Joxe Angel Iribar omendu dute Zarautzen Gipuzkoako Athletic zaleek

Zarauzko hitza 2017ko eka. 4a, 18:56

Gipuzkoako hamasei Athletic zale talde Zarautzen bildu dira gaur, Gipuzkoa Zuri-Gorri jaia ospatzeko.

Gipuzkoa Zuri-Gorri Gipuzkoako Athletic zaleen topagunea egin dute gaur, Zarauzko Zinema frontoian, eta 200 lagun inguru bildu dira hitzorduan. Egun osoko jaia izan da, eta Gipuzkoa Zuri-Gorri Saria eman diote Joxe Angel Iribar atezain ohiari. Horrez gain, Athletic taldean jokatutako zarauztarrei aitortza ere egin diete: Iñaki Txurrukari, Estanis Argoteri, Maite Lizasori eta Salvador Etxabe Txorten-i; azken honek ezin izan du jaian izan baina bere familiako kide batek hartu du origarria haren partez. Omenaldia jaso duten jokalari eta jokalari ohi guztiak hunkituta eta oso eskertuta agertu dira.

Bestalde, aurten Zarauzko Athleticeko zaletu taldeak hogeitabost urte bete ditu, eta taldea sortu zuten lagunei omenaldia egin diete Gipuzkoa Zuri-Gorri jaian.