkariekin biltzen ari da. Era berean, parte hartze prozesua jarri dute abian, zarauztarrek beraien ikuspuntua eman dezaten.

Turismoko plan estrategiko berria lantzeari ekin dio Udal Gobernuak, herrian zer motatako turismoa sustatu eta erakarri nahi den zehazteko. "Zarautzen baliabide ugari dugu, dela hondartza eta mendia dela herrigunea, eta, azkenean, horrekin guztiarekin eskaintza bat sortu nahi dugu", nabarmendu du Turismo zinegotzi Ixidor Larrañagak.

Gura Markert In enpresarekin ari dira hori guztia lantzen, "batez ere, jakiteko nondik nora goazen eta bide bat markatzeko". Aipatu enpresako ordezkariak herriko hainbat talde nahiz eragileekin –Murkil dendarien elkartearekin eta Zurekin ostalarien elkartearekin, besteak beste–, Turismo bulegoko kideekin eta udal taldeekin elkartzen hasiak dira. Azkenean, ehundik gora lagunekin bilduko dira, bakoitzaren ikusuntua jasotzeko asmoz.

Horrez gain, parte hartze prozesu bat zabalduko dute, eta herritarrek ere beraien iritzia emateko aukera izango dute. Lanketa egiten ari den enpresa Turismo bulegoan izango da, eta herritar orok galdetegi bati erantzun ahal izango diote. Hiru egunez izango dira; ekainaren 5ean, 12an eta 19an, 15:30etik 19:00ak arte. Era berean, Zarauzko Udalaren webgunean eskuragarri dago galdetegia, eta berau sarean bete daiteke. Erantzunak modu anonimoan jasoko dituztela nabarmendu dute.

"Turismo ikur bereizgarria"

"Gaur egun dagoena nola baloratzen duten ikusi nahi dugu, eta jakin zer nahi duten", aditzera eman du Larrañagak. Horrekin lotuta, inguruko herriek turismo eskaintza bereizgarri bat badutela gogora ekarri du, Zumaiako flysch eta Getariako jatetxeen parrillak aipatuz. Zinegotziaren arabera, helburua litzateke "Zarautzek bereizgarri duen zerbait topatzea, luzera begirako turismo ikur bihurtzeko".

Bileren eta galdeketan prozesua hil honetan egingo dute, eta plan estrategikoa hiru hilabetetan egina egotea espero dute. "Argi utzi behar da ez dela udako bakarrik, baizik eta urte askotarako".