Bilborako deia egin du Gure Esku Dagok

Urola Kostako Hitza 2017ko eka. 6a, 12:45
Zarauzko galdera ikurra (Aritz Mutiozabal).

Erabakitzeko prest mobilizazio nazionala egingo dute Bilbon larunbatean. Autobusak jarri dituzte eskualdean, parte hartzera joateko.

Larunbatean ekitaldi nazionala egingo du Gure Esku Dagok Bilbon, eta Urola Kostako hainbat herritan autobusak jarri dituzte hara joateko.

“Euskaldunok erabakitzeko prest gaudela” irudikatzeko, galdera ikur erraldoi bat osatuta mosaikoa egingo dute larunbatean Bilboko erdigunean, Euskadi eta Eliptika plazen artean. Milaka lagun elkartu nahi dituzte Erabakitzeko prest mobilizazioan eta, horregatik, Euskal Herri osoan Gure Esku Dagoren bueltako taldeek eta dinamikek Bilboko ekitaldian parte hartzera deitu dute joan den asteburuan, Prest egunak antolatuta.

Eskualdean, Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian egin zituzten ekitaldiak. Zapatuan Bilbon osatu nahi duten galdera ikur erraldoiaren erreplika txikiagoak egin zituzten hiru herriotan.

Konpromiso txartelak

Larunbatean Bilboko ekitaldian parte hartu nahi duten Urola Kostako herritarrek autobusak izango dituzte joan-etorria egiteko; Azkoititik, Azpeititik, Oriotik, Zarauztik eta Zumaiatik abiatuko dira autobusak. Autobus horietarako izena ematerakoan, bi euroren trukean konpromiso txartelak ere erosi ahal izango dituzte herritarrek.

Azkoitian, Zurt, Latz, Etxe-Aitz, Zakela, Ttakun, Koxka eta Dean tabernetan eman daiteke autobuserako izena. Azpeitian, Berdie, Sanagustin eta Orkatz tabernetan eman behar da izena, ostirala bitartean; zapatuan, berriz, 15:30ean izango da autobusa, anbulatorioaren aurrean. Bestalde, azken egunetan udal erakusketa aretoan ikusgai izan den Erabakiaren erakusketa Sanagustinpean jarriko dute egunotan.

Orion, Gabon, Kolon Txiki eta Errusta dira autobuserako izena emateko tokiak. Zarautzen, Arrano, Eguzki zein Txiki Polit tabernetan eta batzokian eman daiteke izena. Zumaian, Inpernupen, batzokian eta Ilargi tabernan eman behar da izena, osteguna bitartean; larunbatean, 15:30ean aterako da autobusa Patxita Etxezarretako  geltokitik.